2022/12/01

Ibilbide oso desberdinetako 9 pertsonak garatu duten kontakizunari buruzko «Memorien Elkarrizketa» esperientzia pilotuaren aurkezpena

Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean agerraldia egin dute 9 lagun hauen ordezkaritza batek, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak sustatu duen «Memorien elkarrizketa» esperientzia pilotua aurkezteko.

Agerraldiaren bideoa: HEMEN 

Jakina da, bizikidetza demokratikoa sendotzeko asmoz, Foro Sozial Iraunkorrak elkarrizketarako espazioak sustatu dituela, publikoak zein pribatuak, indarkeria- garaian gertatutakoaren «kontakizunaren» inguruan. Topaketa horiek memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko oinarriak finkatzeko ekarpen bat izan nahi dute.
Ildo horretatik, azaroaren 30ean, Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean agerraldi bat egin da, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak sustatua, «Memorien elkarrizketa» esperientzia pilotua aurkezteko.
Elkarrizketa diskretuko esperientzia bati buruz ari gara, Iruñerrian garatu dena azken 13 hilabeteetan eta tradizio politikoak eta bizi-ibilbide oso desberdinak dituzten 9 lagunek garatu dute. 
Prestakuntza-prozesuan 17 pertsonarekin jarri ginen harremanetan. Azkenik, hamaika lagunek osatu zuten taldea, baina horietako bik ezin izan zuten prozesua bukatu arrazoi mediko edo familiarrengatik.
Hauek dira prozesu osoa garatu duten pertsonak: Camino Oslé, Jaxin Gómez, Fede de los Ríos, Carlos Otxoa, Miguel Garrido, Carmen Izal, Patricia Amigot, Mertxe Eraso eta Beatriz Ukar. Prozesuak Iñigo Retolaza Gernika Gogoratuz bideratzailearen laguntza izan du.

Uste dugu esperientzia hau oso interesgarria izan dela, Nafarroan memoria kritiko inklusiboari egindako ekarpena baita, bizikidetza demokratikoaren eraikuntza sustatzeko eta elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna bakar gisa bultzatzeko.
Foro Sozial Iraunkorrak sustatutako antzeko bigarren esperientzia da. Joan den ekainean publiko egin genuen “Kontakizunen Foroa”, 2019. urtearen amaieran hasi zena, Conciliation Resource Fundazio britainiarraren laguntzarekin eta Nerea Bilbatua bideratzaile lanekin.
Kasu hartan, esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa izan zen, eta 11 pertsonak osatutako talde batek eraman zuen aurrera. Parte hartzaileen artean ETAkoak izandakoak, bakearen aldeko ekintzaileak (urte haietakoak eta gaur egungoak),
sindikalistak, feministak, akademikoak eta arlo honetan erantzukizun instituzionalak izan zituzten pertsonak zeuden. Parte-hartzaileek erabaki zuten diskrezioan mantentzea, eta soilik prozesuaren existentzia bera eta ateratako ikasgaiak argitaratu ziren.