Paco Etxeberria eta Laura Pegorekin bildu da gaur Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza bat, EHUko Donostiako egoitzan. Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC-KREI) kideak dira Etxeberria eta Pego, eta “Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014)” txostenaren egileak dira. Foro Sozialaren ordezkaritzan ELA, LAB, Steilas, ESK, Sare, Etxerat, Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Paz con Dignidad, Hitz&hitz, Egiari zor, Ahotsak, Bake Bidea eta Baketik erakundeen partaideak izan dira. Bilera hau urrian egingo den V. Foro Sozialaren aurrelanketaren baitan kokatua dago.
2017ko abenduan Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen txosten honek lehendabiziko aldiz zientifikoki demostratu du Euskal Herrian torturatu egin dela. Txostenak, gainera, errealitate gordin hau zifretan adierazi du: ikerketari dagokionez, 1027 testigantza bideoz eta audioz grabatu dira, Istanbulgo Protokoloa 202 kasutan aplikatu da eta 3415 pertsonek hartu dute parte ikerketan. Eta ondorioa hau da: txostenaren arabera, 4113 salaketa egiazkoak dira. Kasu guztiak hartuta, 3462 (%84,2) salaketa gizonezkoenak dira eta 651 (%15,8) 581 emakumeenak dira.
Txostenean, baita Etxeberriak eta Pegok egindako aurkezpen sakonean ere, agerian geratu da tortura kasu gehiago daudela, baina ezin izan dira jaso arrazoi desberdinagatik: denbora falta, finantzaketa falta, arazo geografiko-administratiboak, eta abar. Era berean, erregistratutako salaketa judizial guztien artean soilik portzentaje oso txiki bat zigor-epaian amaitu dela baieztatzen du txostenak (beste guztiak artxibatu dira): epaiei dagokienez., 31 lagun (4 emakume eta 27 gizon) noizbait “torturaren biktimak” izan dira. Beste guztien kasuan, ia inork ez du jaso inongo artatzerik, aitortzarik edo erreparaziorik.
Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, indarkeria mota guztietako biktima guztien aitortzarako aurrera urratsak egiteko ordua da, torturaren biktimak barne. Erronka honi heltzeko ordua da. Helburu horrekin, eta txostenaren ondorioak lehen eskutik ezagutu ahal izateko, egileekin biltzeko beharra ikusi dugu, Paco Etxeberria (Medikuntzan Doktorea) eta Laura Pego (Zuzenbidean Doktorea).
Bileraren amaieran, Foro Sozialak zera adierazi nahi du:
1. Ikerketa egin duen lantalderen lana aitortu eta eskertu nahi dugu
Errealitate deseroso hau agerian uztean asmatu du txostenak. Borroka antiterroristan torturaren erabilera sistematikoa izan dela demostratu du. Era berean, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintzaren polizia-etxeetan torturatuak izan direla salatzeagatik urtetan zehar gezurti bezala hartuak izan diren pertsona horiei guztiei sinesgarritasuna eman die ikerketa honek. Eta gainera, lan bikaina egin dute, argia eta zientifikoki objektiboa.
Txosten hau mugarri bat izan da gatazkaren konponbidean, torturaren biktimen aitortzarako mekanismo bilakatu delako. Izan ere, oraindik orain, praktika hau ukatzen ari diren eragile ugari dago. Beraz, etorkizunean berriro ez gertatzeko oso garrantzitsua da ondorengo hiru eremu hauetan aurrera urratsak egitea: errealitate honen sozializazioa, torturaren atzean dauden zergatiak konpontzea eta torturaren biktimen testigantzei sinesgarritasuna ematea.
Hauek horrela, ikerketa honetan parte hartu duten profesionalei gure esker ona transmititu diegu.
Era berean, ikerketarekin jarraitzea ezinbesteko da, biktima guztiek egia ezagutzeko duten eskubidea bermatua izan dezaten. Frankismoaren eta Trantsizioaren garaietako (1978 arte) 1081 kasu besterik ez dira erregistratu, eta jakina da askoz gehiago egon zirela. Gainera, Nafarroan gertatutako 292 kasu baztertuak izan dira ikerketa EAEri bakarrik dagokiolako.
Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diegu ikerketak sustatze aldera bitartekoak eskaintzen jarrai dezaten.
2. Euskal erakunde guztiak eta, orokorrean, euskal jendartea torturaren biktimei aitortza ofiziala gauzatzera eta esplizitatzera bultzatu nahi ditugu
Ikerketa honen aurkezpenak kokatu gaitu, behingoz, gatazkaren biktima guztien aitortze ofiziala egiteko beharreraren aurrean, izan ETAren biktimak, izan Komando Autonomoenak, izan BVErenak, izan Estatuko Segurtasun indarrenaren biktimak edo izan torturatuak. Nazioarteko legealdiak argi adierazten du indarkeria mota guztietako biktimek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela. Foro Sozial Iraunkorrak bere egiten du premisa hau.
Txostena torturaren biktimek eremu instituzionaletik merezi duten aitortzarako erreferentzia argi bilakatu behar da. Horregatik, Euskal erakunde guztiak eta, orokorrean, euskal jendartea torturaren biktimei aitortza ofiziala gauzatzera eta esplizitatzera bultzatu nahi ditugu. Helburua da etorkizunean biktima guztiek egia ezagutzearen norabidean aurrera urratsak ematea.
Beste aldetik, torturaren problematika beste eremu handiago batean kokatu behar dela uste dugu: argitu gabeko kasuak. Ikerketa eza inpunitaterako tresna da eta arazoa ezkutatzea ahalbidetzen du. Eta tortura eta tratu txarrak ez ikertzeak giza eskubideen urraketa onartezina suposatzen du. Nazioartean onartuak dauden giza eskubideak biktimei ukatzen jarraitzea ez da bidezkoa.
Hauek horrela, argitu gabeko kasuen definizioaren norabidean lanean jarraitu behar da, irizpideak harmonizatze aldera. Pertsona guztien mina errespetatuz, biktima bakar bat bera ere ez baztertu gabe eta argitu gabeko kasuen inguruan gaur egun dauden zifra desberdinen aurrean erantzun inklusiboak emanez.
3. Torturapean egindako autoinkulpazioetan oinarritu diren epaiengatik zigortutako preso eta iheslarien problematikari aurre egiteko beharra nabarmendu nahi dugu
Bileran interes eta kezka gehien sorrarazi dituen gaia torturatuak izan diren preso eta iheslarien gaia izan da. Izan ere, beraien testigantzak jasotzeko zailtasunak izan dituzte -eta dituzte-, baita Istanbulen protokoloa aplikatzeko orduan ere.
Borroka antiterroristarako tresna gisa tortura sistematikoki erabilia izan dela demostratu ondoren, Foro Sozialaren iritziz, orain ondorio juridikoak aztertzeko eta berrikusteko garaia da. Zehazki, preso dauden pertsonen zigor-epaiak torturak nola baldintzatu dituen aztertzeari buruz ari gara.
Hori dela eta, soilik torturapean egindako autoinkulpazioetan oinarritu diren epaiak era sakon eta zorrotzean aztertuko dituen txosten bat egitea proposatzen dugu, noraino baldintzatuak izan diren jakiteko. Txosten berdinean, pertsona hauek ea tortura salatu duten jaso behar da eta salaketa hauek egiazkoak diren ala ez jakiteko Istanbul protokoloa aplikatu behar da.
Foro Sozial iraunkorretik lanean ari gara presoen eta iheslarien auziari erantzun integrala emango dion adostasun transbertsal bat erdiesteko. Hasiera batean, Nafarroan eta EAEn gauzatze sozial, politiko eta instituzional izango lukeen akordio bati buruz ari gara, eta bere garapenean preso, iheslari eta preso ohien parte hartzea izan beharko luke. Prozesu honetan, aipatutako ikerketa berriak lekua izan beharko luke.
4. Torturaren problematikari genero ikuspegitik heltzeko beharra nabarmendu nahi dugu, emakume torturatuek pairatu duten errealitatea espresuki aitortze aldera
Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu gatazkaren testuinguruan gertatu den emakumeen kontrako indarkeria bereziki krudela izanaren arrazoia dela jendartean badagoela egiturazko indarkeria bat hori ahalbidetu duena: indarkeria matxista.
Euskal Herriko gatazkan emakumeek jasan duten jatorri politiko duen opresioak eta bazterketak lotura zuzena dute heteropatriarkatuaren sistema opresiboarekin. Emakumeek testuinguru honetan jasan dituzten indarkeriak ezin dira ulertu genero arrazoiak kontuan hartu gabe, baita torturaren kasuan ere. Torturak, azken finean, botere sexistaren hierarkia praktikara eramaten du, dagoen erarik biolentoenean.
Hori dela eta, emakume biktimek jasan duten tortura espresuki eta esplizituki aitortu behar dela uste dugu. Eta praktika honen atzean dauden arrazoiak agerian utzi behar dira.
Gatazkaren konponbide integralak, bere ñabardura guztiekin, gatazka ahalbidetu dituzten generoari lotutako arrazoiak konpontzea ere eskatzen du, berriro ez geratze aldera.