Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta, Foro Sozial Iraunkorrak gogoratu du Euskal Herriko gatazka delakoaren testuinguruan zazpi direla desagertutako pertsonak.
2011. urtetik, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen Erakundearen sustapenpean.
Euskal gatazkak eragindako min anitzen kopurua oso zabala izan da eta, tamalez, gurean ere badira egundo argitzeke dirauten zazpi behartutako desagertze kasu.
Pasa den martxoaren 17an Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu genuen “Argitu gabeko kasuak: biktimen egia jakiteko eskubidea bermatuko duen akordio integratzaile baterako proposamena” dokumentuan aipatzen genuen 482 kasuk zirautela oraindik “argitu gabe”. Horien artean daude gaur erreferentzia egin nahi diegun zazpiak.
Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu, “argitzeke” dauden kasuen antzera, euskal jendarte zabalaren ardura dela aitortzea desagertzera behartutako pertsona horien lagun eta senitartekoei dagokien egia jakiteko eskubidea. Hori dela eta, Nazioarteko Egun honetan ere gure konpromisoa aditzera eman nahi dugu.
Miramar Jauregiko agerraldian esan genuen modura, memoriari eta bizikidetzari dagokionez Foro Sozial Iraunkorraren lanaren oinarria da eta beti izango da lana egitea biktimek duten egia jakiteko eskubidea gauzatu dadin, justiziarako, aitortzarako eta ez errepikapenerako mekanismo egokiena dela sinetsita gaudelako. Nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, giza eskubideen urraketen biktimen artean ez diskriminatzeko printzipioa defendatzen dugu. Eta hori guztia egin behar da, batetik, indarkeria mota orotako biktima guztiekiko errespetu osoz; eta, bestetik, ahalik eta ikuspuntu zabalen eta integratzaileenaren bidez.
Behartutako desagertzea giza eskubideen urraketa larria da eta gehiegitan erabili da gizarte baten baitan beldurra barreiatzeko, baita euskal gatazka politikoaren kasuan ere. Praktika honek sorrarazten duen segurtasun falta sentsazioak ez du soilik eragina desagerrarazitako pertsonaren gertuko senitarteko eta lagunengan, baizik eta komunitate osoarengan, gizartearengan, bere osotasunean.
Behartutako desagertzeek urteetan eragin duten ziurgabetasun mingarriak eragin sakona izan du hamarkadetan zehar hainbat eta hainbat belaunalditan. Gurean, oraindik zazpi1 pertsonaren kasuak dira argitu gabe dirautenak:
Irunen bizi ziren A Coruñako hiru gazteenak: José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga, Biarritz eta Donibane Lohitzune artean desagertu zirenak 1973an.
Eduardo Moreno Bergaretxerenak (Pertur), 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertua.
Tomás Hernándezenak, 1979ko maiatzaren 15ean Hendaian desagertua.
José Miguel Etxeberria Álvarezenak (Naparra), 1980ko ekainaren 11n desagertua.
Jean Louis Larrerenak, 1983ko abuztuaren 7an desagertua Léonen (Landak).
Foro Sozial Iraunkorraren izenean, zazpi kasu hauek argitze aldera sortu diren ekimenak txalotu nahi ditugu, irakaskuntza arlotik, hemeroteka lanen bidez eta ebidentziak ikertuz eman diren pausuak egia ezagutzeko lagungarriak baitira.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzaren aldetik, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin elkarlanean, egin diren ikerketei buruz ari gara.
Era berean, desagertutako pertsonen familiakoen abokatuek egindako lana aipatu behar da, baita sortu diren herri ekimenak ere, erakutsi duten irmotasun eta konstantziari esker kasu hauek ez ahaztea lortu baitute.
Nahiz eta egia judizial moduan ez ofizializatu, ekimen hauek guztiek erreparazio moral eta sozialerako lagundu dezakete. Izan ere, biktima hauek askotan ahaztuak edo ukatuak izan dira denbora luzean zehar eta, euskal gatazka delakoaren ondorioak erabat gainditze aldera, biktimek dituzten behar pertsonalak asetzea aurrera pausu handia izan daiteke.
Behartutako desagertzeak larritasun handiko kasuak dira, eta tamainako arreta behar dute erakunde, gizarte zibila antolatua eta alderdi politikoen aldetik. Helburuak izan behar du zazpi pertsona hauen senide eta lagunek Egia, Justizia eta Erreparaziorako duten eskubidea, behingoz, bermatzea.
Oraindik pertsona hauek non dauden eta zergatik desagertu ziren ez jakiteak eragiten dituen mina eta sufrimendua oso presente daude. Hori dela eta, desagertu ziren garaietan egin ziren ikerketen gabeziak behingoz gainditzeko behar diren tresna guztiak eskaini behar direla uste dugu.
1Iturria: Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta Euskal Memoria Fundazioaren datu basea.