2020/10/15

Foro Sozialak parte-hartze prozesu handi bat jarriko du abian bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzeko, gertatutakoa ez errepikatzeko xedearekin

Larunbat honetan, urriaren 17an, Donostiako Aiete Jauregian aurkeztuko da, Nazioarteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenean, "Bizikidetza Demokratikoarekiko Konpromiso Soziala" ekimena. Etzi aurkeztuko dugun prozesuaren xedea gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezartzea da.

Ez errepikatzeko bermeak giza eskubideen eta bakearen kultura eraikitzeko baldintzetako bat dira, biktimentzat egia, justizia eta erreparazioarekin batera. NBEk definitutako nazioarteko estandar bat da.

Paradoxikoki, nahiz eta duela urte gutxi baino askoz hobeto gauden, azkenaldian pairatzen ari garen eztabaida politikoaren tentsionamenduak berriz ere mahai gainean jarri du bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren beharra. Askatzeko dauden korapiloak askatu arte eta bizikidetzarekin konpromiso sendoa hartu arte, gizarte zibil gisa, ezingo da ziurtatu berriro ez gertatzeko bermeak ezarri ditugunik.

Aietetik gaurdaino, Kanbotik pasatuz, ezohiko bake-prozesu bat eraiki dugu. Hasiera batean logika aldebakarrekoa izan bazen ere, gaur egun prozesu aldeanitza da, eta eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial asko ari dira prozesu horretara beren ekarpena egiten.

Eta harrotasunez esan dezakegu gizarte zibila erabakiorra izan dela, izan garela, emandako aurrerapen horietan, motorra gehiegi gripatzen zenean olioztatzaile lanak egiten.

Eta bake-prozesu hau bere isla du datu zehatzetan: Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen azterlanetan, adibidez, eboluzioa nabarmena izan da. "Zure ustez, zein egoeratan dago Euskadiko bake-prozesua?" galderari, orain, % 55ek uste dute aurrera egiten ari dela; 2014an, berriz, ehuneko hori % 28koa baino ez zen. Era berean, orain prozesua blokeoan dagoela soilik % 38ak uste du, duela 6 urte gehiengo zabal batek ( % 58k) hala baloratzen zuen bitartean. Azken batean, gizarteak uste du bake-prozesu bat abian dagoela eta aurrera doala.

Egia esan, gizartea alderdi politikoen aurretik doa bizikidetza demokratikoa eraikitzeko orduan, eta, beraz, gizarte zibilari dagokio (dagokigu) iniziatiba hartzen jarraitzea. Prozesu berri honen bidez, gizarte zibileko eragileei aukerak eskainiko dizkiegu, banaka, sektoreka edo kolektiboki, modu publikoan edo pribatuan, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrerapauso bat (bat gehiago) eman ahal izateko.

Izan ere, urte hauetan aurrerapen handiak egin diren arren, bake-prozesua hiru korapilo ditu oraindik askatzeke: biktima guztien eskubideen errespetua eta haien arteko diskriminazioaren amaiera, presoak, iheslariak eta deportatuak eta memoria kritiko inklusiboa.

Larunbat honetan aurkeztuko dugun prozesuak urtebete baino gehiagoko lan diskretua du atzean Foro Sozial Iraunkorrean. Hasieran, bilera eta batzar presentzialen bidez, gero bide telematikoz, pandemiaren ondorioz. Orain, datozen aste eta hilabeteetan, kanpora atera eta pertsona desberdinen artean elkarrizketa sustatuko dugu, elkarren arteko errespetuan oinarrituta hitz egiteko gai izango direnak, nahiz eta kasu batzuetan, garai batean aurrez aurre zeuden pertsonak izan.

Badakigu Foroa ez dela bizikidetza eraikitzeko apustua egiten ari den eragile bakarra. Ildo horretako ekarpen guztiak onak dira, baita esparru instituzional edo politikokoak ere. Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan ez dago inor soberan, eta guk Foro Sozialaren ezagutza guztia jarriko dugu mahai gainean, urte hauetan metatutako esperientziarekin (eta arrakastekin).

Aurten, osasun-baldintzek eragotzi egiten digute larunbateko ekitaldia aurrekoetan bezala ezaugarritzea. Edonola ere, Aieteko Jauregia, beste behin ere, gure bake-prozesu berezi honetako urrats kualitatibo berri baten lekuko izango da.