Elkarbizitza demokratikoa demokrazian bizitzeko

“Indarkeria zikloaren” oinarrietan arakatuz bilatu behar ditugu bizikidetza demokratikorik ezaren arrazoiak; ezin da aurrera begiratu eta etorkizunerako proiektuetarako bermerik eskaini iraganeko gabeziak konpondu edo konpontzeko konpromisorik gabe. Eskubide indibidual eta kolektiboen ukapenetik sortzen den zikloa ezin da gainditu ukapen horiek jarraitzen badute, ukapen horiek enoratuz.

Demokrazia osatuz elkarbizitza egin, modu demokratikoan bizi, arau demokratikoen baitan, demokraziaren arauen onurekin... Ulertu eta sinetsi behar genuke elkarbizitza demokratikoaren arauak denontzat mesedegarri izateko ezartzen direla gizartean. “Ezartzea” adierak salatzen du, hala ere, gizakien artean bizi arren elkarbizitza baketsu eta demokratikoa ez datorrela berez emana, elkarbizitza arautu egin behar dugula baketsua eta bortxarik gabea eta demokratikoa izango bada. Eta horrek adierazten du, bestalde, aurretiazko hutsuneak eta gabeziak daudela, gizakiok sozialak garen heinean, eta sozializazio horretan bizi beharrak eta nahiak, espazioen -eta, beraz, eskubideen- talka bat eragiten duela.

Bakean bizitzea edozein gizarteren helburu gorena da dudarik gabe; edonork amesten duen gizartea da gizarte baketsua, bakeak, bere zentzu sakonean zoriona ere esan nahi duelako, edo gizarte baketsua gizarte zoriontsu bezala ulertzen dugulako printzipioz. Eta gizarte baketsua, zoriontsua bada, eskubide urraketarik gabeko gizartea izan behar da. Baina historiak erakusten digu bakean bizitzeko “bakea ezarri” egiten dela gizarte gehienetan. Eta “ezartze” horrek, zoritxarrez askotan baketik urrundu egiten ditu gizabanakoak, kolektiboak eta herriak. Eta, baketik urruntzen gaituen heinean, bizikidetza demokratikotik ere urruntzen gaitu, jakina. Beraz, alde horretatik historiaren kontrako ariketa eta ahalegina da beti, eta gaur egun ere bai, aurrera begira herri honetan nahi genukeen bizikidetza demokratiko eta baketsua eraikitzea. Historiaren kontrako ariketa da, ez dugulako nahi historian izan dena izatea aurrerantzean, zerbait hobeagoa nahi dugulako, zerbait demokratikoagoa, denok zoriontsuago eta askeago sentitzeko eta izateko aukera emango digun gizartea nahi dugulako aurrerantzean, etorkizunean.

Hamarkada bat igaro da ia ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik. Bere jarduera armatuak kaltetuak eragin zituen, eta ETAren jardueraren aurka aritu zen jarduerak ere, Estatuen jarduerak, eragin zituen kaltetuak. Bi jarduera horien gatazkak pertsona konkretuengan eragin dituen kalteak eta ondorioak baloratzen ditugu, eta horientzat konponbidea egin nahian gabiltza. Behar beharrezkoa dutelako.

ETAren jarduera armatua oztopo izan da batzuentzat bizikidetza demokratikorantz edozein pausu emateko. Erakundearen armagabetzearekin eta desagerpenarekin erortzen dira alde horien aitzakiak eta trabak, eta lehen adostasunak lortu dira urteotan. Zentzu horretan, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko orubea ezarri dela esan liteke. Orube horretan, gatazkaren ondorioak konpontzeari begira ipini dira zenbait adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial. Horrela, adostasun horietan ebazten da gatazkaren ondorioz kaltetuak izan diren guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela; preso, iheslari eta deportatuen egoerari konponbide integrala eman behar ziola; memoria kritiko inklusiboa bultzatu behar dela kontakizun guztiak errespetatuz.

Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko orube horretan ezarri den bigarren zutabeak, etorkizunari begira ezartzen denak, gertatutakoa berriro ez gertatzea bermatu behar du.

Horretarako, jakina, ebatzi eta argitu egin behar da zer den gertatu dena, zer den errepikatzerik nahi ez duguna. Eta gertatutako horretan bakoitzak izan duen arduraren aitortza egitea da aurrera begiratzeko abiapuntua; “indarkeria zikloa” deitzen zaion horretan gertatu denaren aitortza egitea alegia, hasteko. Aitortza edo erreibindikapen hori gabe ezinezkoa da, ez litzateke sinesgarria ere, gertatu dena ez errepikatzeko bermea ematea. Lanketa hori, aitortza hori, ETAk egin zuen, Ezker Abertzaleak egin zuen, EPPK-k egin zuen eta presoek pertsonalki ere egin dute eta egiten ari dira.

Aitortza hori egin nahi ez duenak, berez ihes egiten dio zinezko bizikidetza demokratikoari. “Indarkeria zikloa” deiturikoan izandako ardurak ezkutatu nahi direnean, edo abstrakzio orokor eta zehaztugabe moduan hartzen direnean ardura horiek, sakoneko arazo politikoa ezkutatu nahi da, ETAren zikloa hasi baino lehenagotik datorrena existitu ez balitz bezala, ETAren zikloa hasi zenetik gaur artean soilik ETAren indarkeria egon izan balitz bezala.

Egia da “indarkeria zikloak” utzi dituen kaltetuak direla gaur lehentasun, eta ondorio horiek konpondu behar direla ahalik bizkorren. Ondorio horiek konpondu gabe jarraitzeak, kalte deliberatua egiten jarraitzea suposatzen du nolabait -presoen urrunketa eta sakabanaketa, gaixo larriak...-. Kalte deliberatua egiten jarraitzea da torturapean ateratako informazioetan oinarrituz zigortutako pertsonak preso mantentzea, beren familia eta herritik urrun mantentzea. Kalte deliberatua egiten jarraitzea da batzuei torturapean ateratako informazioetan oinarritutako akusazioengatik iheslariak eta deportatuak etxera itzuli ezinik egotea. Aipagai den “indarkeria zikloak” iraun zuen denboran Estatuek talde paramilitarrak eta parapolizialak erabiliz gerra zikina egin zutela eta Poliziak eta Guardia Zibilak torturatu egin zutela inork ez du zalantzan jartzen gaur; epaitegietan torturatuen garrasiei entzungor egin zietela eta haien testigantzak isilarazi zirela inork ez du zalantzan jartzen gaur. Euskal Herriko kaleetatik manifestariak uxatzeko, egunkariak ixteko, espetxealdiak luzatzeko, alderdi politikoak legez kanpo uzteko... legeak espresuki egin ditu Estatuak. Hamarkada luzez Poliziaren kontrola eta jazarpena jasan dute milaka euskal herritarrek, etxea eta Euskal Herria utzita alde egin behar izan dute jazarpen horrengatik, egoera prekarioan eta segurtasunik gabe bizi behar izan dute atentatuen, torturen eta espetxeratzearen beldurrez. Baina eragindako min horren guztiaren aitortzarik ez dute egin oraindik, min horren errekonozimendurik ez dago. Hori guztia ukatzen edo bestaldera begiratzen jarraitzen da.

Emmanuel Macron presidente frantziarrak ofizialki onartu zuen Frantziak “sistema” legal bat ezarri zuela Aljeriako gerra denboran (1954-62) besteak beste tortura erabiltzeko, eta armadak sistematikoki praktikatu zuela tortura. Gerra haren garaitik Frantzian minetan zeuden zauriak sendatzen hasteko bidea erraztu zuen keinu honek. Zenbat hamarkada igaro behar dira Estatuek euskal herritarrengan eragindako minaren errekonozimendua egin dezaten? Zenbat hamarkada igaro behar dira Estatu espainiarrak onar dezan euskal independentisten aurka gerra zikina eta tortura erabili duela? Eta horrek ondorioak eragin dituela, oraindik ondorioak eragiten ari dela?

Ondorio horiek konpontzea urgentea da, baina ondorio horien konponketarekin batera, eta gertatutakoa berriro ez gertatzea bermatzeko, jatorrizko arazo politikoaren aitortza ere ezinbestekoa da. Iraganeko kalteak etorkizunean ez errepikatzeko bermerik izango bada, beharrezkoa da zintzotasunez begiratzea “indarkeria zikloaren” jatorriari, epe jakin horretatik harago.

Adabakia ipintzea besterik ez litzateke bestela; iraganaren eta etorkizunaren arteko zubiari partxeak ipintzen ariko ginateke, zubi horri eusten dioten oinarriak nola dauden begiratu gabe. Oinarrietan dagoen arazo politikoa aitortu eta oinarrizko arazo politiko hori konpontzeko borondaterik ezean, ez luke inolako sinesgarritasunik gertatutakoa ez errepikatzeko berme batek. Berme faltsua litzateke.

“Indarkeria zikloaren” oinarrietan arakatuz bilatu behar ditugu bizikidetza demokratikorik ezaren arrazoiak; ezin da aurrera begiratu eta etorkizunerako proiektuetarako bermerik eskaini iraganeko gabeziak konpondu edo konpontzeko konpromisorik gabe. Eskubide indibidual eta kolektiboen ukapenetik sortzen den zikloa ezin da gainditu ukapen horiek jarraitzen badute, ukapen horiek enoratuz.

Elkarbizitza demokratikoa nahi dugu eta behar dugu, baina, egia jakiteaz gain, egitateak onartzeaz gain, hori guztia ahalbidetu zuten eta hori guztia gaur egun oraindik mantentzea ahalbidetzen duten mekanismoak desegitea beharrezkoa da elkarbizitza demokratikoa abiatzeko eta gertatutakoa berriro ez dela gertatuko bermatzeko.

Herri gisa, gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezarriko badira, Herri honek berez dagozkion eskubideen jabe izan behar du aurrena. Herriak izan behar du bere eskubideen jabe. Eskubiderik gabe ezinezkoa da bizikidetza demokratikoa; herrien nahiak eta erabakiak errespetatzeko konpromisorik gabe, ezinezkoa da gertatua ez errepikatzeko bermerik ematea. Indarrez eta beldurrez ezarri daiteke bakea, baina ez bizikidetza demokratikoa. Horretarako ezinbestekoa da erabakitze eskubidea, autodeterminazio eskubidea izatea. Eta eskubide horiekin eskaini daiteke gertatua ez errepikatzeko bermea.


Oihana Garmendia es miembro del partido Sortu.