2018/03/28

Gomendioeen aurkezpenaren prentsaurreurrekoa

Bake prozesua bultzatzeko adostasunak gomendatzen ditugu desarme eta presoen itzultzerako, Giza Eskubideen bermerako eta iraganari aurre eginez elkarbizitza eraikitzeko

2013ko iragan martxoaren 14ean eta 15ean bake prozesua bultzatzeko Foro Soziala egin zen erakunde anitz eta pluralek antolatuta eta bultzatuta. Azken bi hilabeteotan bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialeko erakunde sustatzaileek, Foroan jorratutako gai bakoitzaren (desarme agenda eta preso eta iheslarien itzultzea, Giza Eskubideen bermea eta nola egin aurre iraganari) errelatoreekin batera gaur aurkezten dugun gomendio dokumentua jorratzen aritu gara.

Ondorio nagusia: adostasunak beharrezkoak dira

1.- Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren bi saioetan, munduan izan diren beste bake prozesu batzuei buruzko esperientziak entzuteko aukera izan zen. Esperientzia horietako bakoitzaren berezitasuna aintzatetsi eta errespetatuz, horietan guztietan funtsezko ideia bat nabarmendu dela ikusi dugu izendatzaile komun bezala: konsfiskazio, desegite eta presoen itzultzea, Giza Eskubideen bermea, iraganari aurre egin eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak ezartzea helburu duen agenda baten erronkei heldu zaien bakoitzean, adostasun zabalen eremu bat egon da, gai horiei guztiei modu ordenatuan, eraikitzailean eta erabakitzailean heltzea ahalbidetu duena.

Horregatik, hau da nazioarteko adituen ekarpenetatik eta herritarren proposamenetatik nabarmentzen dugun ondorio nagusia: maila politikoan, erakundeetan zein gizartean adostasun zabalak lortzeko gai izateak berebiziko garrantzia du eta erabakigarria da eta adostasun horiek bake prozesua errotzeko mekanismo eta ekimenak zeintzuk diren definitzea ahalbidetuko dute.

Bake prozesua bultzatzeko gomendioak

Desegite eta desarmatze prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramatea

2.- Herritar ororen segurtasuna bermatzea xede, eta bake prozesuaren funtsezko zati bezala, ETAren armen eta egitura militarren desegitearekin bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzea gomendatzen dugu.

3.- Zentzuzko denbora-tarte batean gauzatu beharreko prozesu honek hasieratik erakunde erraztaile independienteen esku hartzea eta laguntza izatea gomendatzen dugu, Estatuei eta bere instituzioei zein jendarteari, oro har, egindakoaren segurtasuna emateko.

Preso eta iheslarien itzultzea erraztea

4.- Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea gomendatzen dugu. Elkarbizitza egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko funtsezko elementua da. Horretarako, legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea beharrezkoa dela deritzogu, jendarteari elkarbizitza errotzen lagunduz. Aldi berean, hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatu behar dira, nazioarteko estandarren kontra doazen salbuespen neurriak bertan behera utziz. Hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa, familiak zigortzen dituena.

5.- Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea gomendatzen dugu; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuko denbora-tarte batean gauzatu behar dela onartuz. Presoek bake eszenatoki berriarekiko konpromezua agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortu behar dute.

6.- Bake eta normalizazio prozesuaren garapenean presoak eragile aktiboak izatea gomendatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua da presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak eta iritzien partekatzea erraztea, etorkizunean inongo indarkeriak tokirik izango ez duen elkarbizitza bultzatzeko helburuarekin.

7.- Iheslarien egoera aztertzea gomendatzen dugu, gizartera daitezen bideak bilatuz, konponbide bat emanez.

Giza Eskubideak bultzatu eta bermatzea

8.- Giza Eskubideak eta askatasun demokratikoak guztiz ziurtatzeko beharrezkoak diren lege aldaketak inplementatzea gomendatzen dugu, horretarako beharrezkoak diren mekanismoak eratuz. Lehendabiziko pausu bezala, erakunde independiente batek Giza Eskubideen egoera aztertu beharko luke.

9.- Zigorgabetasunerako tokirik ezin dela izan jasotzen duen printzipioa finkatzea gomendatzen dugu. Nazioarteko lege ordenamenduarekin bat ez etortzeaz gain, egia, justizia eta aitortzaren printzipioen kontra eta biktimen eskubideen kontra joango litzateke. Dena den, nazioarteko estandarrek justiziaren aplikazioak bake prozesu baten testuintugurua aintzat hartzea baimentzen dute.

10.- Estatuaren segurtasun-indar eta kidegoen kopurua eta eginkizuna berdimentsionatzea gomendatzen dugu errealitatera moldatuz. Halaber, segurtasun-indar eta kidegoen gaineko kontrol mekanismoak indartu behar dira erakunde eta gizarte zibilaren aldetik.

Egia eta memoria babestea iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko

11.- Erakundeek egia, justizia eta adiskidetze prozesu zabal bat eta jendarte osoa barne hartzen duena bultzatzea gomendatzen dugu. Oinarrizko Giza Eskubide guztien errespetutik abiatuta etorkizuneko elkarbizitzarako oinarriak sortzea da helburua. Hori izanik xedea, beharrezkoa da jazotakoari eta bere jatorriari heltzea, biktima guztiak aintzatestea eta dagokien ordaina ematea eta eragindako kalte guztiakaitortzea. Era berean, Egia eta Adiskidetzerako mekanismo bat horri guztiari aurre egiteko tresna baliagarria dela ulertzen dugu, erakundeek bultzatu edo babestutako mekanismoa izanik eta independientea, zeinetan gizarte zibila den protagonista.

12.- Kontatzeko eta gogoratzeko era ezberdinak erraztea gomendatzen dugu, gertatutakoa ukatu gabe, sektore sozial eta politiko guztietan autokritika bultzatuz eta egindako akats larriak aintzatesteko jardun zintzoa bultzatuz. Ildo honetatik, biktima eta giza eskubideen urraketa guztien datu-base ofizial, publiko eta osatu bat egitea premiazkoa da, galdu edo lausotu aurretik jazotakoaren memoria gordetzeko.

Azkenik, dokumentu honetan jasotako jarduera guztiak biktima guztiek daukaten egia, justitzia eta ordaintza eskubideekiko errespetuarekin bateragarriak izan behar direla uste dugu.

Gomendioen kudeaketa

Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren gomendioak bakeforosoziala.org webgunean daude jasota. Momentu honetatik aurrera, Foro Sozialaren erakunde antolatzaileak gomendio hauek zabaltzeko lanean arituko gara. Konkretuki, bake prozesuan inplikatutako erakunde guztiei aurkeztu nahi dizkiegu eta alderdi politiko guztiei bidaliko dizkiegu.

Gainera, jendarteak bake prozesuan zeregin garrantzitsua duela sinetsita gaude. Blokeo eta zailtasun momento hauetan, gure parte-hartzea eta bultzada prozesua martxan mantentzeko funtsezkoa da. Horregatik, datorren asteotan bake prozesua bultzatzeko jendartearen parte-hartzea sustatzeko ekitaldi berriak antolatuko ditugu, gure ahotsa eta gure elkarbizitzarako desioa entzunak izateko aukera eskainiz.