Indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako agendari dagokionez Covid-19 pandemiak sortutako egoera berriaren inguruko hausnarketa
1.- SARRERA
Datozen asteetan, euskal gizarteak ziurgabetasunez betetako konfinamenduaren arintze fase progresiboari ekingo dio.
Iragarritako epeak errespetatzen badira, azkenean zortzi aste igaroko gara konfinamenduan. Baina, gaur egun ere, ez dakigu zer ondorio izango dituen honek etorkizun hurbilean.
Aldez aurretik, gure doluminak bidali nahi dizkiegu familiarrak edota lagunak galdu dituzten pertsona guztiei. Izan ere, ezin izan ditugu duintasunez agurtu, eta horrek zaildu egiten du dolu-prozesuari aurre egitea. Era berean, gure aitortza publikoa erakutsi nahi diegu profesional guztiei, salbuespenik gabe, sektore guztietan ezinbesteko jarduera bermatu baitute. Gure elkartasuna eskubideak urratu zaizkiela sentitu duten pertsona guztiei. Gure txaloak gizarteari, erakutsitako heldutasunagatik eta kohesioagatik.
2.- TESTUINGURUA
Aste hauetan, totemak ziruditen hamaika printzipio des-eraiki dira. Baina, aldi berean, besteekiko eta beste errealitate batzuekiko joan-etorriko elkartasuna sustatzeko beharraz jabetu gara. Izan ere, Foro Sozial Iraunkorrak beti jarri du arreta elkartasunean, Bakearen eraikuntzan beste batzuek ikasitakoari balioa emanez, gure errealitate zehatzera hurbiltzeko eta ikasten jarraitzeko, baita joan-etorriko prozesu batean ere. Elkartasun horrek batzen gaitu eta subjektu zabalago baten kide izatearen sentimendua indartzen du. Eta itxaropena elikatzen du testuinguru gogor eta konplexuen aurrean.
Egoera hau bereziki gogorra izan da indarkeria-mota desberdinen adierazpenak jasan dituzten biktimentzat (ETA, GAL, torturatuak, bahituak, desagertuak, etab.). Jakin badakigu derrigorrezko konfinamendu honek une mingarri haien oroitzapenean sakontzen duela.
Etxean nahitaez konfinatua egon beharra bereziki gogorra izaten ari da presoen senide eta hurbilekoentzat. Izan ere, areagotu egiten da arrazoirik gabeko urruntzeak eta salbuespeneko espetxe politikek berez eragiten duten mina. Gara hauetan, frustrazioa eta komunikazio-zailtasunak are handiagoak dira.
Aitzitik, esperientzia komunitario berriak sortu dira arazo eta beharrei erantzuteko. Hurbileko sare sozial berriak sortu ditugu. Bigarren mailakoa erlatibizatzen eta benetan garrantzitsua zer den ikasi dugu. Behar materialak eta behar ukiezinak. Oinarrizko premien garrantzia: etxebizitza duina, elikadura, osasun-sistemarako sarbidea. Eta, batez ere, modu kolektiboan ikasi dugu pertsonen arteko bizikidetza, gizarte-kohesioa eta osasuna izan behar direla gure bizitzako balio nagusiak. Azken batean, aste hauetan agerian geratu zaigu gure ahultasuna gizaki gisa, bai eta elkarren arteko dependentzia ere. Eta horrek erreakzionarazi egin digu: komunarekiko eta kolektiboarekiko kezka, elkarrekiko laguntza, elkartasuna, bestearen larruan jartzea, haserreak eta beldurrak kudeatzen ikastea, umorearen, komunikazioaren, afektuaren eta askatasunaren garrantzia gure bizitzan... Hauek guztiak pandemia eta konfinamendu garaiaren ikaskuntzetako batzuk izan litezke. Horiek guztiek besteekiko dugun erantzukizunari buruz interpelatu egiten gaituzte, urrunekoak izan edo hurbilekoak.
Horregatik, enpatiarako, entzuteko eta elkarren artean zaintzeko uneak ere izaten ari dira. Azpimarratu nahi dugu muturreko egoeretan, batez ere, zaindu behar dela bizikidetza, kohesio sozialerako helburu eta tresna gisa. Eta, zentzu horretan, aste hauetan zehar, gure harri-koskorra modu apal eta diskretuan ekartzen saiatu gara.
Foro Sozial Iraunkorrak beti azpimarratu izan du gizarte zibilaren paper aktiboa. Izan ere, euskal gizarte zibilak askotan erakutsi du irtenbide berritzaileak bilatzeko gaitasuna. Azken urteotan konponbidearen agendan emandako urratsak horren lekuko dira. Oraingo honetan, gizarteak erresilientzia komunitarioa erakutsi du norbanakoaren etsipenaren aurrean. Utopia distopiaren aurrean.
Alde hau amaitzeko, hausnarketa orokorrago bat gehitu nahi dugu. Osasun-krisi global bati aurre egin behar izan diogun arren, pandemiak ez du eragin bera izan pertsona eta lurralde guztietan. Pandemiak ez ditu mugak kontuan hartzen, baina dagoeneko desberdinak diren gizarteetan eta mundu-antolaketa zehatz batean hedatu da. Eta hauek bai, hauek arraza, generoa eta gizarte-klaseak kontuan hartzen dituzte, sektore zabalak zaurgarri bihurtzen dituzten kategorietako batzuk aipatzeagatik. Eta gauza bera esan daiteke kartzeletan edo CIESen askatasunik ez duten pertsonei, paperik gabeko migratzaileei edo etxeko langileei buruz ere. Adierazle horiek gure azterketetan eta eztabaidetan sartu behar ditugu datozen hilabeteetan.
3.- ONDORIOAK TESTUINGURU BERRIAN
Hala ere, kezkatzen gaituzten hiru puntu azpimarratu nahi ditugu.
Lehenik, eskubide urraketen eta jarrera autoritarioen irudiak ikusi ditugu egunotan. Iritzi publikoaren zenbait sektoretan onartu egin diren irudi eta jarrerei buruz ari gara. Errealitate kezkagarriak dira, eta, jarraituz gero, gure gizarteak iraganean ezagutu zituen askatasun-murrizketetara eraman gaitzakete berriro ere.
Bigarrenik, buruzagi politiko askoren aldetik, gerra erretorikaz abusatu da pandemia garai hauetan. Sektore askotatik ohartarazten ari diren bezala, gerrari buruzko etengabeko erreferentziak erabiliz bidea irekitzen da, hau guztiaren ondoren, eskubide zibilen murrizketak ekarriko dituen kultura sozial belizista indartzeko.
Eta Hirugarrenik, eztabaida politikoa gogortzea. Izan ere, testuinguru honetan, ezinezkoa zirudien horrelakorik gertatzea. Esperientziagatik dakigu alderdien arteko eztabaida -beti legitimoa - gogortzeak ondorio zuzenak dituela indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko ekimenetan, eta, bereziki, "Kontakizunaren bataila" deiturikoaren enkistamenduan.
Orain adierazitako kezkek urrundu egiten gaituzte gizarte orok merezi duen bizikidetza demokratikotik. Foro Sozial Iraunkorrak bizikidetza demokratikoa sendotzeko lanean jarraitzen du, "Konponbiderako agenda" sustatuz. Baina jakin badakigu gizarte zibilaren alde desberdinetatik elikatu behar dela agenda hori, giza eskubide guztiak errespetatuko dituen bizikidetza eredu berrietara igaro nahi badugu.
4.- KONPONBIDERAKO AGENDA TESTUINGURU BERRIAN
Konfinamenduko zortzi aste hauetan, denbora izan dugu gure analisiak pausatzeko, gure gogoetetan sakontzeko eta ekarpen berriak diseinatzeko, testuinguru berrira egokituz. Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugun erakunde eta pertsonak ez gara geldirik egon.
Konfinamendutik ateratzen garenean ez da ezer berdina izango. Gizarteak lehentasunen agenda berria izango du. Baina egia da, era berean, bizikidetzari dagokionez, sartu ginenean genituen arazo berberak izaten jarraituko dugula. Zehazki, "Konponbiderako agendak" hor jarraituko du.
Krisiek aukera handiak eskaintzen dituzte iraganeko akatsetatik ikasiko duen etorkizun hobea eraikitzeko. Gizartea konfinamendutik aterako da lehentasun humanitarioen agenda berri batekin. Alde horretatik, indarkeria-zikloaren ondorioei dagokienez, ziur gaude konfinamendu garai honek baldintza hobeak sortu dituela konpontzeke dauden hiru korapiloen askatze prozesuari behin betiko bultzada emateko:
Lehena, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean oraindik ere irauten duen diskriminazioarekin amaitzea.
Bigarrena, salbuespeneko espetxe politika behin betiko indargabetzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea. Urgentea da urruntzearekin amaitzea, koronabirus garai honetan zigor gehigarri bat ezarri baitzaie senide eta hurbilekoei eta presoei beraiei ere.
Eta, hirugarrenik, gizarte-espazioetatik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena.
5.- GOMENDIOAK
1.- Premiazkoa da hitza desarmatzea. Eztabaida politikoan ere deseskalada prozesu bat egin behar da, dauden adostasun horiek beren potentzial osoa garatu ahal izateko eta konponbidea oztopatzen ari diren eta eragile guztiek dituzten beldurretatik askatzeko.
2.- Premiazkoa da bizikidetza demokratikoa eraikitzeko dinamiketan sakontzea, gizarte-kohesiorako helburu eta tresna gisa. Berdintasuna, inklusioa eta pertsona guztien giza eskubideekiko erabateko errespetuaren balioak funtsezkoa dira gaur egun.
3.- Premiazkotzat jotzen dugu biktimen eskubideen gaia edo presoei politika normalizatu bat aplikatzeko beharra (urruntzearen amaiera, lehen fase honetan) alderdien arteko gatazkatik ateratzea, eraginkortasunez ekin ahal izateko.
4.- Espero dugu gai honetan erantzukizuna duten eragile guztiek (gobernuek, alderdiek eta sindikatuek) ireki den aukera hau ulertzea eta baliatzea.
6.- ONDORIOAK
Pentsatzekoa da egoera honetatik aterako den gizartea ez dela hain permisiboa izango jarrera intransigenteekin, lubaki-posizioekin eta aurrerapenak blokeatzen dituzten eztabaidekin. Baita indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeari dagokionez ere.
Gehiengo eta adostasun transbertsal nahikoak daude gai horiek behin betiko konponbide-fasean sartzeko.
Lehen aipatu dugun bezala, indarkeria-zikloaren ondorioei dagokienez ziur gaude konfinamendu garai honek baldintza hobeak sortu dituela konpontzeke dauden hiru korapiloen askatze prozesuari behin betiko bultzada emateko:
Erabat sinetsita gaude, sufritu dugunagatik - sufritzen ari garenagatik -, gizarte hobea eraikitzea ahalbidetuko dituzten baldintzak sortzen ari garela.
Esan gabe doa irtenbide berritzaileak bilatzeko gure konpromisoak bere horretan jarraitzen duela, testuinguru zail batean bada ere. Horretarako, diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen eta gomendioak proposatzen jarraituko dugu.