2018/07/12

Kataluniako Parlamentuan gehiengo zabal batek Euskal Herriko bakearen aldeko ekimen bat babestuko du

Gaur arratsaldeko 17:30ean Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko Presidentearekin bildu dira Agus Hernan eta Teresa Toda, Foro Sozial Iraunkorraren ordezkari gisa. Bilera honekin bi egunetan zehar egin dugun erronda amaitu da. Izan ere, Junts per Catalunya, PSC, CUP, ERC, Catalunya En ComĂș Podem, CUP, CCOO eta UGTrekin bildu gara.

Bilera errondo honen helburua pasa den ekainaren 29an Bartzelonako udalean gehiengo zabalaz onartu zen “Euskal Herriko Bakearen aldeko Adierazpena” President-ari, talde parlamentariei eta sindikatuei aurkeztea izan da, eta Parlament-ean ere onartzeko aukerak aztertu ditugu.

Bilera erronda egin ostean argi geratu da gehiengo zabal batek Euskal Herriko bakearen aldeko ekimen bat babestuko duela Kataluniako Parlamentuan.

ETA desagertu ostean, Espainiako Gobernuaren Presidentea, PSOE bera eta beste eragile garrantzitsu batzuk espetxe politikaren egokitzearen alde agertu dira. Egokitzapen honetarako EAEko eta Nafarroako gehiengo politiko, sozial eta sindikalen babesa izango dutela badakite. Era berean, aurrera pausuak emateko presoek publiko egin duten borondatea ezagutzen dute, erantzukizunez eta egindako mina aitortuz.

Halere, jakin badakigu Euskal Herrian sortu den agertoki berria Espainian ez dela ondo ulertzen. Ez da ondo ulertzen ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen, nahiz eta sektore batzuetan behin eta berriz kontrakoa adierazi. Euskal jendartea eskatzen ari dena da espetxe politika arrunta aplikatzea, gaur egun dagoen salbuespen egoera gaindituz.

Eta ez da ulertzen Euskal Herrian eraikitzen ari garen bizikidetza Espainiako eta Kataluniako jendartearentzat ere onuragarria dela.

Hauek horrela, sektore batzuen aldetik espetxe politikaren aldaketa oztopatzen saiatuko direla aurreikusten dugu. Eta horretarako, mendekua eta errebantxa astinduko dute.

Euskal jendarteak, ordea, bakean bizi nahi du. Bizikidetzan oinarritua egongo den etorkizuna eta adiskidetze prozesurako oinarri sendo bat eraiki nahi du euskal jendarteak.

Foro Sozialaren aldetik, akordio politiko, sozial eta sindikal zabal baten alde ari gara lanean, presoen auziari konponbide orekatu eta zentzuduna emango diona, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari erantzungo diona, eta euskal jendarteak, epe zentzudun batean, presorik gabeko jendarte batean bizitzeko duen nahiari erantzungo diona.

Zentzu honetan egiten ari garen lanaren helburua sektore demokraten artean konplizitate berriak eraikitzea da. Alderdi politiko, sindikatu, kazetari eta gobernuz kanpoko erakundeekin lanean ari gara, konponbidearen aldeko iritzi korrontea sortzeko Estatu espainolean.

Eta horretarako, iraganean ainguratua dauden dinamikak gainditu behar direla uste duten demokrata espainiar eta katalan horiek guztiak ozen eta garbi hitz egitea beharrezkoa da. Ireki den aukera-leiho honetan laguntzea behar dugu.

Zentzu berdinean, Bartzelonan eta Katalunian hasi dugun bidea Estatu espainoleko beste leku batzuetara eramango dugula iragarri nahi dugu.