2018/03/29

Foro Sozialaren Agerraldia Eusko Legebiltzarrean

Foro Sozialaren Agerraldia Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidente estimatua; legebiltzarkide estimatuak; lehenik eta behin gure esker ona adierazi nahi genizueke bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak garatutako lana legebiltzarrean aurkezteko aukera hau.

Bake Bideak, bake prozesua bultzatzeko Iparraldeko plataforma sozialak, eta Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, nazioarteko erakundeen lankidetzarekin, era bateratuan abiarazitako ekimena da Foro Soziala. Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren helburu nagusiak euskal gizartearen partaidetza sustatzea bake prozesuan eta bakea eta bizikidetzaren bidean aurrerapauso berriak bultzatzeko ahalmena duten ideia berri barneratzaileak sortzea dira. Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren lehen saioak 2013ko martxoan egin ziren. Armagabetzea, presoen itzultzea, Giza Eskubideak eta iraganari nola aurre egin lantzen dituzten nazioarteko 11 adituk parte hartu zuten. 700 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte eztabaidetan eta 500 ekarpen baino gehiago jaso genituen. Eztabaiden eta jasotako ekarpenen edukia kontuan hartuta, Bake Bideak eta Lokarrik 2013ko maiatzean bake prozesua bultzatzeko gomendio-sorta bat aurkeztu zuten. Gomendioen atal batek bake prozesuan presoen gizarteratzea bideratzeko proposamen ezberdinetan jarri zuen arreta, hurrengoa gomendatuz zehazki:

“4.- Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea gomendatzen dugu. Elkarbizitza egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko funtsezko elementua da. Horretarako, legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea beharrezkoa dela deritzogu, jendarteari elkarbizitza errotzen lagunduz. Aldi berean, hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatu behar dira, nazioarteko estandarren kontra doazen salbuespen neurriak bertan behera utziz. Hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa, familiak zigortzen dituena.

5.- Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea gomendatzen dugu; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuko denbora-tarte batean gauzatu behar dela onartuz. Presoek bake eszenatoki berriarekiko konpromisoa agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortu behar dute.

6.- Bake eta normalizazio prozesuaren garapenean presoak eragile aktiboak izatea gomendatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua da presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak eta iritzien partekatzea erraztea, etorkizunean inongo indarkeriak tokirik izango ez duen elkarbizitza bultzatzeko helburuarekin.”

 

2014ko ekainean Bake Bideak eta Lokarrik bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren saio berriak antolatu genituen. Oraingo honetan, presoen auzia jorratzeko gomendio hauetan sakontzea izan zen asmoa.

Horretarako, Giza Eskubideetan, presoen gizarteratzean eta bake prozesuan haien partaidetzan adituak diren pertsonen ekarpenak izan genituen. Gonbidatutako bederatzi adituak hauek izan ziren: Brian Currin Hego Afrikako abokatua, José Antonio Martín Pallín Auzitegi Goreneko magistratu emeritua, Iñaki Lasagabaster katedraduna, Rafa Sainz de Rozas, Jon Mirena Landa eta Francisco Javier Mira irakasleak, Juan Mari Olano legebiltzarkide ohia, Seanna Walsh IRAko buru ohia eta Daniel Holder Justizia Administrazioaren Batzordeko Zuzendariondokoa.

Aditu hauek eskainitako ideiak kontuan hartuz presoen itzultzeari buruzko ondorio eta proposamenen agiri bat egin genuen, joan zen urrian aurkeztu genuena eta gaur legebiltzarrean aurkeztu nahi duguna.

Zehazki, ondorio hauek 4 multzok osatzen dituzte: Oinarrizko Eskubideak, nazioarteko hitzarmenen betetzea, presoen itzultzea eta presoen ekarpena bakea eta bizikidetzari.

1- Presoen Oinarrizko Eskubideen errespetuari dagozkien gaiak eta presoen itzultzeari dagozkienak bereiztea proposatzen dugu.

Presoen Oinarrizko Eskubideak, giza duintasunaren errespetua merezi duten pertsonak diren heinean, bermatu egin behar dira baldintzarik gabe, edozein dela ere bake prozesua eta bizikidetzarekiko beren jarrera. Bitartean, beren itzultzea ahalbidetuko duten baldintzak argitu eta adostea komeni da.

2- Presoen Oinarrizko Eskubideei dagokienez Espainia eta Frantziak onetsitako Nazioarteko Itunak aintzat hartu eta errespetatu behar dira aitzakia eta atzerapenik gabe. Horiek betetzetik hurrengoa ondorioztatzen da:

- Presoak inguru familiar eta sozialetik urrun mantentzeko estrategia bukatu egin behar da, eta beraz, presoek aukeratutako kartzela batera lekualdatu beren itzultzea ahalbidetuko duten loturak mantentzeko gai izan daitezen.
- Ezin da luzatu larriki gaixo dauden eta adin handikoak diren presoei dagozkien Eskubideen ezarpena. Baldintzapeko askatasuna ezartzeari ekin behar zaio.
- Giza Eskubideen Europako Auzitegiak defendatu zuen bezala, presoek eskubidea dute beren zigorraren iraupenarekiko itxaropena zein den jakiteko. Horregatik, zigorra bete egin dutenen askatasuna atzeratzeko joera duten neurri guztiak bukatu behar dira.

3- Itzultzeari dagokionez, presoen itzultzea errazteko neurri zehatz batzuk proposatzen ditugu:

- Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroako Foru Komunitatera kartzelen eskuduntza transferitu, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan adierazitakoarekin betetzeko.
- Instituzio eta alderdi politikoen adostasuna eta eragile sozialen partaidetza izango duen plana sortu presoen itzultzea garatzeko. Plan honen oinarria hurrengoa litzateke: 1) ETArekin lotura, erreala edo ez, izateagatik preso daudenei beste edozein presori bezalako baldintzekin ematea tratamendua, 2) egungo egoera aintzat hartua izan dadila, non euskal gizartea bortizkeria eta istilu egoera batetik, bake eta bizikidetza egoera batera igarotzen ari den, 3) biktimen memoria eta aintzatespen eskubideekin errespetuz joka dezala, 4) presoen inplikazioa izan dezala eta 5) ezberdintasunak eta aniztasuna errespetatuko dituen bizikidetza baketsu batekiko presoen konpromiso garbi batek lagun dezala.

4- Bizikidetza eta bake prozesuari presoek egin diezaioketen ekarpena dela-eta, hurrengoa deritzogu:

- Beharrezkoa da bake prozesuan presoen partaidetza eraikitzailea bultzatzea. Bai elkarren artean zein beren abokatu eta bitartekariekin eta herritarren ordezkari eta eragile sozialekin hitz egin eta lan egiteko murrizketak kentzeak lagunduko luke helburu horretan.
- Presoek bizikidetzari egin diezaioketen ekarpen nagusietako bat bake prozesua eta bizikidetzaren aldeko, indarkeria-bideei uko egiteko eta egindako minaren aitorpen zintzoa egiteko konpromiso garbia hartzea da.

 

Eusko Legebiltzarraren papera ondorio hauek ezartzeko orduan oso garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. Horregatik, hurrengoa proposatu nahi dizuegu:

1- Presondegien eskumena Euskal Autonomia Erkidegora ekartzeko eskaera errepika dezala Eusko Legebiltzarrak, Gernikako Estatutuan adierazitakoari jarraiki.

2- Presoei dagozkien Giza Eskubideen errespetu eta berme maila ebaluatzeko txosten bat sustatu dezala Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak.

3- Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak presoen kolektiboko ordezkariekin bilera eska dezala gizarteratzeko eta bizikidetza eraikitzeko haien balorazioa eta proposamenak ezagutzeko.

Bukatzeko, gure esker ona adierazi nahi dugu presoen itzultzearen inguruko ideia hauek aurkezteko gonbidatu izanagatik. Ekarpen hau Eusko Legebiltzarrak garatu beharreko lanerako eraikitzailea eta positiboa izatea espero dugu.