2019/07/19

Oztopoak oztopo, biktima guztien eskubideen inguruan egun dagoen adostasuna gauzatzeko lanean jarraituko du Foro Sozialak

Atzo, hilak 18, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez zituen tramitera onartu Estatuaren aparatuen indarkeriak eragindako zenbait biktimen helegiteak. Biktima guztiak aintzat hartuta albiste txarra izan da, baita elkarbizitza demokratikoaren ikuspegitik ere.

Estrasburgo ez da auziaren mamira sartu, hau da, biktima guztiek erreparaziorako duten eskubideari buruzko iritzirik ez du eman. Horrela jokatuz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak biktimen arteko berdintasunaren printzipioa urratu du, 46 familia hauek berbiktimizatuz.

Erabaki honekin, indarkeria mota honetako biktimek beste indarkerien biktimekiko duten diskriminazio pertzepzioa larriagotu egin du.

Jakina denez, Foro Sozial Iraunkorrak indarkeria mota desberdinetako biktimekin bilera publiko eta eta pribatuak egiten ditu. Indarkeria mota honetako biktimei dagokienez, BVE, GAL, Acción Nacional Española edo Grupos Armados Españoles taldeen biktimekin egon gara.

Biktima hauek, behin baino gehiagoetan, “bigarren edo hirugarren mailako biktimak” sentitzen direla adierazi digute. Eta Estatu espainoleko Justiziarekiko duten eszeptizismoa eta Estrasburgok erreparaziorako eskubidea bermatzeko zuten itxaropena helarazi digute aipatutako bileretan.

Arazoak arazo, gure herrian zeharkako adostasuna eraikitzea lortu da biktimek Justizia, Egia eta Erreparazioarako duten eskubidearen inguran. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren eta Giza Eskubideen oinarrizko printzipio bati buruz ari gara. Atzoko ebazpenaren ostean publiko egin ziren erreakzioetan argi eta garbi ikusi zen eragile sozial, instituzional eta politikoen artean lortu dan adostasun maila.

Baina errealitatea egoskorra da eta, bistan denez, gaur gaurkoz biktima guztiak ez dira eskubide berdinen jabe. Eta gure herrian gai honen inguran dagoen adostasuna adierazpen antzu batean geratzeko arriskua dago, denon artean edukiz betetzen ez badugu.

Biktima bakar bar ere ez instituzioen aldetik edo gizartetik baztertua sentitzea jendarteak ezin duela onartu esan dugu askotan Foro Sozialetik. Jar ditzagun konponbideak. Eta konponbideak eraikitzeko prozesu honetan, Foro Sozialak dagoen adostasuna tresna sozial eta instituzionaletan gauzatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du. Parekatzerik gabe, ezta diskriminaziorik gabe ere, biktima guztiak dituzten eskubide guztien jabe izan daitezen.