2018/09/12

V. FORO SOZIALAREN AURKEZPENA

V. Foro Soziala aurkeztu dugu gaur Koldo Mitxelenan. Aitzpea Leizaolak eta Juanjo Espinak hartu dute parte, Harold Good apaiz uniositarekin batera.

Pasa den irailaren 3an, Bilbon, Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile diren Nekane Altzelai eta Agus Hernanek, xehetasun osoz azaldu zuten zein diren Foro Sozial Iraunkorraren lan ildo nagusiak 2018-2019 ikasturte honetarako, beti helburu izanik erantzutea gure herrian bizikidetza demokratiko baten eraikuntzaren oinarriak ezartzeko erronkari, giza eskubide eta bake kultura bat oinarri izanik.

Orduan azaldu genuen bezala, hiru dira 2018-2019 ikasturte honetan Foro Sozial Iraunkorraren lana ezaugarrituko duten giltzarriak:

  1. Orotariko biolentzien biktimen aitortzan atzeraezinezko pausoak behingoz ematea.

  2. Irtenbide integral bat ematea preso dauden pertsonen problematikari.

  3. Aurre egitea kontakizun guztiak errespetatuko dituen memoria inklusibo bati.

Gaurko prentsaurreko honetan gure helburua da lehen lan ildo horren xehetasunak mamitzea, biktimei eta horiek dituzten egia jakiteko, justiziarako eta erreparaziorako eskubideei dagozkien lan ildoarenak, hain zuzen. Hori, Foro Sozial Iraunkorraren jardunean nuklearra den gaia da.

Zentzu horretan, V. Foro Soziala aurkeztuko dugu, hasteko, Foro Sozial Iraunkorreko memoria eta bizikidetza lan taldeak urriaren 5 eta 6an antolatu dugun konferentzia, hain zuzen. Horren bidez, ekarpena egin nahi diogu, berriro diogu, guretzat oinarrizkoa den biktimen eskubidearen gaiari. Euskal gatazkaren biktima guztiak modu integral eta parekidean aitortzeko beharra oinarri hartuta, hausnartuko dugu hori egungo eszenatokian nola egikaritu daitekeen eta zein mekanismo izan daitezkeen horretarako baliagarri.

V. Foro Sozial honen izenak ongi laburbiltzen du zein diren ekimenaren helburuak: “Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak”. Urriaren 5ean Iruñeko Planetarioko Ibn Ezra hitzaldi aretoan izango da konferentzia; urriaren 6an, berriz, Bilboko Bizkaia Aretoan, Baroja aretoan zehazki.

Foro Sozialaren edizio hau bi leku ezberdinetan antolatzeko erabakia ahalik eta jende gehienagana heldu ahal izateko hartu genuen, horrela gizarte osoarekin partekatzeko gure honako hausnarketa: beharrezkoa da EAE eta Nafarroako jendarteak, bere osotasunean (gizarte zibila, erakundeak eta alderdi politikoak) ardura eta konpromisoa bere gain modu aktiboan hartzea memoria eta bizikidetza eraikitzeko prozesuan. Gainera, bizi dugun garai berri honetan, lehen bi Foro Sozialen izpiritua ere berreskuratu nahi izan dugu, horiek ere bi hiri horietan ospatu zirelako.

Hori guztia dela eta, V. Foro Sozial honek herritarrei eman asmo die protagonismoa, guztion artean ekarpen sendo bat egin dezagun bake prozesua indartzeko eta bake justu eta iraunkor baten norabidean aurrera egiteko.

Jardunaldiaren helburu nagusia izango da hausnarketarako espazio bat sortzea, bertan ideiak, proposamenak eta lan ildo berriak identifikatzeko eta, horien bidez, logika eraikitzaile, inklusibo eta berritzaile bat oinarri hartuta, bake prozesuak memoria eta bizikidetzaren eraikuntzari lotuta planteatzen dizkigun erronka berriei erantzun bat emateko, esaterako:

  • Bermatzea gatazkaz jarduterakoan darabilkigun ikuspuntua integrala eta zabala dela.

  • Aurrerapauso sendoak ematea biktimen eta gatazkaren testuinguruan jazotako sufrimendu aitortza ofizialari dagokionez, bai erakundeetatik, bai euskal jendarte zibiletik.

  • Balorean jartzea biktima orok duen eskubidea gertatu zaionaren egia ezagutzeko, elkarbizitzaren eraikuntzan oinarrizko elementua izanik eta zigorra helburu ez duen justizia eredu berri baterantz abiatzeko.

Hori guztia eztabaida panel ezberdinen bidez egingo dugu:

  1. Egiaren inguruko hausnarketa, erreparaziorako, justiziarako eta ez errepikapenerako mekanismo gisara.

  2. Egia ezagutzeko eta erreparaziorako mekanismoak. Adibide praktikoak.

  3. Egia eta justizia: nazioarteko erreferentziazko esperientziak, euskal kasuaren erronkak eta proposamenak.

  4. Etab.

Horretarako guztirako, ohikoa den moduan, tematika horietan esperientziadun nazioarteko eta bertako adituak batuko ditugu.

Konferentziaren behin betiko programa eta hizlarien izen-abizenak hurrengo egunotan egingo ditugu publiko.

Lan kolektibo horretatik irtendako ondorioak azaroan aurkeztuko ditugu, jadanik aurreratzen dugu, Vitoria-Gasteizen, eta horiek izango dira Foro Sozial Iraunkorraren memoria eta bizikidetza gaiei dagokienez hurrengo urteetako lana orientatuko duten oinarriak.

Beste alde batetik, V. Foro Soziala jada albo batera utzita eta biktimei dagozkien gainerako lan ildoetan atentzioa jarrita, aurreratu dezakegu kurtso honetarako beste zenbait ekimen ere martxan dituela Foro Sozial Iraunkorrak eta, xehetasun gehiagorekin, hurrengo asteetan emango dizuegula horien berri.

  • Lanean dihardugu biolentzia ezberdinak jasan dituzten biktimekin, horien arteko topaguneak eraikitzea helburu izanik, bai publikoak, bai pribatuak.

  • Horrez gain, oso presente ditugu oraindik “ebatzi gabeko kasuen” edo “egiarik gabeko kasuen” ikerketaren ondorioak, pasa den martxoan Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu genituenak.

Azkenik, ez genuke hitzartze hau amaitu nahi gaurkoan lagun dugun Harold Good jauna aurkeztu gabe, eta berari gurekin egoteagatik eskerrak eman gabe.

Dakizuen moduan, Good jauna bake gizona da eta modu aktiboan parte hartu izan du IRAren eta ETAren armagabetze prozesuen ikuskatze lanetan. Gaurkoan bera gure artean izatea bi arrazoiren ondorio da:

  • Batetik, modu orokorrean, Foro Sozial Iraunkorraren lana babestu nahi duelako eta, modu zehatzean, V. Foro Soziala.

  • Eta, bestetik, gurekin partekatzeko zein den berradiskidetze prozesu batek dakartzan erronken inguruko bere esperientzia.

Zintzoki uste dugu Harold Goodek, Alec Reidekin batera 2005. urtean Eusko Jaurlaritzaren René Cassin saria jaso zuenak, bere esperientzia sakona aintzat hartuta, ekarpen positiboa egin diezaiekeela berradiskidetze sozialeranzko prozesuak planteatzen dituen erronkei. Hori dela eta dago gaurkoan gurekin.