Foro Sozial Iraunkorrak prentsaurrekoa egin du gaur goizean EHUren Donostiako Ibaetako Kanpusean apirilaren 29ean Gernikan “Bizikidetza eraikitzen” izenburupean egingo den “Hitzorduak” saio berri bat aurkezteko.
Sabin IBAZETAren HITZARTZEA
Orain dela 15 hilabete, 2016. urteko urtarrilaren 30ean, Foro Sozialak bere ibilbideari berrekin zion Gernikan bertan, armagabetzearen gaia jorratzeko antolatutako topaketa baten bidez. Gaurkoan, berriz, ekimen berri bat aurkeztera gatoz, «egia eta memoria babestea iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko» lan-ildoari erantzuten diona.
Eta guzti hau, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean egin nahi dugu. Gure memoria kolektiboaren egutegian markatutako eguna, hain zuzen. Gernika Batzordetik, Foro Sozialarekin elkarlanean, gai hau ere urteurren honetan ardatz zentral bat izatea nahi izan dugu.
Ez da inondik inora kasualitatea pasa den apirilaren 8tik aurrera zabaldutako testuinguru berri honetan abiatzea «Hitzorduak» berri hau.
Orain 15 hilabete norbaitek egun armagabetze prozesua amaituta eta ETA erakunde armagabetu gisara topatuko genituela esan izan baligu, inork ez zukeen hura sinetsiko.
Baina, hala ere, gizarte zibilaren bultzada izan da ekimena bide onetik eraman duena, agenda propioa eraikiaz eta kosta ahala kosta garatuaz.
Gainera, guztion elkarlanari esker egin dugu posible. Hiru euskal instituzioei esker, alderdi politiko eta sindikatu guztiei esker, eta gizarte zibileko eragileei esker.
Hau da, hain zuzen, Gernika Foro Sozialaren ondorioetan «triangulazio» gisara definitu genuen eskema. Lan eskema hau da Foroak euskal gatazka deitutakoaren gainontzeko ondorioei aurre egiteko errezeta gisara aplikatu nahi duena.
Armagabetzeari dagokionean lortutako kontsentsu maila transbertsal eta inklusiboa oraindik trabatutako gainontzeko aspektuen gaineko kontsentsu are zabalagoak lortzeko kanpamentu-base ezin hobea dela uste dugu: aitortza, justizia eta erreparazioa biolentzia mota ezberdinak jasan dituzten biktima guztientzat, memoria, preso eta ihesean dauden pertsonen itzulera eta giza eskubideekiko errespetua.
Foro Sozial Iraunkorrak lanean jarraituko du batzen gaituzten 12 gomendioak inplementatzeko. Halaxe egin genuen pasa den apirilaren 10ean Donostian «Preso eta iheslarien itzultzea erraztea» ildoari lotuta antolatutako IV. Foro Sozialean eta baita gaurkoan ere «Bizikidetza eraikitzen» deitutako topaketa honetan ere.
Gernika Batzordea gisara, Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten 17 entitateetariko bat, harro gaude berriro ere jardunaldi hau hartzeaz, eta bake justu eta iraunkor bati gure ekarpena egiteaz.
AITZPEA LEIZAOLA eta JUANO ESPINAren HITZARTZEAK
Sabin Ibazetak zioen moduan, gaurkoan apirilaren 29an, datorren larunbatean, Gernikan (goizeko 9.30ak eta 14.00ak artean) antolatu dugun «Bizikidetza eraikitzen» «Hitzorduak» saioa aurkeztera gatoz. Ostean, bertaratutakoak arratsalderako antolatutako «Ongi etorri errefuxiatuak» ekimenera batuko gara.
«Hitzorduak» topaketa berri bat izango da. Ekimen honen bidez, herritar guztiei espazio bat eskaini asmo zaie, espazio seguru bat, konfidantza giroan hitz egiteko eta iritzi ezberdinak partekatzeko. Helburua orotariko pertsonak elkartzea da, ahalik eta tradizio politiko anitzetakoak eta sektore sozial zabalenetakoak.
Foro Sozial Iraunkorrak bizikidetza ildoari erantzunaz martxan jartzen duen hirugarren ekimena izango da hau. Aurretiko biak Nafarroan gauzatu dira, Parlamentuko hemizikloan. Lehena, 2016. urteko azaroan antolatu zen, orotariko biolentzia motak jasandako biktimen lehen topaketa izan zen. Bigarrena, berriz, 2017ko apirilean egin zen, azken sei hamarkadetan tortura jasandako emakumeen esperientzia partekatuz. Nafarroan bizikidetzaren eraikuntza prozesuan mugarri bat suposatu dute bi saio hauek.
Gernika eta bonbardaketaren 80. urteurrena hautatu ditugu, gatazka hura gauzak egin behar EZ diren moduen erakusgarri onena dela uste dugulako. Gatazka hura irabazle eta galtzaileen logika baten baitan itxi zen. Umiliazio logika bati erantzunaz, aitortzarik gabe, justizia eta erreparaziorik gabe biktimen alde oso batentzat. Gaur, 80 urteren ostean, oraindik desagertutako pertsonen bila gabiltza, hilobiak arakatzen eta erreparazio ekitaldiak antolatzen.
Ondo itxitako gatazka bat, hau errepikatuko ez denaren bermearekin ixten dena da. Ez zen kasua izan orduan eta guztiok dakigu zein izan diren ondorioak. Gaur ordea, hala izan dadin lan egin beharrean gaude.
Eta hauxe da, hain zuzen, Foro Sozial Iraunkorrak jardunaldi honen bidez eskaini nahi duena. Gainera, gure ezberdintasun guztiez haratago, euskal gizarte OSOA eta alderdi politiko GUZTIAK batzen duen aspektu bat badela sinetsita gaude: oinarri sendoen gaineko elkarbizitzaren eraikuntza.
«Hitzorduak» saio honetan, azken urteetan garatutako bizikidetza esperientzia lokalen gainean jardungo dugu. Esperientzia mota hauek herri mailako sektore guztien arteko kontsentsu transbersalak lortu daitezkeela erakutsi digute.
Foro Sozial Iraunkorrak, elkarbizitzaren eraikuntza prozesuari dagozkion akordio eta kontsentsuei dagokienean, gizartea alderdi politikoak baino maila aurreratuago batean dagoela ulertzen du.
Diagnosi horretatik abiatuta, elkarbizitzaren eraikuntza lan hau gizarteak berak sustatzea bilatu nahi dugu, instituzioekin elkarlanean.
Horretarako, hiru aspektutan oinarritutako bide sozial baten sorrera sustatuko dugu:
Biolentzia mota ezberdinetako biktima guztiekiko errespetua, inolako ekidistantzia edo anbiguotasunik gabe.
Gure herrian jasandako sufrimendu mota ezberdin guztiekiko aitortza.
Gertatutako guztiaren gaineko irakurketa kritikoa.
Horretarako, marko lokaletan gauzatutako espresioetan pilatutako esperientzian oinarrituko gara, hauek jasoz, balorean jarriz eta ekimen berriak sustatuz.
Apirilaren 8ko egunak eszenatoki eta aukera berriak zabaldu ditu. Ez ditugu galtzen utzi behar. Bakearekin guztiak gara irabazle, baita, arrazoiak arrazoi, armagabetzearen egunaren aurrean mesfidati agertu diren sektoreak ere. Eutsi diezaiogun zabaldutako bideari eta egin dezagun aurrerantz ahal bezain laster, irabazle eta galtzailerik gabeko errekonziliazio eszenatoki baterantz.
Eguneko programa honakoa izango da: