Foro Sozial Iraunkorrak “Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe-politikaren Behatokia-ren” azken zenbakia aurkeztu du gaur Bilbon. Behatokiaren seigarren eta azken monografiko honetan, Audientzia Nazionalak ezeztatutako baimenen eta hirugarren graduen balantzea egiten da. Teresa Toda, Aitzol Asla abokatua eta Agus Hernanek hartu dute hitza,
Agus Hernan-en hitzartzea
BEHATOKIAren seigarren monografikoa aurkezten dugu Foro Sozial Iraunkorrak bere lan-zikloaren amaieraren bezperetan. Laster emango dizuegu martxoaren erdialdean egingo den VI. Foro Sozial azken horren berri.
Eta aurkezten dugu testuinguru gazi-gozo batean, presoen gaiari dagokionez.
Alde batetik, esperantza: fase bat itxi eta bakea eraikitzeko prozesuaren fase berri bat irekitzen ari da.
Baina, bestalde, Auzitegi Nazionalean gotortuak, epaileak eta fiskaltza daude, egungo errealitate sozialetik at. Aiete baino 11 urte geroago inork aurreikusi ez zuen tapoia sortu dute.
Has gaitezen alde ilun honetatik. Teresa eta Aitzolek emandako datuak oso grafikoak dira. Baina datu orokorrekin alderatuz gero, are nabarmenagoa da Auzitegi Nazionalaren jarrera hori.
Eusko Jaurlaritzak, 2022ko urrian, espetxe eskumena jaso zuenetik urtebete betetzean emandako datu ofizialen arabera, hirugarren graduko 457 progresio erabaki zuela adierazpen zuen. Horietatik bakarrik 25 preso zauden kartzelan motibazio politikoko delituengatik. Hau da, erabakitako 3. gradurako progresio guztien %5,5 baino ez.
Hala ere, 25 horietatik 16 errekurritu ditu Audientzia Nazionalak, hau da, %64.
Eta hau berria da, oso kasu gutxitan atzera botatzen baitute auzitegiek Espetxeen Tratamendurako Batzordeek hartutako gradu-progresioari buruzko erabaki bat.
Auzitegi Nazionalean, kartzeletako funtzionarioen lanari osoko zuzenketa egiten ari dira; izan ere, funtzionario horiek ebaluatzen dute egunero preso bakoitzak bere birgizarteratze-ibilbidean izan duen bilakaera. Are gehiago, osoko zuzenketa ere Eusko Jaurlaritzaren beraren eta bere organo eskudunaren aurka doa: organo horrek kartzeletan hartzen diren erabakiak berresten ditu, txosten zorrotz eta arrazoituen bidez.
Foro Sozial Iraunkorrean, 2020ko irailaz geroztik, lobby zehatz baten eragina azpimarratzen ari gara. Lobby hori oso ideologizatuta dago eta eremu judizialetan, polizialean, mediatikoetan eta ETAren biktima-elkarteren batean kokatua zegoela adierazi ohi dugu.
Bakea eraikitzeko prozesuan urrats sendoak ematen joan garen heinean indarra galduz joan da lobby hori. Baina orain, Auzitegi Nazionalean gotortuta dago eta bizikidetza demokratikoaren bidean hain garrantzitsuak diren birgizarteratze-prozesuak baldintzatzen ditu, aste honetan bertan ikusi dugun bezala, hirugarren graduan zeuden presoak (urte asko dispertsatuta, lehen graduan eta bakartuta egon ondoren) kartzelara itzularaziz.
Ikus ditzagun orain esperantzarako datuak.
Presoen auzian, fase bat ixtear dago. Oraindik ere Euskal Herriko inguruko kartzeletan dauden 7 pertsonak hurbiltzerakoan, eta preso guztiak Zaballa, Basauri, Martutene eta Iruñeko kartzeletan beren zigorrak betetzen daudenean, Foro Sozial Iraunkorrak uste du gai honetan konponbiderako markoa dagoeneko definituta dagoela: salbuespenezko politika guztiak desaktibatzea; biktimen minarekiko errespetua; gradu-bilakaeren eta baldintzapeko askatasunen aplikazio arrunta; birgizarteratze prozesuetan preso proaktiboak.
Irekitzen den fase berri honetan ez da gauza bera izango. Erronka berriak ditu.
1. Salbuespenezko politika guztia desaktibatzea: baimenak eta hirugarren graduak, eta zigorrak metatzeko eta 40 urte oso betetzeko 7/2014 eta 7/2003 legeak.
2. Iheslari eta deportatuen gaia, Konponbiderako agendatik kanpo dagoena.
Ez dugu prentsaurreko hau amaitu nahi Foro Sozial Iraunkorraren izenean Teresa Toda eta Aitzol Aslaren lana eskertu gabe, baita beren atzean, Behatokiak lantzen ibili diren taldea osatzen duten abokatu guztiak ere.
Lan diskretua eginez txosten zorrotzak aurkeztu dituzte, datuetan oinarrituak eta kalitate juridiko handikoak, asko lagundu dutenak gai honetan urratsak ematen.
Azken Behatokiak korapilo hori behin betiko askatzen laguntzea espero dugu.
Bihotzez eskerrik asko denori.
Teresa Todaren hitzartzea
Gaur aurkezten dugun Behatokia, 6. Monografikoa, gure argitalpenaren azken alea da. Foro Sozial Iraunkorraren dinamikaren baitan sortu zen Behatokia eta, Foro Soziala bera bezala, bere ibilbidearen azken pausuetara iritsi da, helburuak aski beteta.
Monografiko honetan, aurreko bi monografikoan tratatu genuen gaian sakontzen dugu. Lehenengo bi zenbaketan antzematen genuen Audientzia Nazionalaren jarrera kezkagarria azken hilabeteetan areagotzen joan da: Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak onartzen dituen Espetxeetako Tratamendu Batzordeek proposatzen dituen hirugarren gradurako progresioak sistematikoki errekurritzen ditu Audientziako Fiskaltzak. Eta atzera ari dira botatzen hartutako erabakiak, baldintza bereziak jarriz.
Datuak egunetik egunera aldatzen diren arren -errekurtso asko pendiente daudelako- zenbaki honetan agertzen diren kasuak kontuan hartuta, hauek dira gaurko datuak:
Orokorrean, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu zuenetik, 3. gradurako 34 progresio eman dira; haietako 24 errekurritu ditu Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak.
2022an, 3. gradurako 32 progresio eman ziren, eta 8 atzera bota zituzten, pertsona hauek 2. gradura bueltatuz eta berriro espetxeratuz. Aurtengo lehen hilabetean 4 progresio eman dira, haietako 2 atzera bota dituzte. Zenbaki hau lantzen ari ginenean beste 8 kasu pendiente zeuden; haietako batzuen erresoluzioak irisi dira azken egunotan: bi baieztapen eta beste bi erregresio.
Fiskaltzak eta Areto Penalaren lehenengo sekzioak zein Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak erabiltzen dituzten argudioak sakon aztertzen du gaur aurkezten dugun txostenak, baita esanguratsua den Tribunal Gorenaren sententzia bat ere. Lege arruntaren aplikazioa zailtzen ari dira, gaindituta egon beharko litzatekeen salbuespenezko araudia aplikatuz. Horretaz, Aitzol Aslak hitz egingo digu.
Behatokia 2020an jaio zen helburu batekin: motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsonen inguruan zein espetxe politika eta egoerari buruz informazio zehatza, kontrastatuta eta fidagarria ematea. Gainera, Behatokia Estatuari begira ere zuzendua egon da, eremu horretan, bereziki, gai honi buruzko desinformazio asko baitago, nahita edo ezjakintasunagatik emandakoa. Hedabideetara, instituzioetara (Estatu espainoleko Espetxe Agintaritza, Fiskaltza Orokorra, eta Audientzia Nazionala barne), legelarien mundura, Zuzenbideko Fakultateetara, politikarietara eta espetxe guztietara zabaldu dugu, bai kartzeletako zuzendaritzei, bai euskal presoei helaraziz. 2020 eta 2023 bitartean, lau zenbaki orokor eta sei monografiko argitaratu ditugu. Hamar guztira.
Informazio eta datu zehaztez gain, legelarien iritziak ere jaso ditugu gure orrietan: Javier Mira Benavent, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko irakaslea; Jose Luis Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emeritua; María del Rosario Bautista, Andaluziako Giza Eskubideen aldeko elkarteko abokatua; Garbiñe Biurrun TSJPVko magistratua; Zigor Reizabal eta Onintza Ostolaza abokatuak; eta Iñaki Alonso preso ohia. Ikuspuntu ezberdinak, arazo berdina aztertzen. Guztiei, baita Monografikoen txostenak landu duten guztiei, gure esker onak, haien ekarpenak benetan aberatsak izan dira-eta.
Behatokia sareen bidez zabaltzearekin batera, aurrez aurreko aurkezpenak eta beste ekimenak egin ditugu: 2020ko irailean, Behatokia Madrilen aurkeztu zen, Foro de Abogadas y Abogados de Izquierdas eta Sindicato de Letrados de la Administración de Justiciak antolatutako jardunaldi batean; 2020ko udazkenean Andaluzian egon ginen, Cordobako espetxean mantentzen zen isolamendu egoerari buruz egin genuen gure 3. Monografikoa aurkeztuz. Espetxe horretako zuzendaritzarekin elkartu zen Behatokia baita Andaluziako Parlamentuko hainbat talde politikoekin ere.
2021an, 4. Monografikoaren harira, Audientzia Nazionalean 3. gradurako progresio zein baimen arruntekin azaltzen ari ziren arazoak aztertzeko mahai ingurua egin genuen Donostian, Emilio Olabarria CGPJeko bokala eta legelariaren, Garbiñe Biurrunen, Puerto Solar jurista penitentziarioaren eta Txema Matanzas abokatuaren parte hartzearekin.
Bitartean, askotarikoak izan dira instituzio ezberdinen ordezkariekin izan ditugun bilerak: Gasteiz zein Iruñeko Parlamentuko lehendakariekin, EAEko eta Nafarroako Arartekoekin, Giza Eskubideko Batzordeekin... zein arlo horretan lan egiten duten hainbat elkarte sozialak. Guztiei, berriz ere, gure esker onak.
Begirada atzera botata, gure lehenengo zenbakitik hona gauzak nola aldatu diren jabetzen gara. Izan ere, gaia konponbidean sartu da: motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona gehien-gehienak EAEko zein Nafarroako espetxetan daude, espetxe legedi arruntak eskaintzen dituen birgizarteratzerako bideak jorratzen. Horrela, haien senideek bizkarrean zeramaten urteetako zama astuna arindu da. Baina onartu behar dugu salbuespenezko espetxe politika oraindik indarrean dagoela, agian ez bere osotasunean, baina politika hori ikusten jarraitzen dugu baimenak eta 3. graduak emateko preso hauei jartzen zaizkien baldintza berezietan. Baita ere beste garai oso ezberdinean sortutako 7/2003 legeak ezartzen dizkieten arau zorrotzetan.
Gure azken zenbaki honetan, kezkagarriak diren erabakiak eta jarrerak aztertzen dira, baita bere ondorioak ere.
Ibilbide honen hasieran ikusten genuen nola lehen gradutik bigarrenera igarotzeko arazo asko zeudela, baina gainditzen eta zuzentzen joan ziren. Espero dezagun baimenak eta hirugarren graduak ere egungo errealitatera egokituko direla.
Aitzol Aslak txostenaren alde juridikoa aurkeztuko dizue orain.
Mila esker.