Gaur beste 11 preso EAEko espetxeetara hurbilduko dituztela iragarri dute.
Enegarrenez, motibazio politikoko delituengatik zigortutako presoak Euskal Autonomia Erkidegoko edota Nafarroako Foru Komunitateko espetxeetara hurbiltzeko iragarpenak (gaur 11) eztabaida sutsua sortu du.
Honen aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak honako hau adierazi nahi du:
Hurbilketak legearekin bat datoz eta ez dakarte inolako espetxe-onurarik zigorrak betetzean.
Hurbilketak bat datoz EAEko eta Nafarroako gizartearen gehiengoarekin, espetxe-politika arrunta aplikatzearen alde agertu dena hainbat modutan. Esparru instituzionalari dagokionez, jarrera horrek Eusko Legebiltzarraren % 91ren, Nafarroako Parlamentuaren % 62ren eta, era berean, Diputatuen Kongresuaren % 55aren babesa du. Eta sindikatuei dagokienez, EAEko eta Nafarroako sindikatu guztien babesa ere badu: ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, Solidari, CNT eta CGT. Adostasun hori mikro-akordio askotan islatu da azken urteotan.
Gogoratu behar dugu espetxe-politika arrunta aplikatzea eta, horren barruan, zigorrak ingurune familiar eta sozialetatik gertu dauden espetxeetan betetzea berme handiagoa dela presoen birgizarteratzeko ibilbideak arrakastaz garatu ahal izateko.
Asko dira hurbilketak legearekin bat datozela defendatzen duten ETAren biktimak. Egia da biktima horiek ez dutela biktima guztien iritzia ordezkatzen, baina egia da, baita ere, biktimek behin baino gehiagotan gogorarazi digutenez, adostutako iritzi hori ez dela existitzen, pentsamendu bakarreko kolektibo homogeneo baten bozeramaile izan nahi duten elkarte gutxi batzuen buruan izan ezik.
Urte luzez salbuespenezko espetxe-politika aplikatu ondoren (urruntzea, sakabanatzea, isolamendua, etab.) eta ETAren jarduera armatua amaitu zenetik 11 urte igaro direnean, hurbilketa horiek erabat zentzuzkoak dira.
Bide horretan jarraitzera animatzen ditugu aktoreak, bakoitza bere erantzukizun esparrutik. Eta lobby-aren presioei jaramonik ez egiteko eskatzen diegu, aurrerapenak baldintzatzea baino ez dutelako bilatzen, oihartzun mediatiko handiarekin, gainera.
Hurbilketak determinazio eta intentsitate berarekin jarraitzen badute, prozesu honekin aurten bertan amaitu daiteke eta hori, Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, bizikidetza demokratikorako ekarpena izango litzateke, eta ikasturte honetan landu beharreko bi zereginei baldintza hobeetan aurre egitea ahalbidetuko luke:
ANko zenbait epaileren eta haiek babesten dituen lobbyaren jarrera oztopatzailea. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da bi eredu desberdin daudela espetxe-politika ulertzeko orduan: batetik, ANko epaileen ikuspegi zigortzailea dago, eta, bestetik, birgizarteratze-politiken aldeko apustua dago, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren % 91k babestua.
Zigorren metaketari buruzko auzia: Gai horrek agendan leku bat egitea lortu du, eta Espainiako Gobernuak berak sartu du 7/2014 Legea 2022ko legegintza-egutegian.