En 2017 se creó el grupo de trabajo feminista en el seno del Foro Social Permanente, con el objetivo de incidir desde el feminismo en la contrucción de la paz.
Hausnarketa hau bizikidetzaren inguruan azken aldian zabaltzen ari diren diskurtso sozial nagusiek guregan sorturiko kezketatik abiatzen da, eta Foro Sozial Iraunkorrak martxan jarri duen prozesuan antolatu diren mahai-inguruen eta argitaratu diren artikuluen edukien harira borobiltzea erabaki dugu. Edozein kasutan, zerbait amaitua aurkeztea baino gure helburua da hainbat ideia eta galdera zuekin konpartitzea eta eztabaida elikatzea.
Lehenik eta behin nabarmendu nahi dugu zalantza asko ditugula eta bizikidetzaz gogoeta egitea, orokorrean, ariketa zaila dela iruditzen zaigula. Hori ere argi gelditu da, gure ustez, antolatu diren jardueretan, non parte-hartzaileek gai asko eta dispertsoak ukitu dituzten, ideia interesgarriak botatzen baina gaia gehiegi zentratu gabe. Presoen edo espetxearen inguruan gogoeta egitea, esate baterako, zaila ere izan daiteke beste arrazoi batzuengatik, baina errazagoa da gaiaren “markoak” argiago baitaude. Bizikidetzaren kasuan, ez.
Halere, bizikidetza zer den ondo ez dakigun arren, argi dugu bizikidetza zer ez den. Gaur egun, normalean, bizikidetzaz hitz egiten denean, ETAren desagerpena onartzea eta barkamena eskatzea bezala planteatzen da, eta hori ez da inondik inora demokratikoa. Era berean, esan dezakegu bizikidetza, kontzeptu gisa, desitxuratuz joan dela, hustuz joan dela, sistemak berak bereganatu eta "pazifikazio" kontzeptuarekin identifikatuta gelditu baita. Beraz, maila batean, kontzeptua “tranpa” bezala irudikatzen dugu. Egia da horri aurre egite aldera, bizikidetzari “demokratiko” abizena jarri ohi diogula. Baina ba al dago bizikidetzarik demokraziarik gabe? Abizenen behar horrek ere erakusten ditu, gure ustez, kontzeptuaren arazoak. Adibide bat Kataluniaren kasua litzateke. Proces-ak bizikidetza apurtu duela esaten dute. Nola da posible esatea eskubide batzuen defentsan abiatzen den prozesuak bizikidetza apurtzen duela? Beste era batera esanda, zoru ezberdinak dituen marko bat lortu arte ezin dugu ez bizikidetzaz ezta demokraziaz ere hitz egin.
Hortaz, guk zaila ikusten dugu bizikidetzaz hitz egitea gatazkaz hitz egin gabe. Hobeto esanda, gatazkez hitz egin gabe, gure gizartea zeharkatzen duten gatazka anitzak baitira (generoa, klasea, jatorria, arrazializazioa, adina, sexualitatea, egoera ekonomikoa, hezkuntza-maila...). Posible al da bizikidetzaz hitz egitea gatazkez hitz egin gabe? Posible al da bizikidetzaz hitz egitea erreparazioaz hitz egin gabe, errelatoen inguruko eztabaida sakona eman gabe?
Era berean, bizikidetzaz asko hitz egiten bada ere, bizikidetzaren kontra doazen jarrerak ugaritu egin dira. Batetik, eta hau guretzat funtsezkoa da, momentu honetan isilarazte dinamikak oso finkatuta daude, gai askotaz ezin baita hitz egin. Ez dago baldintzarik guk guztiok gertaturikoaz, biziturikoaz, horretarako arrazoiez, eta abar luze batez aukera berdintasunean hitz egiteko. Ezin dugu, adibidez, ETAren historiaz hitz egin (akademiko batzuk ikerketak egiten hasi badira ere, denbora-tarte ezberdinak bereiziz, etab.). Euskal Herriko prozesua Irlandako kasuarekin konparatzen dugu sarri, baina alderaketa hori ez da beti aproposa, han gertatu den bake prozesua oso ezberdina izan baita. Irlandan kultura politiko anitzagoak egon dira, EAJren espazioa betetzen zuen alderdirik ez zegoen status quo horren alde... Asko errepikatzen dugu elkar entzutearen beharra eta errespetuz hitz egitearen egokitasuna, baina, gure ustez, hortik haratago beste paradigma bat sortu behar da bene-benetan guztiok eta gai guztien inguruan hitz egin ahal izateko aukera-berdintasuna bermatzeko.
Hau da, bizikidetza demokratikoa lantzeko, kultura politiko berri bat ereitea nahitaezkoa da. Zentzu horretan, oso interesgarria iruditu zitzaigun Iñaki Sotoren artikulua (“Mendia no es torturadora, ni Iriarte es de ETA”, Gara 2021-01-27). Gatazkak sortutako blokeak gainditzea ezinbesteko baldintza da.
Gainera, bizikidetza oztopatzen duten praktiken artean badaude gai edo aspektu gehiago, Ongi-etorrien inguruan bultzaturiko mozioak, esate baterako. Eta oro har, eztabaida-kultura zaildu egin zaigu sare sozialen bidezko elkarrizketekin, non argudioak baino irainak nagusitzen dira askotan. Mugimendu feministan, azken denboran, gertatzen ari dena kasu.
Bestalde uste dugu bizikidetza demokratikoa lantzea prozesu bezala ulertu behar dugula. Bizikidetza ez da zerbait estatikoa, egun batean lortuko omen duguna. Prozesu bat da, gorabeherak izango dituen prozesua, egunez egun erasotua izango dena, egunez egun elikatu beharko dugun prozesua. Gainera, bizikidetza eta gatazkak batera doaz eta joango dira. Eta gatazkak konpontzeaz ari garenean, botere-harreman ezberdin eratzeaz ari gara, era orekatuenaz, demokratikoenaz antolatzeaz, baina botere harremanak ez dira desagertuko eta jakin beharko dugu zer egin horiekin.
Prozesua dela esaten dugunean esan nahi dugu ere bizikidetza demokratikoa lantzeko era eta ertz ezberdinak daudela. Geuk justizia feministaz eta justizia komunitarioaz hitz egiten dugunean, bizikidetzaz hitz egiten ari gara. Justizia feministaren arloan argi dugu mina jasan duena kontutan hartu behar dela, baina pertsona horrek ezin duela prozesua erabat baldintzatu. Horrekin loturik, gatazkak psikologizatzea eta indibidualizatzeak baditu arrisku ugari, eta, azken denboran, biktimen arteko topaketen bidez, esaterako, ekarpen garrantzitsuak lortu badira ere, askotan, esperientzia emozioen arloan kokatuta gelditu da soil soilik, joera hori nabarmendu da batez ere; horren ondorioz, dimentsio politiko eta ideologikoa lausotu egin da, edo ukatu.
Eta hau guztia aintzat hartuz, eta betiere proposamen modua, bururatu zaigu “bizikidetza” hitzaren ordez termino alternatiboak eta adierazkorragoak asmatu beharko genituzkeela, beste une batean “pazifikazio” edo “bakezaletasun” terminoekin egin genuen bezala, non garaiotan “bakea eraiki” edo “bakegintza” terminoak lehenesten ditugun. Hau da, bizikidetzaren arloan ere, konnotazio ezkor guztietatik libreago dauden termino berriak topatzea interesgarria dela uste dugu, hain justu, lehenago aipatutako “hustutze”, “neutralizatze” joerari aurre egiteko estrategia gisa, “elkarrekin bizitze hutsetik” haratago doazen terminoak bilatuz, eta elkarren arteko errespetutik bai baina herria osatzeko proposamen ezberdinak eta maila beren kontuan hartzen eta islatzen duen/duten terminoa/k plazaratuz. Eta modu behin-behineko eta adibide gisa, “herrikidetza” kontzeptua proposatzea otu zaigu, guk guztiok herri baten benetako kide izateko nahitaezkotzat ditugun aukera eta eskubide berak islatuz, baina dimentsio kolektiboa ahaztu gabe.
Amaitzeko, eta bizikidetzaren aurkako erasoak ikusita, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ez dauden baldintzak salatzeari begira, galdera bat proposatzen dugu: zein izan behar du hemendik aurrera Foroaren egitekoak?
Gure ustez, orain arte egindakoa ondo baloratu eta birpentsatu beharko litzateke eta mezu erreakzionarioak eta berdintasunaren kontrakoak neutralizatu eta desaktibatu beharko lirateke, aurrez identifikaturiko “tranpan” erori gabe. Eta horretan, konbentzituta gaude, Foroaren papera funtsezkoa izan daitekeela.
En 2017 se creó el grupo de trabajo feminista en el seno del Foro Social Permanente, con el objetivo de incidir desde el feminismo en la contrucción de la paz.
Web: justiziafeminista.eus