Derechos lingüísticos para avanzar en la convivencia

Euskalgintzaren Kontseilua es el punto de encuentro de las instituciones y agentes que trabajan para acelerar la normalización del euskera.

Lehenik eta behin, nola ez, eskerrak eman nahi dizkiogu Foro Sozialari egindako dokumentuaren inguruan ekarpena eskatzeagatik. Finean, eskaera horrek bizikidetza demokratikoan hizkuntza gutxituaren esparrua ere kontuan hartu beharra ondorioztatzen du, eta alde horretatik, Euskalgintzaren Kontseiluari badagokio berariazko ekarpena egitea.

Zalantzarik gabe, Foro Sozialak Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala delako dokumentuaren hasieran jaso bezala, bizikidetzak beharko luke izan gizarte ororentzat lehentasun politikoa, eta beraz, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izatea.

Eta, bai, bizikidetza demokratikoaren eraikuntza posible izan dadin eta pertsona guztiok dagozkigun eskubideen jabe izan gaitezen hainbat korapilo askatu behar dira. Korapilo garrantzitsuak jasotzen dira Foro Sozialak aurkeztutako dokumentuan. Halere, gure aldetik askatu beharreko beste korapilo bat erantsi nahiko genuke, hizkuntzarena, hain zuzen. Finean, gure herriaren historiari lotzen bagatzaizkio, hizkuntza-menderakuntza ezin da testuinguru soziopolitikotik at ulertu. Alegia, menderakuntza hori inertzia politiko zehatz batzuek eragin dute, eta beraz, bestelako agertokiaren orubea zehazten ari garen honetan, nahitaezkoa da azken hamarkadatan bizi izandako gutxiagotzeen egoera iraultzea.

 

KOXKA BAT GORA

Gure planteamendua hobeki ulertzeko, interesgarria iruditzen zaigu barrura begirako ikuspegia utzi eta kanpoaldeari begirada egitea; hain zuzen ere, koxka bat gora egitea eta beste testuinguru batzuetan hizkuntza-menderakuntzaren eremuak zein lanketa izan duen aztertzea.

Esan daiteke, normalean gatazka etniko bortitzak sortzen dituzten arrazoi nagusienak aniztasunaren kudeaketa desegokiak izaten direla. Kudeaketa desegoki horrek giza eskubideak urratzen ditu, eta, azkenean, gobernuek bortizkeria baliatzen dute aniztasun erlijiosoa, kulturala, linguistikoa edo etnikoa desagerrarazteko.

Esan ohi da, azken 60 urteotan izan diren mundu-mailako 150 gatazketatik, 10 besterik ez direla nazioartekoak izan, besteak gatazka etnikoak (zentzu zabalenean) izan direla. Eta, beraz, gatazka horien konponbidean hizkuntza-menderakuntzaren esparruak ere berariazko tokia hartzeak garrantzi handia izan du etorkizun berria parametro demokratikoetan eraikitzeko.

Hor dugu, esaterako, post-apartheideko Hego Afrikako kasua. Konstituzio berriaren negoziazioetan berezko hizkuntzen estatusa gai oso sentsiblea izan zen. Are gehiago, negoziazio-prozesua bera hausteko zorian izan zen hizkuntza ofizialen zioarengatik.

Bestalde, akaso guretzat hurbilagokoa den Irlandako prozesuan ere hizkuntzak izan zuen bere tokia. Horrela, 2006ko St Andrews Itunean hizkuntzaren gaia ere jaso zuten, non eta Berdintasuna eta Giza Eskubideak ataleko Giza eskubideak, berdintasuna, biktimak eta bestelako eremuak delako azpiatalean.

Halere, egia ere bada azken kasu horretan kezkatu egin gaituela gaiak jarraitu duen norabideak, benetako bermerik ez zelako ezarri eta, beraz, benetako konponbiderik ez zaiolako eman hizkuntza hegemonikoak eragiten duen menderakuntzari.

Badira, noski, esperientzia horiek guztiek utzitako zenbait irakaspen. Batetik, hizkuntzen arteko gatazketan botere-gatazkak daudela. Are gehiago, batzuek erabaki nahi izaten dutela noiz, norekin eta nola erabil edo ikas dezakegun guk geure hizkuntza. Bestetik, hizkuntza menderatzeko egoera menderatze-egitura globalen indarkeria sinboliko adierazgarria dela; eta ondorioz, indarkeria sinboliko horri amaiera emateko bidea eraiki behar dela.

Ondorioz, berretsi nahi dugu, beste hainbat herrialdetako esperientziek hala erakutsi digutelako, bizikidetza demokratikoaren orubea zehaztuko badugu, hizkuntzaren korapiloa ere askatze bidean jarri beharko dela.

 

GUREAN ERE BAI

Gurean ere hizkuntza botere-gatazkaren parametroetan kokatu behar dugu. Eta, nola ez, hizkuntza-menderakuntzaren egoera hori menderakuntza-egitura orokorren bortizkeria gisa.

Gutxiagotze-prozesu bortitzak pairatu izan ditu, eta egun ere pairatzen ditu, gure komunitateak bere lurraldean. Alta, prozesu horiek ez dira ausazkoak izan. Hizkuntza normalizazioaren kontra hartutako jardunak estatu-gaiaren dimentsioa hartu izan du historikoki, eta horretarako, azken hamarkadetan gure hizkuntza-komunitateari eragindako kaltea besterik ez dugu ikusi behar.

Joan Mari Torrealdaik bildu zuen El libro negro del euskera edota Asedio al euskera liburuetan menderakuntza horren indarkeria sinbolikoa ehunka adibidetan. Are gehiago, bera ere izan zen indarkeria hori bortizki pairatu zuenetako bat.

Gainera, kontuan izan behar dugu, hizkuntza-eskubideen urraketa hertsiki lotua egon daitekeela beste oinarrizko eskubideen urraketarekin: adierazpen-askatasuna, hezkuntza eskubidea, osasun arreta duinerako eskubidea, babes judizial eraginkorrerako edota defentsa-eskubidea…

Gutxiagotze eta menderakuntza horiek hainbat bidetatik eta hainbat estrategia baliatuz garatu izan dira. Estatuetako hiru botere nagusiek ahalbidetu izan dute arauaren bidez, epaien bidez, hizkuntza hegemonikoen derrigorrezko erabileren bidez, euskararen erabilera galaraziz, geure komunitatea ikusgabetuz, hizkuntzari balio edota prestigio osoa kenduz… Beste zenbaitetan, euskalgintzak berak pairatu behar izan ditu eraso zuzenak.

Hainbatetan ikusi behar izan dugu herrigintzatik sortutako hainbat proiektu bortxaren bidez ixten, gure lana baldintzatzen, bai eta eragozten ere.

Eta bada horren guztiaren gainean ezarri nahi izan duten ideia, euskaraz bizitzeko eskubidea ahalbidetuko dion politika edo praktika askatasunez garatzerik ez duela komunitateak. Hau da, azken erabakia beti egongo dela estatuen esku. Eta haien hautua da egiturazko galga jartzea gure hizkuntzaren, eta ondorioz, gure herriaren normalizazioari.

Horrek bagaramatza, beraz, gure ideia nagusira: bizikidetza demokratikoaren definizioan hizkuntzaren ardatza jasotzea nahitaezkoa da.

 

HIZKUNTZA-ESKUBIDEAK ARDATZ

Gauzak horrela, zinez uste dugu nahitaezkoa dela bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromisoak kontuan hartu beharko lituzkeen zenbait eduki identifikatzea, eta horietako batzuetan hizkuntzaren ikuspegia jasoko dela bermatzea.

Horrela, eskubide guztiak errespetatuko dituen gizarte esparru baten aldeko konpromisoa hartu behar dela jasotzean, arestian aipatutako arrazoiengatik, hizkuntza eskubideek berariazko tokia hartu beharko lukete. Finean, menderakuntzaren indarkeria sinbolikoa aitortu eta hori askatzea ere badagokigulako. Ez genuke, inondik inora ez, zuzen jokatuko hizkuntzaren korapiloa askatuko ez bagenu.

Azken batean, orube berri batez mintzo bagara, herri honen eskubide indibidual eta kolektiboen bermeak presente egon behar du. Horrela, eskubideen artean dauden hizkuntza-eskubide indibidual eta kolektiboak zutabeetako bat izan beharko dira; eta norbanakoaren eta hizkuntza-komunitatearen hizkuntza-eskubideen urraketei amaiera emango zaiela aurreikusi beharko dugu.

Gizarte-eragileok egina dugu, honez gero, hausnarketa. Europa osoko hogeita hamar hizkuntza-komunitate gutxituetako ehundik gora eragilek bizikidetza demokratikoaren orubea zehazteko ekarpena egin genuen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bidez. Bertan modu xehean jaso genuen gizarte eragileok zein izan beharko litzatekeen orube hori. Dokumentu integrala da Protokoloa, eta egoera gutxituan dagoen hizkuntza-komunitatearen eskubideak bermatzeko hartu beharreko 185 neurri biltzen ditu. Gureari dagokionez, eta orubea definitzen ari garela kontuan harturik, Protokoloak bere egiten dituen hamaika printzipioak izan beharko genituzke kontuan bizikidetza demokratikoa ahalbidetuko digun norabidetzean.

Are gehiago, Kontseiluak duela urte batzuk aurkeztu zuen bizikidetza demokratikoaren orube horretan, euskararen mataza askatzeko zein izan behar ziren gutxieneko parametroak. Horrela menderakuntza-egoerari amaiera eman eta urte luzeetan pairatutako egoera iraultzeko honako bi baldintza bete beharko liratekeela zehaztu zuen: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea eta gure hizkuntzaren estatus egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa). Uste dugu gaur egun ere horiek direla beharrezkoak.

Gainera, hizkuntza-politika egiteko askatasuna aitortzeaz gain eta euskarari beharrezko estatus demokratikoa esleitzeaz gain, bada etorkizuna eraikitzeko kontuan hartu beharreko beste elementurik: iraganaren kontakizuna. Horrela, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloak berak printzipioetan jasotzen zuen hizkuntza gutxituen gaineko memoria historikoa jorratu beharra. Bertan, gaur egun hizkuntzaren galerari buruzko ezagutza izateko baliabideak eskaintzen zaizkie administrazio publikoei. Euskal Herrian ere, garrantzitsua izango da ariketa hori egitea, etorkizuna eraikitzeko iraganari erreparatu behar zaiolako, are gehiago, menderakuntza edota gutxiagotze bat jasan denean.

 

AZKEN HITZA

Eskerrak ematen hasi dugu ekarpena, sinetsita gaudelako bizikidetza demokratikoak eraikitzeko prozesua integrala izan behar duela, eta beraz ekarpena eskatu izana estimatua dela. Estatuen menderakuntza eta gutxiagotze bortitza izan duen euskararen, eta euskaldunen, aldetik ere egoera hau gainditu eta hizkuntza-eskubideen bermea zein euskararen normalizazioa posible egingo dituen beste egoera bat eraikitzeko beharra dago.

Horregatik, eginkizun horretan ahaleginean ari direnekin elkartasunez eta eskuzabaltasunez elkarlana burutzeko konpromiso hartzea badagokigu. Har dadila, hartara, honako ekarpen hau bizikidetza demokratikoa eraikitzeko osagarri.

 

Paul Bilbao Sarria

Kontseiluko Idazkari nagusia

Euskal Herrian, 2021eko uztailean

 


Euskalgintzaren Kontseilua es el punto de encuentro de las instituciones y agentes que trabajan para acelerar la normalización del euskera. Está formado por más de 30 grupos y, aprovechando la fuerza de la unidad, pretende incidir en las políticas lingüísticas para acelerar la normalización del euskera. Porque el Consejo está convencido de que el euskera es el instrumento para construir una sociedad cohesionada, justa, democrática e igualitaria. Desde 1998 se viene trabajando en este objetivo.

Web: konsteilua.eus
Twitter: @Kontseilua
Facebook: EuskalgintzarenKontseilua
Youtube: kontseilutik
Instagram: @Kontseilua