Katalunian egindako lanaren balorazio positiboa egin ondoren, Foro Sozialak bere lana jarraituko du orain Madrilen
Euskal Herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzearen aldeko korronte demokratiko bat Estatu espainiarrean sortzea zen, hain zuzen ere, 2017an ezarri genuen lan-ardatzetako bat.
Ordutik, Estatuko hainbat tokitan jardun izan dugu modu diskretuan. Katalunian erdietsitako emaitzak lehenak izan dira.
Orain, lortutako emaitzetan oinarrituta, lan hau Madril hirira eramatea tokatzen da. Joan den ikasturtetik hona, hiri honetako gizarte zibileko erakundeekin eta pertsona esanguratsuekin lan egin dugu, Euskal Herrian ematen ari garen urratsak lagunduko dituzten gizarte-ekimenak sortzeko Madrilen. Espero dugu lan hori ekimen zehatzetan gauzatu ahal izatea.
Foro Sozial Iraunkorrak oso positiboki baloratu nahi ditu aste honetan Katalunian gertatutako bi mugarriak:
Joan den astelehenean, Kataluniako Parlament-ean, Junts Per Catalunya, ERC, PSC, En Comuns eta Cup alderdiek onartutako “Euskal Herriko bakearen aldeko Adierazpena” aurkezteko ekimena. Sinatzaile guztien artean Ganberaren gehiengoaren %70 ordezkatzen dute.
Adierazpen honi Kataluniako sindikatu ia guztiek atxikitu izana: CCOO, UGT, CSC sindikatua, Intersindical Alternativa de Catalunya IAC, Coordinadora Obrera Sindical cos eta CO.BAS.
Bi mugarri horiek 2017. urtearen amaieran hasi genuen lanaren emaitza dira. Bide horretan, Katalunian beti aurkitu izan dugu izugarrizko ulermena:
2018. urtea
Lehen agerraldia Consell Catalá de Foment de la Pau delakoan.
ICIPek katalanez argitaratutako ETAren armagabetze zibilari buruzko txostenaren aurkezpena apirilean.
Gosaria prentsarekin Kataluniako Kazetarien Elkargoan
Bartzelonako Udalak eta FundiPauek 2018ko ekainean Historia Museoan antolatutako jardunaldia.
"Euskal Herriko bakearen aldeko Bartzelonako Adierazpena", Junts Per Catalunya, ERC, PSC, En Comuns, Cup eta atxiki gabeko zinegotzi batek sinatua eta ekainaren 29an aurkeztua.
Bilera erronda Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko gehienekin. Jardunaldia Roger Torrent presidentearekin egindako lan-bielra batekin amaitu zen.
2019. urtea
Bigarren agerraldia Consell Catalá de Foment de la Pau-en.
Kataluniako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia uztailaren 1ean, ETAren, GALen eta Poliziaren indarkeriaren biktimekin batera, eta, hurrengo egunean, biktimen arteko mahai-ingurua Kazetarien Elkargoan.
Urriaren 7an, FEDEk (Justizia Globalaren aldeko Kataluniako Federazioa) adierazpen bat aurkeztu zuen Bilbon, Euskadiko GKEen koordinakundearekin eta REAS sarearekin batera.
Bide mamitsu hau oso testuinguru garrantzitsuan hasi genuela gogoratu behar da. 2017ko apirilean ETAren armagabetze zibila gertatu berria zen, eta 2018ko urtarrilean Foro Sozial Iraunkorrak iragarri zuen "ETA uda baino lehen desegingo zela", 2018ko maiatzaren hasieran gertatu zen bezala. Bi mugarri oso garrantzitsu euskal gizartearentzat, bai, baina baita Kataluniako eta Espainiako gizarteentzat ere.
Une hartan uste osoa genuen ETAren desegiteak eszenatoki berri batean jarriko gintuela, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarena, hain zuzen ere.
EAEn eta Nafarroan, bi erkidegoen berezitasunekin, adostasun zabala dago jada. Gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozial bat, giza eskubideen kultura batean oinarritutako bakearen aldeko apustua egiten duena. Sufritu izan dugunetik ikasiz etorkizunera begiratzea bilatzen duen gizarte bat.
Baina, aldi berean, Euskal Herriak bizi duen bake eszenatoki berriarekiko Estatu espainiarrean dauden ulertezintasun izugarrien jakitun ginen eta gara.
Aurreikusten genuen bezala, sektore batzuk aldaketa hori oztopatzen saiatzen ari dira. Boteretsuak dira garaileen eta garaituen logika errebantxista elikatzen jarraitzen duten aktoreak.
Astelehenean Bartzelonan esan genuen bezala, Foro Sozial Iraunkorrak uste du egoera hori iraultzeko korronte demokratiko bat sortu behar dugula. Iraganean bahitutako dinamikak gainditzeko garaia iritsi dela pentsatzen duten hainbeste demokrata espainiarrek ozen eta argi adieraztea behar dugu. Ireki den aukera-leiho honetan lagun gaitzatela.
Hori da gure konpromisoa, eta espero dugu datozen hilabeteetan Madrilgo gizartean egokiak diren ekimenetan gauzatu ahal izatea.