Gaur, Foro Sozial Iraunkorraren urteko Batzar Orokorra egin dugu Andoainen, Martin Ugalde Parkean. Ohikoa denez, batzarra aurreko urteko balantzea egiteko eta 2022rako lehentasunezko lan ildoak finkatzeko unea izatean da, eta gatazken
konponbidean nazioartean izan diren beste esperientzia batzuk aztertzeko baliatzen dugu. Aurtengo edizioan, Egiaren Batzordeak egin diren esperientzietan sakondu dugu.
Foro Sozial Iraunkorrak urteko batzarra egin du gaur goizean Andoainen. Presentzialki edo telematikoki parte hartuz, Foro Soziala osatzen duten 16 erakundek eta bere izenean aritzen diren pertsona gehienek hartu dute parte. Jakina denez, espazio honen helburua da indarkeriaren zikloaren ondorioak konpontzea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzea.
Ohikoa denez, batzarra joan den urteko balantzea egiteko eta 2022rako lehentasunezko lan ildoak finkatzeko unea izatean da, eta gatazken konponbidean nazioartean izan diren beste esperientzia batzuk aztertzeko baliatzen dugu.
Iazko saioan «Ustekabean Topo – Diálogos improbables» tresna aztertu genuen, eta aurten munduko hainbat lekutan egin diren Egiaren Batzordearen esperientzietan sakondu dugu.
Eztabaida horren ondorioz, Foro Sozial Iraunkorrak hausnarketa hauek partekatu nahi ditu:
Egiaren Batzordea, funtzionatu duen tokian, biktimentzako elementu sendagarri gisa erabili da, egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatze aldera.
Eta hala izan da, batez ere, justiziarik lortuko ez dutela dakiten biktimen artean, zeinentzat egia da euren mina sendatzeko elementu nagusia. Hau da, kasu horietan, Egiaren Batzordea jasandako kaltea aitortzeko tresna da.
Erabili daiteke tresna hori euskal kasurako?
Eusko Legebiltzarreko bi alderdi politikok erabili beharreko tresnatzat hartu duten arren, jakin badakigu Egiaren Batzordeak oraindik ez dituela lortu aurrera egiteko behar diren adostasunak, ez instituzionalak ez politikoak.
Hala ere, gizarte bezala, biktimei egiarako duten eskubidea ukatzea ezin dugu onartu.
Inoiz argitu ez diren, inoiz ikertu ez diren edo ondorio penalik izan ez duten giza eskubideen urraketak argitzea beharrezkoa eta premiazkoa da. Kasu guzti hauentzat espetxeratzearen alternatibak bilatu beharko lirateke, nazioarteko parametroen barruan.
ETAren biktimen elkarteak bide judiziala bultzatzen ari dira, argitu gabeko kasu batzuetarako.
Hala ere, Estatuaren biktimen kasuan, onartu behar dugu bide judiziala jadanik hilda dagoela. Ez dago inolako borondaterik botere judizial eta polizialetan, eta are larriagoa dena, ezta Estatuan eta Espainiako Gobernuan ere, eragindako kaltea onartzeko.
Egiaztatu ahal izan duguna da honek sortzen duen frustrazio izugarria. Estatuaren biktimekiko aplikatzen den desberdinkeriaren adierazpen bortitzenetako bat da.
Datu ofizialen arabera, 364 dira Estatuaren biktimak, eragile biolento guztiak batera kontuan hartuta (GAL, BVE, Triple A, hainbat polizia, tortura, etab.). Horietatik %38 argitu gabeko kasuak dira.
Foro Sozial Iraunkorrak uste du Egiaren Batzorde bat tresna interesgarria izango litzatekeela Estatuaren biktimen benetako eskaerei erantzuteko.
Baina jakin badakigu oraindik ez dagoela martxan jartzeko baldintzarik, eta uste dugu fase honetan ez dela etsi behar.
Beste mekanismo batzuetan sakontzea gomendatzen dugu, hala nola, behaketa-misioetan, ikerketa-batzordeetan edo erakunde desberdinek egiten dituzten txosten ofizialetan. Horretarako, sekretu ofizialen legearen giltzarrapoa ireki behar da.
Urrats horiei esker, bide honetan aurrera egiten ahalbidetuko litzateke, biktima guztiek egia jakiteko aukera izan dezaten eta beren mina sendatzeko bidean aurrera egin dezaten.
Bitartean, eztabaida elikatzen jarraituko dugu etorkizunean Egiaren Batzorde bat berme guztiekin abian jarri ahal izateko beharrezkoak diren adostasunak lortzeko.