Gaur Donostian, Mikel Casadok eta Eneko Callek bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso sozialaren bigarren
fasea aurkeztu dute.
Sarrera: Eneko Calle
Gizarte ororen legedietan modu zabalean onartu eta legitimatzeko moduko lehentasunezko zerbait badago, hori da giza eskubideen, eskubide zibilen eta sozialen urraketak eragindako sufrimendua ekiditearen aldeko akordioa.
Hori horrela izanik, bizikidetzak beharko luke izan gizarte ororentzat lehentasun politikoa. Hau da, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea, eta desadostasuna gainditzeko elkarrizketa baliatzea.
Foro Sozial Iraunkorrak ideia hori jorratu nahi izan du. Horretarako, orain hiru hilabete, Aieteko Bakearen Etxean, Nazioarteko Konferentziaren 9. urteurrenean egindako ekitaldian, aditzera eman genuen abian jarriko genuela "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" prozesua.
Uste dugu iritsi dela garaia, behingoz, euskal gizartea osatzen dugun pertsona guztiok dagozkigun eskubideen jabe garela bermatzeko: eskubide zibil, politiko eta sozialak.
Orduan azaldu genuen moduan, prozesu horren helburua da, modu parte hartzailean eta irekian, gure gizartea osatzen duten sektore guztien sentipenak eta pertzepzioak jasotzea, aurrerantzean bizikidetza demokratikoa nola eraikitzen jarraitu behar dugun hausnartzeko.
Funtsean, bizikidetzaren eraikuntzak planteatzen duen konplexutasuna ikusaraztea eta esplizitatzea dugu helburu, baita honen inguruan egon daitezkeen ikuspuntu desberdinak zein diren plazaratzea ere (uneetan bateraezinak diruditenak), gure gizarteko sektore zabalak gogoeta horretan parte hartzera gonbidatuaz.
2016. urtean Foro Sozial Iraunkorra abian jarri genuenetik, egin dugun lanaren ondorioa argia izan da: gizarte zibilak sufrimenduaren amaieran eta, beraz, bizikidetzaren 1 eraikuntzan ekarpena egin dezake (eta egin behar du), indarkerien zikloaren ondorioak erabat konpontzea erraztuz eta ez errepikatzeko bermeen oinarri sendoak ezarriz.
Azken 9 urte hauetan urrats garrantzitsuak eman dira:
ETAren armagabetze zibila gertatu da, osoa eta egiaztatua, eta erakunde hori desegin da, nazioarteko komunitateak egiaztatua.
Ordura arte imajinaezinak ziren adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialak eraiki dira; lehenik eta behin, indarkeria-mota guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari buruz; bigarrenik, espetxe-salbuespeneko fasea gainditzeko eta presoei politika normalizatua aplikatzeko premiari buruz.
Eta, azkenik, gizarteak, oro har, bizikidetza eraikitzeko urrats erabakigarriak eman ditu.
Hortaz, testuingurua hau izanik, abian jarri duguna bezalako anbizio handiko hausnarketa baten garaia dela sinetsita gaude, bizikidetza demokratikotzat ulertzen dugunaren inguruan hausnartzeko, eta erronka horrek planteatzen dizkigun korapiloak askatzeko.
Foro Sozial Iraunkorraren irakurketari dagokionez, hiru dira bizi izan dugun biolentzia zikloaren ondorioak konpontzeko askatu beharreko korapilo nagusiak:
Lehenengoa, biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dute eta, hortaz,, biktimekiko tratuan oraindik ere dagoen diskriminazioa gainditzea beharrezkoa da.
Bigarrena, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika behin betiko indargabetzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea ezinbestekoa da.
Eta, hirugarrena, espazio sozialetatik memoria kritiko inklusiboaren eraikuntza bultzatzea beharrezkoa da, kontakizun guztiak errespetatuko dituena.
Gure iritzitan hiru korapilo horiek askatzeak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oinarriak sendotzea ahalbidetuko du. Bizikidetza horrek funtsezko bi oinarri beharko ditu izan:
Pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatzen dituen kultura demokratiko osoa.
Belaunaldi berriei elkarrizketaren aldeko eta indarkeria ezaren kultura transmititzea, XXI. mendean gatazkak konpontzeko tresna bakar gisa.
Baina ez errepikatzeko bermerik onena akordio sozial zabal bat ezartzea litzateke, hori bermatzeko. Hori da egiten ari garen partaidetza-ariketaren ahalegina.
Ekimenak: Mikel Casado
Aurretik aipatu berri ditugun iritzi eta sentipen anitz horiek guztiak biltzeko, hainbat mekanismo eta ekimen jarri ditugu martxan azken hilabeteotan, hala nola:
Euskal gizarte zibileko elkarte, fundazio eta erakundeekin bilera publikoak egin ditugu, Foro Sozial Iraunkorraren lana aurkezteko, bizikidetzak planteatzen dizkigun erronken inguruko gure irakurketa partekatzeko, eta beren ekarpenak jasotzeko. Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten sindikatu eta eragileekin egon gara, baina baita bestelako sektore sozialetako eragileekin ere: mugimendu feminista, ekologistak, euskalgintza, etab. Hurrengo asteotan erronda zabal honi jarraipena emango diogu.
Erreferentzialak diren pertsona ospetsuen ekarpenak jaso ditugu, idatziz, eta publiko egin ditugu Euskal Herriko hainbat hedabideetan, eta gure webgunean. Ondorengo asteetan ere jarraipena izango du ekimen honek, eta testu gehiago biltzen eta publiko egiten jarraituko dugu.
Gaurkoan aditzera eman nahi dugu ekarpenak jasotzen jarraitzeko prestutasun osoa dugula. Horretarako, prozesuaren bigarren faseari ekingo diogu, ekimen berriak abian jarriaz:
Prozesu dinamiko honetan zehar jasotzen goazen ekarpen guztiak maiatzean publiko egingo ditugu, Bizikidetza Baketsuaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, hain zuzen ere (maiatzaren 16an).
Adostasunen garaia heldu da. Iraganari eta etorkizunari buruz adosteko unea. Adostu egin behar dugula sinetsita gaude, behetik gora, beste behin jendarte zibilaren protagonismoa aldarrikatuaz bake prozesuaren korapiloak askatzeko norantzan. Eta hori, gure ustetan, posible izango da prozesu honetatik ondorioztatu beharko dugun konpromiso sozialaren bidez, oinarri komun eta partekatuen eraikuntza etorkizunean posible egiteko, eta aurrerantzean gure herriaren izanaren gainean dauden ikuspegi desberdinak bakean eta demokratikoki elkarrekin bizi ahal izan daitezen.