2023/02/06

Konponbiderako markoa finkatu eta hurrengo faserako erronkak identifikatu ondoren, EPPK-k eta Foro Sozialak amaitutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak bilera izan du gaur arratsaldean Zaballako espetxean EPPK-ko ordezkari diren Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra Guridirekin. Ohar honen bukaeran erantsi dugu Foro Sozial Iraunkorraren eta EPPKren arteko interlokuzio etaparen balorazioa.

Gaurko bileran, Foro Sozial Iraunkorrak EPPKrekin partekatu ditu joan den ekainetik izan dugun barne-eztabaidan egindako balantzea, bai eta urtarrilaren 21ean Durangon gizarte zibilaren aurrean aurkeztu genituen ondorioak ere.

ETAren armagabetze zibilaren eta desegitearen ondoren, 2018an agenda berri bat adostu zen, hiru lan-ardatz nagusiekin: biktimak, presoak eta memoria. Orain, aurrerapen garrantzitsuak lortu ondoren eta zailtasun berriak agertu direnean, fasea ixten ari da. Presoei dagokienez ere, gaur egun fase bat ixten eta beste fase berri bat abiatzen ari gara, aurrekoa bezalakoa izango ez dena.

Joan den ostiralean iragarritako azken hurbilketekin, zazpi preso geratzen dira hurbildu gabe. Testuinguru horretan, hurbilketa guztiak burutu eta preso guztiak Zaballa, Basauri, Martutene eta Iruñeko kartzeletan beren zigorrak betetzen egon eta gero, Foro Sozial Iraunkorrak ulertzen du presoen auzian konponbiderako markoa dagoeneko finkatuta dagoela: salbuespen-politika osoa desaktibatzea; biktimen mina errespetatzea; gradu-progresioen eta baldintzapeko askatasunen ohiko aplikazioa; presoen jarrera proaktiboa birgizarteratze-prozesuetan.

Gaurko bileran, bi aldeak bat etorri dira egindako bidea oso positiboki baloratzean, sortutako konfiantza eta lortutako aurrerapenak azpimarratuz. Halaber, fase berrirako erronkak zehazteko orduan ere adostasuna egon da:

Salbuespenezko politika osoa desaktibatzea: baimenak eta hirugarren graduak, zigorrak metatzeari buruzko 7/2014 Legea eta 40 urte osorik betetzeari buruzko 7/2003 Legea.

Iheslarien eta deportatuen gaiak konponbiderako agendatik kanpo jarraitzen du.

Bi aldeak bat etorri dira urte hauetan guztietan eman diren urrats garrantzitsuak gehiengo sozial eta politikoarekin batera egin direla baloratzean. Gehiengo horrek indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako aurrera-urratsak egitearen aldeko jarrera irmoa izan du, bizikidetza demokratikoari ekarpen garrantzitsua eginez.

Foro Sozial Iraunkorra fase honetan egon diren zailtasunen eta krisien lekuko izan da, baina, zorionez, eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea izan dute, eta, horrela, bidea egin ahal izan da.

Gaurko bileran, Foro Sozial Iraunkorrak azpimarratu du oztopoak jartzen ari den lobbyaren aurrean euste-horma nagusia orain arte izan direla - eta aurrerantzean ere hala izaten jarraituko dutela – instituzioen, alderdi politikoen eta sindikatuen arteko adostasunak, baita gizarte zibilaren esku-hartzea ere, bere askotariko adierazpenetan. Izan ere, lobby honek, irabazle eta garaituen kontakizun bakarra sustatzen duenak, orain arte aurreratutako guztia desegin nahi du.

Urte hauetan guztietan, hainbat eragile saiatu dira konponbideari trabak jartzen, emandako pausoak baliogabetuz edo indargabetuz. Alde horretatik, gogoratu behar da aktak filtratu dituztela eta segimenduak eta entzuketak egon direla.

EPPKko solaskideek adierazi dute oso positiboki baloratzen dutela urte hauetan Foro Sozialarekin aurrera eramandako interlokuzioa eta sortutako lan-espazioa.

Eskerrak eman dizkiote Foro Sozial Iraunkorrari egindako lan handiagatik, eta erakutsitako pazientziagatik eta diskrezioagatik. Eskertzen diote, halaber, bere erraztasun lanaren bidez, adostasunak lortzearren betiere desadostasunen aurretik batzen gaituena lehenetsi duelako.

Konponbiderako esparrua finkatuta eta hurrengo faserako erronkak identifikatuta, EPPK-k eta Foro Sozialak adostu dute amaitutzat ematea 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa.

Bilera erronda

Gaurko bilera EPPKrekin Foro Sozial Iraunkorra hainbat eragilerekin egiten ari den bileren errondaren barruan kokatu behar da; besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuekin eta Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko gehienekin biltzen ari da. Bilera horietan, ekainetik egindako barne-eztabaidaren ondorioen berri eman zaie, urtarrilaren 21ean Durangon gizarte zibilarekin izandako topaketan aurkeztutakoak.

ERANSKINA: EGINDAKO ELKARLANAREN BALANTZEA

Elkarrizketa honen lehen fasea 2013an hasi zen, I. Foro Sozialaren hamabi gomendioei EPPK-k emandako erantzunarekin. Lokarrik eta Bake Bideak bultzatu zuten lehen Foro Sozial hura, eta 2013ko martxoan egin zen. Ondoren, 2014/01/04an, Durangon, presoen ordezkaritza batek adierazpen bat argitaratu zuten.

Foro Sozial Iraunkorra 2016ko urriaren 22an aurkeztu zen jendaurrean, Aiete jauregian, Bakearen Aldeko Nazioarteko Konferentziaren 5. urteurrenean.

2017ko martxoaren 10ean, Foro Sozial Iraunkorrak IV. Foro Soziala antolatu zuen, kasu honetan monografikoa, presoen auziari buruzkoa. Ondorioak jaso ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak, maiatzaren 18an, bere gomendioak aurkeztu zituen Iruñean: «Gizarte zibiletik ibilbide-orri adostu bat eraikitzeko egindako ekarpena».

Hortik aurrera, horren aldeko lana hasi zen, ETAk jada egina zuen armagabetze zibilak (eta bere ondorengo desegiteak, ordurako aurreikus zitekeena) arazo horri aurre egiteko agertoki egokiagoa sortuko zuela aurreikusita.

Ildo horretatik, ETAren desarmatze zibilaren ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak alde anitzeko elkarrizketa-guneak sortzeko lanari ekin zion, adostutako ibilbide-orria adosteko. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu zen, eta, bestetik, Euskal Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guztiekin, sindikatu guztiekin eta, azkenik, EPPKrekin, lehen fase hartan posta bidez. 2018tik aurrera, elkarrizketa-gune berriak sortuko ziren.

2017ko azaroan, EPPK-k modu konfidentzialean helarazi zizkion Foro Sozial Iraunkorrari legezko eta banakako bideak aztertzeko beharrari buruzko gogoetak. Gogoeta horiek urte hartako udaberrian izandako eztabaidaren emaitza ziren, eta EPPK-k I. Foro Sozialaren gomendioei emandako erantzuna berresten eta sakontzen zuten.

Behin markoa finkatuta, interlokuzioan jauzi bat ematea erabaki zen.

EPPKrekin lehen bilera Alboloteko (Granada) espetxean izan zen, 2018/01/06an. Espetxe horretan 5 bilera egin ziren. Ondoren, interlokuzioak Logroñoko kartzelan jarraitu zuen, 2021ean bi bilera eginez, eta gaur Zaballako espetxean egindako bilerarekin amaitu da. Guztira 8 lan-bilera egin dira, dokumentu ugari elkartrukatuz.

Bilera batzuk publiko egin ziren eta beste batzuk ez. Bileren aktak egiten ziren eta horiek modu diskretuan partekatzen ziren arlo horretan lan egiten duten eragile instituzional, politiko eta sindikal guztiekin.

2018ko urtarrilean egin zen FICOBAn (Irun) IV. Foro Sozialaren bigarren zatia. Bertan, gizarteratze-ibilbideen gaia jorratu zen, baita iheslarien arazoa ere, deportatuei arreta berezia eskainiz.

Lan hori guztia mikroakordio instituzionalen bidez eraiki ahal izan da (Euskal Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Batzar Nagusietan eta Udaletan). Akordio instituzional horiek guztiak sindikatu guztiek babestu dituzte.

Mikroakordio horietan, gaixorik dauden presoen inguruko eskaerak, sakabanaketa, hurbilketa eta, azken fase honetan, salbuespenezko espetxe politikaren amaiera izan dira gai nagusiak.

Betiere helburu batekin: espetxe-politika berria sortzeko behar diren adostasunak pixkanaka eraikitzen joatea aldeaniztuneko ekarpenen bidez.

2018ko maiatzean ETA desegin zen. Espainiako presidente berria izendatu ondoren, Pedro Sanchezek 2018ko uztailean Espainiako telebista publikoan espetxe-politika aldatzeko lehen urratsak iragarri zituen.

Foro Sozial Iraunkorrak era iraunkorrean mantendu ditu harremanak eremu instituzionalean, politikoan, sindikalean, sozialean eta baita EPPK berarekin ere.

Hasierako mesfidantzatik konfiantzako eta eztabaidarako gune iraunkorrak eraiki dira, eta, horiei esker, eman diren aurrera urratsen aldeko ekosistema sortu da.

Azpimarratzekoa da, halaber, Bake Bideak eta Bakearen Artisauek Iparraldean egindako lana. Ipar eta Hego Euskal Herriko agendak elkarren artean elikatu dira eta, horrela, aukera berriak ireki ahal izan dira bi esparruetan.

EPPKrekin izandako interlokuzioa ez da bide erraza izan. Lehen bilerak oso baldintza txarretan egiten ziren (40 minutu besterik ez, kristal baten atzean, zarata handiarekin, espetxeetako zuzendaritzen baten jarrera ez kolaboratzailea…), eta solaskide bakoitzarekin bilera bana eginez. Hirugarren bileratik aurrera, bi solaskideekin batera egin ahal izan ziren.

Baina laugarren bileran (2018/12/08), espetxeetako funtzionario bat sartu zen bileran, eta Olarra Guridi jaunari, “kartzela-zuzendaritzaren aginduz”, prestatu zuen lan-gidoia eskatu zion. Hori dela eta, Foro Sozial Iraunkorrak kexa bat aurkeztu zuen Ángel Luis Ortiz González Espetxeetako Zuzendari nagusiaren aurrean.

Baldintza horiek hobetu egin ziren bosgarren bileratik aurrera (2020/10/30). Bilera hura baldintza egokietan egin zen, pandemiagatik ezarritako osasun neurriak betez. Hurrengo bileretan, joera hori mantendu egin da.

Bileren kronologia:

1.- ALBOLOTE – 2018/01/06

2.- ALBOLOTE – 2018/04/21

3.- ALBOLOTE – 2018/07/21

4.- ALBOLOTE – 2018/12/08

5.- ALBOLOTE – 2020/10/30

6.- LOGROÑO – 2021/05/29

7.- LOGROÑO – 2021/12/03

8.- ZABALLA – 2023/02/06