Nazio Batuen Asanbladak 2001eko 55/282 ebazpenaren bitartez erabaki zuen urtero irailaren 21ean Bakearen Nazioarteko Eguna ospatzea mundu osoan. Data hori dela eta, V. Foro Soziala prestatzen ari garela kontuan hartuta, Foro Sozial Iraunkorrean modu aktiboan lanean ari diren eragileen talde batek bilera egin zuen atzo, osteguna, irailak 20, 18:00 eta 20:00 artean Iruñeko Condestable jauregian Sanfermines 78 Gogoan plataformako ordezkaritzarekin eta Iruñeko Udaleko Joxe Abaurrea ordezkariarekin. Foro Sozialaren ordezkaritzari dagokionez, ondorengo elkarteen kideek hartu zuten parte: Uharan, LAB, Steilas, Egiari zor, Etxerat, Sare, Antxeta irratia eta Herrieliza (Nafaroako Kristauen sarea) .
Bilkuraren helburu nagusia izan da gertutik ezagutzea 1978ko Sanfermin jaietako gertakari tragikoetan benetan zer gertatu zen ikertzeko asmoz eratutako batzordearen lana.
Foro Sozial Iraunkorraren lanaren funtsezko oinarrietako bat biktimak dira, eta haien guztien aitortzaren eskaera da gure printzipioetako bat. Gure etorkizunaren oinarriak eraikitzeko, funtsezko elementua da indarkeria guztiek eragindako biktima guztien aitortza erabatekora urratsak ematea, modu horretan ezarri ahal izango baitira gure herrian giza eskubideetan eta bakean oinarritutako bizikidetza demokratikoaren zimenduak.
Askotarikoak dira lan honek dakartzan zailtasunak eta erronkak. Eta guztietatik biktimena da, beharbada, zailena.
Foro Sozialak alderdi politikoekin batera egiten duen lana dela eta, gauza batean behintzat denak bat datoz, ñabardurak ñabardura: biktima guzti-guztiek, indarkeria adierazpen guztietakoek, eskubidea dute egia jakiteko, aitortza ofiziala eta erreparazioa jasotzeko eta justizia lortzeko. Erabateko kontsentsua dago alor honetan.
Biktima horien guztien aitortzaren premiari erantzun integrala eskaintzeari dagokionean, baina, bide instituzionalean mugak agerian daudela bat etorri gara bilkuran.
Muga horien adibide dira Euskadiko eta Nafarroako marko autonomikoetan onartutako legeen aurka jarritako helegiteak (Euskadiko 12/2016 Legea eta Nafarroako 16/2015 Legea). Izan ere, lege horien helburua zen Estatuko segurtasun indarrek edota talde parapolizialek eragindako indarkeria pairatu zuten pertsona batzuei estaldura eskaintzea.
Foro Sozial Iraunkorra lekuko dela, baiezta genezake azken hilabeteetan herri honetako biktima gehien-gehienak, indarkeria adierazpen ezberdinetako biktimak, mendeku edo errebantxa planteamenduetatik oso urruti daudela. Haien eskaera nagusia da egia jakitea, eta egiaren bidez –erreparaziorako tresna baita– erreparazio instituzionala lortzea, baina baita erreparazio soziala ere.
Horrexegatik, hain zuzen, ideia berriak falta direla uste dugu, mekanismo berritzaileak, jendartearen egiarekin konpromisoa hartuko dutenak, desiratutako agertokirantz abiatzea ahalbidetuko dutenak, erabateko errekonozimendurantz.
Ingurumari honetan, Sanfermines 78 Gogoan ekimenak erakutsi du bere proposamena baliagarria dela: 2018. urte hasieran, Iruñeko Udalaren babespean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren parte-hartzearekin, historialariez, abokatuez eta giza eskubideen defentsan adituak diren pertsonez osatutako ikerketa batzorde bat hasi zen lanean, 1978ko sanferminetan Iruñean gertatutakoa ikertzeko asmoz.
Batzorde horrek, hasieran, dokumentazioa eta testigantzak jaso zituen, geroago irizpen bat osatzeko, gertaeren balorazio bat. Irizpenean gertaeren ardurak jasoko lirateke, Nafarroako erakundeen eta, oro har, gizartearen aurrean aurkezteko.
Bilkuraren xehetasun guztiak entzun ondoren, Foro Sozial Iraunkorrean uste dugu Batzorde hori egiten ari den lana erreferentzia ona dela, batez ere praktika ona, gizarte-eragileen, Udalaren eta Unibertsitatearen arteko lankidetza sustatzen duelako, eta urte luzeetan ukatutako egia aitortu duelako Iruñeko Udalak antolatutako ekitaldi publiko baten bidez.
Foro Sozial Iraunkorraren aburuz, bete-betean asmatu dute:
Nafarroako gehiengoaren artean kontsentsu politikoa bilatu baitute lan honen hastapenetik, instituzioak modu proaktiboan inplikaraziz.
Eta Unibertsitatearen laguntzarekin batera, ikerketa metodologia zientifiko eta eraginkorra artikulatu baitute. Azken batean, horren bidez azalera daiteke zorigaiztoko 1978 hartan benetan zer gertatu zen, zergatik eta zein izan zen gertatutako guztiaren arduraduna.
Hori bezalako ekimenak, beste ekimen instituzional, lokal edo korporatiboekin batera, erabat beharrezkoak dira gure gizarteak eskatzen duen erabateko errekonozimenduaren puzzle erraldoia osatzeko, eta aurrerapen kualitatibo garrantzitsua dira. Ez dugulako - ezin dugu- orrialdea pasatu nahi: beharrezkoa da horrenbeste sufrimenduren berri izatea eta erreparatzea, zoritxarrez, askotarikoa eta anitza izan baita.
Biktimek dagokien errekonozimendua lortu behar dute, eta behingoz haiek kolpatu zituen indarkeriaren arabera kategorizatuta egoteari utzi behar diote. Inongo biktimak ez du inoiz gehiago baztertuta sentitu behar. Hori guztia posible izango da ahaleginak bateratuz eta era horretako ekimen pluralak sustatuz gero.
Horregatik guztiagatik, Foro Sozial Iraunkorrak Sanfermines 78 Gogoan plataforma, Iruñeko Udala eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa zoriontzen ditu publikoki. Halere, bileran adierazi diguten moduan, dituzten helburuak lortzeko geratzen den lana sekulakoa da, eta horregatik bide berdinetik jarraitzeko gure babes osoa adierazi diegu.
Horrez gain, ekimen hau balioan jarri asmoz, urriaren 5ean Iruñean eta Bilbon 'Egia jakiteko eskubidea: aitortza mekanismoak eta biktimen ereparazioa' goiburupean Bilbon eta Iruñean egingo den V. Foro Sozialean ponente gisa parte hartzeko gonbidapena egin diogu Sanfermines 78 Gogoan ekimenari.