2019/07/24

Nafarroan hastear doan legealdiak elkarbizitza demokratikoarena izan behar du, baina horretarako “Altsasu auzia” konpondu behar da

Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan taldetik prentsaurrekoa antolatu dugu gaur Iruñean, helburu bikoitzarekin: alde batetik, lehen aldiz “Altsasu auziari” buruzko gure iritzia emango dugu eta, beste aldetik, Nafarroako Parlamentuan eta Nafarroako Gobernuan hastear dagoen legealdi berriari begira gure nahiak eta itxaropenak azalduko ditugu.

Prentsaurrekoak helburu bikoitza duela baina, finean, helburu bakarra da: Nafarroan elkarbizitza demokratikoa eraikitzea. Izan ere, indarkeria ziklo luzearen ondoren Nafarroa oso hunkituta dago, eta Nafarroa hunkituta dago baita Altsasuko 8 gazteei ezarritako zigorrengatik ere.

Gure irakurketa “Altsasu auzitik” hasiko gara, nahita, konponbiderako prozesuak Nafarroan bizi duen egoera auzi honetan gauzatu dela uste dugulako.

Alde batetik, jendartearen gehiengoaren eredua dago, etorkizunari eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzari begira dagoena. Eta eredu honen aurrean, atzera begira dagoen eredua dago, konponbidea soilik irabazle eta galtzaileen logikan urertzen duena.

2016ko urriaren 15etik aurrera gertatu den guztia zentzugabekeria hutsa da. Azkena, Auzitegi Nazionalaren Apelazio Aretoaren matxoaren 7ko epaia izan da, zortzi gazteei ezarritako neurrigabeko zigorrak berretsiz.

Lehenik eta behin, gure enpatia eta elkartasuna adierazi nahi diegu 8 gazteei eta haien familiei, hemen gaur gurekin daudenak, injustizia larri baten biktimak direlako.

Foro Sozial Iraunkorrak auzi honi buruzko bere iritzia eman zuen 2016ko urriaren 4ean, Nafarroako Parlamentuan antolatu genuen indarkeria mota desberdinetako biktimen arteko saio batean, Nafarroan egin genuen lehen ekimen publikoan, hain zuzen ere.

Orduan, gertatutakoa gaitzetsi eta gau hartako borrokaldia hartzen ari zen dimentsioengatik gure kezka azaldu genuen, Iruñeko epaitegian epaitu behar zela adieraziz.

Hortik aurrera, Foro Sozialak saihestu egin du Altsasu auziari buruzko iritzia ematea. Ongi pentsatutako jarrera izan da hau, izan ere gure lan eremua indarkeria ziklo luzearen ondorioen konponbidea da, eta kasu hau ezin zela ziklo horrekin lotu behar uste genuen.

Egindako salaketak hain neurrigabeak izanik, azkenean zuhurtasuna nagusituko zela uste genuen eta konbentzituta geunden gertaerok behar den lasaitasun eta proportzionaltasunarekin epaituak izango zirela.

Aitzitik, egoera egoskorra da eta onartu behar dugu gure jarrera berrikusi behar izan dugula.

Nahiz eta indarkeria zikloa, zorionez, gainditze bidean egon, Nafarroan eta Madrilen gatazka egon denik ukatzen duten sektoreak eta epaitegiak izan dira Altsasuko gertaerak indarkeria zikloarekin lotu nahi izan dutenak.

Egia bada ere terrorismoari buruzko akusazioa baztertu egin dela, auzia ez da Jurisdikzio Arruntera itzuli. Alderantziz, Apelazio Aretoak erabat neurrigabeak diren 3 eta 12 arteko zigorrak berretsi egin ditu.

Epaia eta zigorrak ikusi ondoren, dagoen diskriminazio astungarria nabarmendu nahi dugu. Auzi honetan erabili izana bereziki larria eta arriskutsua dela deritzogu, irizpide ideologiko eta politikoen araberako zigor ereduaren erabilera hedakorrari ate handi bat zabaltzen diolako.


 

Beste aldetik, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari dagokienez, datu guztien arabera, legealdi berria hasiko da epe motzean .

PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak egin duten aurre-akordioa irakurri ondoren, elkarbizitzaren eraikuntza eta gatazka delakoaren ondorioen konponbidea jasota daudela nabarmendu behar dugu, azken lau urtetan egindako bideari jarraipena emanez. Pausu garrantzitsua dela uste dugu.

Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, Nafarroan hastear doan legealdiak elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duena izan behar du.

Eta baieztapen hau egiten dugu jakinda gure herrialdean gatazka ukatzen duen pisu handiko sektore bat egon badagoela. Baina, aldi berean, jakin badakigu nafar jendartearen gehiengoak -gehiengo politikoa eta sindikatu guztiak- elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat nahi duela; iragana ahaztu gabe baina bakearen eta giza eskubideen kulturaren gainean eraikiko den etorkizun bat nahi duela. Hauxe da, hain justu, etorkizuna duen alternatiba bakarra, bestea iraganari ainguratzea izango bailitzateke.

Ikuspegia historikoarekin begiratua, baldintzak emanda daudela esan dezakegu. Orain, denok jakin behar dugu egoerak eskatzen duen arduraz jokatzen eta dauden baldintzak baliatzen. Gizarte zibiletik eta erakundeetatik politika hauek indartzeko eta azkartzeko garaia da.

Pasa den legealdian, gaixorik dauden presoen alorrean eta hurbilpenaren inguruan PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerrak eta sindikatu guztien artean erdietsitako akordio puntualek oinarri nahikoa izan beharko lukete elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzarako pendiente dauden hiru esparruak lantzeko: lehenik, Egia, Justizia eta erreparazioa biktima guztientzat, bazterketarik gabe; bigarrenik, 35 preso eta ihesean dauden nafarren egoera konpontzea; eta hirugarrenik, partekatutako memoria eraikitzea, gertatutakoa ahaztu gabe etorkizunari begira egongo dena.

Baina badago auzi bat oztopo bilakatu dena eta, denon artean, aukera bat bihurtu behar duguna: “Altsasu auzia”.

Alderdi gehienek, sindikatuek, jendarte zibilak eta Nafarroako Gobernuak gatazkaren konponbiderako errail zentral bat eraikitzeko egindako lana suntsitu nahi izan du sententzia honek.

Ezin dugu etsi, ez dugu etsi nahi. Sententzia judizialekiko errespetu osoz, Altsasu Auziari, epai proportzional baten bidez, irtenbide ponderatu bat bilatu behar zaio. Oraindik garaiz gabiltza.

Eta aukera bat bilakatu behar dugula esan dugu, baina Altsasu hori baino gehiago da. Egin beharreko lanerako eredu bat da, eta hori nabarmendu nahi dugu publikoki.

Altsasu estigmatizatu nahi duten sektore ukatzaileen aurrean, gizarte zibilak jakin izan du erantzun transbertsal eta inklusiboa eraikitzen; familiak, jendartea eta erakundeak, udala buru, elkarlanean.

Argi eta garbi diogu: Altsasuko herriak elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du, eta bertan aurrera eraman eden lan-estiloa eredugarria izan daiteke datozen lau urtetan Nafarroan egin behar den lanerako.

Baina horretarako, beti hauskorra den egoerari erregai gehiago botako ez dion sententzia bat behar da, elkarbizitza demokratikoa indartu nahi izango duen sententzia bat, indarkeria mota guztietako biktimekiko errespetu osoz eta partekatutako memoria bat eraiki nahian.