“Kezkagarriak dira azken asteetan, EAEn, Estatuko biktimekiko tratamenduan izandako atzerakada politikoak. Alderdi guztiei eskatzen diegu gogoeta egin eta jarrera eraikitzaileak har ditzatela, biktima hauek jasaten duten errebiktimizazioan eta kategorizazioan ez sakontzeko”
Euskal gizarteak garai berri bat bizi du, eraikuntza-garai bat. Azken hamarkada honetan eman diren urratsak, neurri handi batean, gizarte zibileko erakundeen bultzadari esker eman dira, adibidez, Foro Sozial Iraunkorrean parte hartzen duten eragileen bultzadagatik. Hala, aukera-leiho bat ireki dute, eta agertoki berri batean kokatu gaituzte, non etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzea erabateko lehentasuna hartu duen. Aktore eta pertsona askoren lanari esker, gizarte berri baten oinarriak jartzen ari gara, pertsona guztiek euren eskubideen jabe izateko eta jasan dugunaren antzeko ezer ez dela errepikatuko bermatzeko.
Horretarako, zalantzarik gabe, urte luzeen eskubideen urraketaren ondorioak itxi egin behar dira. Foro Sozial Iraunkorraren terminoetan, “askatzeke dauden hiru korapiloak” konpondu behar dira:
Gaur, ohar honen bidez, lehenengo korapiloaren konponbideari buruzko azterketa egin nahi dugu.
Ukaezina da aldaketak egon direla biktima guztien eskubideen errespetuari dagokionez. Lehen aldiz, biktima hauen aitortzeko legeak ditugu, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bai Nafarroan, berriki abian jarri direnak; azken 60 urteetan torturatutako pertsonen kopuruaren berri ematen duten txostenak daude, nazioarteko protokoloetan oinarrituta; gehiengo politiko eta sindikalak daude, instituzioetako ekimenetan islatzen direnak salbuespenezko espetxe politikoaren urteetan, adibidez, eman ziren biktimizazioak aitortzearen alde; eta abar.
Nafarroako Foru Komunitatea
Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, bereziki itxaropentsua da TCk 16/2019 Foru Legearen inguruan eman berri duen epaia. Lege honetan, Estatuaren indarkeriagatik Nafarroan eraildako, torturatutako edo larri zauritutako pertsonak aitortzen dira. Era berean, nabarmendu behar da bizikidetza demokratikoaren eraikuntza boikotatzen saiatzen ari diren sektore negazionistek jarritako errekurtsoaren aurkako epaia dela.
Foro Sozial Iraunkorrak oso positibotzat jotzen du 16/2019 Legea abian jartzea ahalbidetuko duen erabaki hori; izan ere, gure ustez, lege horrek bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen du, biktima asko eta Estatuak egindako giza eskubideen urraketa asko ofizialki eta publikoki aitortzeko aukera ematen baitu. Alde horretatik, uste dugu oso garrantzitsua dela, eskaerak aurkezteko epeak eta bideak zehaztu ondoren, biktimek hala egitea eta behar diren tramiteak egiten hastea.
Euskal Autonomia Erkidegoa
Aitzitik, kezkagarria da Euskal Autonomia Erkidegoan ikusten dugun egoera. Bereziki kezkatzen gaituzte azken asteetan Estatuko biktimekiko tratamenduan izandako atzerapen politikoek.
Nahiz eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetan duela bi urtetik indarkeria horien biktimak aitortzeko Lege bat abian den; eta nahiz eta zenbait akordio instituzionaletan islatzen diren adostasun politikoek (adibidez, udaletan sustatutako mozioek) agerian uzten duten adostasun politiko zabala dagoela biktima haien aitortzarako, azken asteetan biderkatu egin dira adostasun hau nahasten ari diren elementuak.
Beste behin ere, Estatuaren biktimentzako bidezko tratua bilatzea oztopatzen duten erabaki judizialez ari gara; arduradun politikoek emandako tratamendu desberdina biktima hauek planteatutako kezkei eta eskaerei; edo Estatuaren biktimen elkarteek egindako interpelazioaren aurrean erakunde politiko batzuek izan duten jarrera aldaketa.
Berdintasunez tratatzea
Foro Sozial Iraunkorrak azpimarratu nahi du horrelako jarduerek zaildu egiten dutela etorkizuneko bizikidetza demokratikorako pausoak ematen jarraitzea, Estatuko biktimak birbiktimizatzen, desberdin tratatzen eta kategorizatzen jarraitzen dutelako. Behin betiko gainditutzat genuen umiliazio-egoera itzuli da, alegia.
Horregatik eskatzen diegu eragile instituzional eta politikoei gogoeta berri bat egin dezatela bakea eraikitzeko prozesuaren une honetan bete behar duten zereginaren inguruan, euskal gizarteak eskatzen dizkien konpromisoak bere egin ditzatela, eta biktima horiek biirbiktimizatzeko jarrerak saihets ditzatela kosta ahala kosta.
Biktimen eskubideei dagokienez, Foro Sozial Iraunkorraren lana gidatzen duen premisa nagusia zera da: biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea; eta giza eskubideen urraketa horiek guztiek onarpen politiko eta legalaren maila bera izan behar dute, kontuan hartu gabe zein izan den biktima horiek gauzatu dituen eragile bortitza. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe.
Printzipio hau ukaezina da giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarritutako bizikidetza demokratikoaren behin betiko oinarriak ezartzeko.
Helburu horretan, biktima guztiak “kontakizunaren bataila” delakoaren eztabaidatik kanpo geratu behar dira (eztabaida hori zilegi dela onartu arren), eta, horretarako, oinarrizko baldintza da biktima guztiak berdintasunez tratatzea.
Biktimek dagokien errekonozimendua lortu behar dute, eta jasan duten indarkeria motaren arabera kategorizatuta izateari utzi, behingoz. Biktima bakar bat ere ezin da inoiz baztertua sentitu behar, are gutxiago ordezkari publikoen eskutik.
Oztopo askok zaildu ditzakete etorkizuneko bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan egindako aurrerapenak, eta erronka askok gainditu beharko dira. Alderdi guztiei dagokie jarrera eraikitzaileak hartzea, alde baten aldeko jarrerak baztertuz. Foro Sozial Iraunkorrak horrela jardutea eskatzen die alderdi guztiei.