Gaur goizean, Alboloteko espetxean (Granada), bilera berri bat egin dute Agus Hernanek, Foro Sozial Iraunkorraren ordezkari gisa, eta EPPK presoen kolektiboaren ordezkaritza batek (Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra Guridi) .
Azken bilera 2018ko abenduaren 8an egin zuten. Orduan, bi aldeek adostuta, denbora bat ematea erabaki zuten, bi gertaera garrantzitsuren bilakaeraren zain:
Pedro Sanchezen Gobernuaren behin-behineko egoera argitu arte itxarotea (zentsura-moziotik atera berria zen)
EPPK osatzen duten presoei espetxe-araudiaren barruan irekitako bidean sakontzeko aukera ematea, birgizarteratze ibilbidean izandako aurrerapenak, blokeoak eta atzerapenak ikuspegi jakin batekin aztertu ahal izateko.
Pedro Sanchezen Gobernua 2020ko urtarrilaren 8an aukeratu ondoren, eta, bi aldeen aldetik bilerak berriz egiteko adostasuna zegoenean, pandemia iritsi zen. Gaurdaino ez da aukerarik izan lan-eremu hau normaltasun minimo batekin berreskuratzeko.
Hilabete luze hauetan, interlokuzioa ez da geldirik egon. Asko izan dira bi aldeen arteko datu-trukeak eta hausnarketak.
Diagnostiko partekatua:
Bi aldeek bat egiten dute Mariano Rajoyren Gobernuaren immobilismo-fase luzea gainditutzat ematearekin; bi aldeek bat egiten dute aurreko espetxe-politikari aldaketa sakona emateko beharrarekin, jarraitutasuna bermatuta; bat egiten dute bi aldeek konfinamenduaren amaieratik igarotako hilabeteetan emandako urrats apalak kontuan hartzearekin; bat egiten dute bi aldeek, birgizarteratzeko ibilbidean agertzen ari diren oztopo berrien inguruko kezkarekin; bat egiten dute bi aldeek EPPK-k espetxe barruko ibilbidean sakontzearen aldeko apustuarekin; bi aldeek bat egiten dute, gai honen konponbidea eman beharreko markoari dagokionez, euskal eta nafar gizartean dagoen adostasun sozial, instituzional, politiko eta sindikal zabalaren inguruan.
Gaurko bileran, bi aldeek adierazi dute une garrantzitsua dela gai honen konponbiderako markoaren definiziorako eta datozen hilabeteetan gai horrek izango duen bilakaera zehazteko. Bi aldeek uste dute une honetan bi aukera daudela konponbide-marko horri aurre egiteko orduan:
Edo Espainiako Gobernuak egungo estrategiarekin jarraitzen du (tantaka eta konstantea), koiunturak etengabe baldintzatuta egongo denarekin eta milaka kilometro egitera behartuta dauden senideen sufrimendua mugarik gabe luzatuko duenarekin.
Edo bizikidetza demokratikoan urratsak ematearen aldeko apustu irmoa egiten du, oraindik dauden tapoiak askatuz: urruntzea, isolamendua, graduen eboluziorako zailtasunak, preso gaixoak, 70 urtetik gorako presoak, zigorrak metatzeari buruzko Europako araudiaren aplikazioa, eta 40 urteko espetxealdi errealen betetze-muga jarri zuen zigorrak osorik betetzeari buruzko 7/2003 Legetik eratorritako zigor- eta espetxe-salbuespenaren berrikuspena,
Bi aldeek uste dute gaur egun baldintzarik onenak bilduta daudela Espainiako Gobernuak bigarren aukeraren aldeko apustu irmoa egin dezan, gatibutasun-printzipioan oinarritutako politika gaindituz eta errealitate-printzipioan oinarritutako marko berri bat aplikatuz.
Foro Sozial Iraunkorrak EPPKri helarazitako hausnarketak
Gaur egungo egoerak euskal gizarteko sektore askotan eragiten duen frustrazioa ere baieztatu du Foro Sozialak, arriskuan jartzen duena diagnostikoan aipatutako adostasun zabalak sektore askotan lortutako sinesgarritasuna.
Foro Soziala bereziki kezkatuta dago egoera hori presoen senitartekoen artean sortzen ari den bir-biktimizazioarekin, presoei aplikatutako espetxe-salbuespeneko politikaren zeharkako biktimak baitira senideak.
Amaitzeko, Foro Sozialak EPPKri eskatu dio hasitako bidean jarrai dezala: birgizarteratze ibilbide bat, kasu kopuru handi batean lehen emaitzak dagoeneko ematen ari dena. Banakako ibilbide bat, espetxe-araudiaren baldintzak errespetatuz, bermeekin urratsak egiteko aukera emango diena.
EPPK-k Foro Sozial Iraunkorrari helarazitako hausnarketak
"Presoak, oro har, gordinki pairatzen ari dira Covid 19ren pandemiaren ondorioak, eta euskal preso politikoen kasuan egoera are eta gogorragoa da, gure kolektibo ia osoa urrunduta dagoelako. Nazioarteko, Estatuko eta Euskal Herriko erakunde eta instituzioek hainbat neurri hartzeko eskatzen dute, bai barne-erregimenean, bai osasun-arloan, bai baldintzapeko askatasunak emateari dagokionez, bai eta preso guztiak beren familia-ingurunetik edo bizilekutik hurbilen dauden espetxeetara eramateari dagokionez ere. EPPK-k eskertu eta txalotu egin ditu pandemiak preso eta senideengan izan dituen ondorioak arintzeko hainbat alorretan lortu diren adostasunak. Gobernuak eta espetxeen administrazioak honen aurrean emandako erantzun eskasaren aurrean, EPPK-k uste du egokia litzatekeela lortutako adostasunetan sakontzea, gobernu-organoek planteatutako aldarrikapenak gauza ditzaten".
"Irailaren 4an Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoa hilda agertu zen Martuteneko espetxean. Espetxe barruan, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz, hiltzen den hogeigarren euskal preso politikoa da. Eta hauek ez dira izan espetxe-politikaren biktima guztiak; izan ere, kartzelatik hiltzera irtendako hamahiru preso gehiago eta espetxeetarako bidean hildako hamasei senide gehitu beharko lirateke. Igorrek ez zuen kartzelan egon behar zorigaiztoko egun horretan, Igorrek aske egon behar zuen zigorraren 3/4ak beteta zituelako eta Administrazioak ondo zekielako gaixo zegoela. Igorrek, arrazoi bategatik zein besteagatik, baldintzapeko askatasuna lortu behar zuen, Espetxeetako Administrazioak horretarako borondatea izan balu. Baina ez zuen izan, eta arrisku handiko pertsona bat kartzelan mantentzen jarraitu zuen. Bada garaia gaixotasunagatik, eta aplikatzen zaien espetxe-erregimenaren baldintza gogorren presioagatik, espetxean hildako presoen zerrenda makabroa handitzeari muga jartzeko. Bada garaia espetxe-erregimenetik kanpo hobeto artatuak izateko neurri gehiago hartzeko; eta kasu larrienetan aske uzteko".
EPPK-k berretsi egin du "espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko prest dagoela. Adosten ez den diseinu orok porrot egin dezake. Konpromiso honetan kokatzen dira landu beharreko gai guztiak, arinenetatik konprometituenetara: preso gaixoak, bigarren graduak, biktimak, hirugarren graduak, sakabanaketaren amaiera, erantzukizun zibilak... Kolektibo honek heldutasun eta konpromiso politiko nahikoa du gauden testuingurua ulertzeko eta, ondorioz, konponbiderako guneetan ekarpenak egin ahal izateko ".
EPPKren interlokuzioak Foro Sozial Iraunkorrari helarazitiko kexen artean, honako hauek daude:
"1.- Gaur egun larriki gaixo dauden hamasei presoetatik hamahiruk espetxeratuta jarraitzen dute, euren egoeran inolako aldaketarik izan gabe eta inolako espetxe-arintzerik gabe.
2.- Gaur egun zigorraren 3/4ak beteta dituzten hirurogeita hiru presoen egoera, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera oro ukatzen baitzaie.
3.- Pandemia-egoeran arrisku nabarmena duten hirurogeita bost urtetik gorako hamazazpi presoetatik hamabosten egoera, espetxean mantentzeaz bestelako neurririk hartu ez dutenentzat, Nazioarteko, Estatuko eta Euskal Herriko osasun-erakundeek eta Giza Eskubideetakoek gomendatzen duten bezala.
4.- Ebazpen judizial berria Xistor Harambururi noiz aplikatuko zain, EPPKrentzat bereziki kezkagarria da Frantziako epaileak eta fiskaltzak Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Haranburu sine die espetxean edukitzearekin duten jarrera, hogeita hamar urteko zigorra bete dutenean, Estatu espainiarrean inoiz beteko ez zutena.
5.- EPPK-rentzat harrigarriak izan ziren Barne Arazoetako ministroaren adierazpenak, esan zuenean euskal preso politikoak ez direla modu kolektiboan tratatzen, indibidualki baizik. Izan ere, agerikoa da soilik gure kolektiboari diskrezionalki aplikatzen zaion espetxe politikak indarrean jarraitzen duela (urruntzea, 1. graduan sailkatzea) eta gainera, sistematikoki, kasu gehienetan kondena osoa bete arte mantentzen dena.
6.- Kordobako espetxeko egoera. Espetxetik atera berri direnak (Oscar Calabozo, Xabin Usandizaga eta Iñaki Alonso) edo laster aterako dena (Ibon Muñoa) azken egunera arte 1. graduan sailkatuta eduki dituzte, zigorraren 3/4-ak duela bost urte baino gehiago bete zituzten arren".