Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin elkarrizketatu da gaur. Bileraren helburua Foro Sozial Iraunkorrak Nafarroan landutako dokumentu bat partekatzea izan da: "Bizikidetza demokratikoa Nafarroan. 2019-2023 legegintzaldiko erronkak eta aukerak". Fernando Armendariz, Expe Iriarte, Txemi Perez eta Tasio Arrizabalagak osatu dute ordezkaritza.
Expe Iriarteren (eusk) eta Fernando Armendarizen (cast) adierazpenak
Gogoratuko den bezala, azaroaren 20an eta 26an "Hitzorduak" zikloaren baitan bi topaketa berri antolatu genituen Iruñean. Bildutako material guztiarekin, gaur Unai Uhalde Presidenteari eskura eman diogun txostena egin dugu. Eta, goizean zehar, Maria Chivite presidenteari, Ana Ollo sailburuari, Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariari eta Ganbera honetako legebiltzarkide guztiei bidaliko diegu ofizialki.
Legebiltzarreko presidentearekin izandako bilera oso adeitsua izan da. Bertan, ETAren biktima baten (Roberto Manrique) eta Estatuaren biktima baten (Idoia Zabaltza) arteko topaketa oso modu positiboan baloratzean bat etorri gara. Era berean, Erakunde honen eta gizarte zibilaren artean aurreko legealdian sortutako lankidetza-esparrua mantentzearen beharra berretsi dugu. Ikasturte honi begira biktimen artean ezaugarri berberak dituen topaketa berri bat elkarrekin antolatzea aurreikusi dugu, beste ekimen batzuk antolatzeari uko egin gabe.
Foro Sozial Iraunkorrak bi gai helarazi dizkio Uhalde Presidenteari:
Lehenik, Legealdiaren hasieran egin genuen azterketan ateratzen ziren elementuak sendotuz doazela adierazi diogu. Gogoratzearren, zera esaten genuen: "Legealdi honek izan behar du Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzea ahalbidetuko duena, eta, horretarako, guztiok, erakunde, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte zibil guztiok, norabide berean lan egin behar dugu. Eta hau argi eta garbi adierazten dugu jakinda zer-nolako pisua duen Nafarroan elkarbizitzaren sektore negazionistak".
Eta bigarrenik, gure kezka adierazi diogu Uhalde jaunari eztabaida politikoan bi ereduen arteko hika-mikengatik: alde betetik, gure gizartean gehiengoa duen eredua dago, bizikidetza demokratikoaren fase berri bat irekitzearen alde egiten duena, eta beste aldetik, iraganeko eredu bati ainguratuta tematzen direnak.
Bi jardunaldietatik ateratzen dugun ondorio nagusia da Nafarroako gizarteak zubiak ezartzeko duen premia, errei zentrala indartzeko duen premia, bakoitzaren lubakitik elkarren artean ukatzen direnen aurrean. Horretarako, bide bakarra dago: ezberdinen arteko elkarrizketa guneak indartzea. Eta egin egingo dugu, biktima guztien minarekiko erabateko errespetu eta errekonozimendutik, gertatutakoaren irakurketa kritikoa eginez, akatsetatik ikasiz, baina etorkizunari begira.
Azkenik, Tasio Arrizabalagak Nafarroako Parlamentuan entregatu dugun eta ohar honekin batera doan dokumentuaren edukiaren laburpena egin du.