2019/06/27

Indarkeria mota desberdinetako biktimen arteko topaketa berri bat Bartzelonan

Gaurko prentsaurreko honenetan, alde batetik, modu publikoan partekatuko dugu Foro Sozial Iraunkorretik 2018-2019 kurtsoan zehar egindako lanaren inguruan egin dugun balantzea. Eta, beste alde batetik, aurkeztuko dugu lan hori borobilduko duen azken ekimena, Bartzelonan antolatu duguna, eta biolentzia ezberdinak jasandako Euskal Herriko eta Kataluniako 4 biktima elkartuko dituena datorren uztailaren 1ean eta 2an.

Kurtso honen hasieran Foro Sozial Iraunkorrak bere buruari jarritako erronka nagusia izan zen oinarriak finkatzen hastea gure herrian bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko, giza eskubideen eta bakearen kultura erreferente izanda. Gogoan izan behar dugu kurtsoaren hasieran eragin oso handia izan zutela armagabetze zibilak eta ETAren beraren desegiteak, eta Pedro Sánchez Espainiako Gobernura heldu izanak sorrarazi zituen espektatibek.

Foro Sozial Iraunkorraren lanaren oinarrian beti egon den printzipioetariko bat izan da biolentzia adierazpen orotako biktima guztien aitortzaren alde lana egitea. Horri dagokionez, askotarikoak izan dira kurtso honetan martxan jarri ditugun ekimen eta topaketak:

  • V. Foro Sozialaren programazioaren baitan “Sufrimenduaren kartografia integral baterantz” ekimena aurkeztu genuen, gatazkaren baitan gertatu diren biolentzia ororengan atentzioa jartzeko beharra aldarrikatzeko.

  • Torturak jasan dituzten emakumeen arteko topaketak antolatu ditugu, biktima kolektibo honen aitortza eta errekonozimendu explizitoa beharrezkoa dela aditzera emateko.

  • Biolentzia anitzak jasan dituzten biktimekin topaketa publikoak eta pribatuak izan ditugu, zuzenean ezagutzeko zein diren beren behar eta eskakizunak.

  • Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dugu estamentu ofizialek sustatu edo aurrera eramandako biolentziaren biktimen iritziak eta usteak jasoaz osatu genuen txostena.

  • Etab.

Hala ere, gaurkoan garrantzia bereziarekin aipatu nahi genukeen ekimena izan da “Entzunaz, bizikidetza eraiki” izenekoa, mahai berean eztabaidatu eta elkar ulertzeko asmotan biolentzia ezberdinak jasandako biktimak eseri dituena, hain zuzen ere. Ekimen horren helburua izan da konfidantzazko eremuak sortzea, bertan biktimek elkar entzuteko, elkar ezagutzeko, eta baita enpatizatzeko ere. Kurtsoan zehar 9 izan dira guztira antolatu ditugun topaketak:

  1. Kristina Gete, Leire Gallastegi eta Miren Azkarateren artean (Donostiako Emakumeen Etxean).

  2. Rosa Lluch eta Ane Muguruzaren artean (Bilboko Deustuko Unibertsitatean).

  3. Ibon Garate eta Rosa Lluchen artean (EITB taldearentzat elkarrizketan).

  4. Maria Jauregi eta Peru del Hoyoren artean (ETB2ko En Jake programarako eta Donostiako Miramar Jauregian antolatutako konferentzian).

  5. Jone Artola, Petri Romero, Pablo Marínez eta Isidro Murgaren artean (Donostiako Miramar Jauregian antolatutako konferentzian).

  6. Mari Carmen Hernández eta Ibon Gárateren artean (Noticias taldearentzat elkarrizketan).

  7. Pablo Martinez eta Etzozi Elgezabalen artean (Berriarentzat elkarrizketan).

  8. Axun Lasa eta Iñaki García Arrizabalagaren artean (Biarritzeko Bellevue kasinoan).

  9. Bartzelonan antolatu dugun saioa izango da bederatzigarrena.

Hala ere, esan beharra dago, Foro Sozial Iraunkorra ez dela izan mota honetako elkarrizketa publiko eta pribatuak antolatu dituen eragile bakarra.

  • Alde batetik, biktimek sarritan erakutsi digute bizikidetza eraikitzeko bidea zein den, izan ETArenek, izan estamendu ofizialetatik sustatu edo martxan jarritako biolentzia jasan dutenek. Lehenagotik ere egina zuten ariketa hori, 2012. urteko ekainaren 16an kasu, Glencree prozesuaren ondorioen aurkezpen publikoa egin zutenean. Aipatu prozesu hori klabea izan zen ordura artean, teorian behintzat, bata bestearen kontra bizi zirenen arteko elkar ulertzea errazteko.

  • Garrantzitsuak izan ziren, baita ere, Sarek pasa den urriaren 19an Miramar Jauregian egindako ekarpenak, bizikidetzaren aldeko bere manifestuaren baitan.

  • Edo, pasa den martxoan Etxerat elkarteak aurkeztu zuen manifestua.

  • Baita ere ETAren 49 biktima ezberdinek sinatu zuten iritzi artikulua, eskatuaz Estatuaren biolentzia jasan zuten biktimen eskubideak aitortuak izan daitezela.

  • Edota, pasa den ostegunean, ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrean aho batez onartutako ekimena, torturaren biktimen babeserako nazioarteko eguna modu ofizialean ospatzea eskatuaz, sindikatu guztien, instituzio ezberdinen eta biktimen ordezkaritza zabala bertan zelarik, gainera.

Bihotzez eskertu nahi ditugu ekarpen horiek guztiak. Inolako zalantzarik gabe diogu: denak dira baliagarri aro berri bat zabaltzeko, hurrengo hilabeteotan sendotuko dena. Foro Sozial Iraunkorrarentzat, biktimek ekarpenak, biktima guztien ekarpenak, ezinbestekoak baitira euskal jendartearen etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko norabidean.

Bitxiak dira biktimek elkarbizitzaren aldeko mezu horren garbiak ematen dituzten bake prozesuak, euskal kasuan gertatzen den moduan. Zentzu horretan, biktimak guretzat itsasargi bat direla nahi dugu esan, eta izugarrizko eskuzabaltasuna erakusten digutela jarrera horrekin. Guztiok dugu berengandik zer ikasia: erakundeek, alderdi politikoek, eragileok eta baita gizarte zibilak ere.

Gaurkoan, biktimen arteko elkarrizketarako eremu horiek sustatzen jarraitzeko gure konpromisoa aditzera nahi dugu eman, jatorri ezberdinetako biolentziak jasan dituztenen artean hain zuzen, beren eskaerak eta beharrak zein diren aurrez-aurre ezagutzen jarraitzeko.

Ziurtasun osoa dugu gure herrian bakea eta giza eskubideak oinarri dituen kultura berri baten eraikuntzan murgilduta gaudela. Eta, pilatzen ari garen esperientzia horiek guztiek ahalbidetzen digute, modu kolektiboan, gero eta pertsona hobeak izatea, solidarioagoak eta enpatikoagoak.

 

Hizlaria: Tasio Arrizabalaga

Orain, prentsaurrekoaren hasieran aipatu dugun Bartzelonako saioa aurkeztuko dugu. Ekimen honek 2018-2019 kurtsoko Foro Sozial Iraunkorraren agenda borobilduko du. Lehenago esan dugun moduan, “Entzunaz bizikidetza eraiki” saio hau kurtsoko bederatzigarrena izango da, eta Bartzelonan antolatu dugu, hain juxtu, bertako Udalak “Euskal Herriko bakearen aldeko Deklarazioa” onartu zuenetik urtebete pasa denean.

Zehazki, Foro Sozial Iraunkorrak bigarrengoz antolatuko du antzeko egitasmo bat Kataluniako hiriburuan. Aurretik, 2018ko ekainaren 18an izan ginen bertan, “Bakea eraikitzen. Erronkak eta aukerak Euskal Herriarentzat ETAren amaieraren ostean” konferentzian.

Oraingo honetan, batetik, ETAren biolentzia jasan zuten Kataluniako Roberto Manriquek eta Rosa Lluchek hartuko dute parte topaketan; eta, bestetik, Euskal Herriko Axun Lasak (GALen biolentzia eta tortura jasandakoa) eta Andoni Txaskok (poliziaren biolentziaren biktima).

Saioaren helburu nagusia izango da aldarrikatzea zein garrantzitsua den euskal bake prozesuak eta etorkizuneko elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzak Estatuko beste lurralde batzuetan ere babes sozial zabala izatea.

Gainera, konferentziaz gain, biktimen delegazioak Kataluniako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean ere parte hartuko du, egun bertan lanean diharduten zenbait talde politikoetako ordezkariekin batera.

Topaketa hau Foro Sozial Iraunkorrak eta Institut Català Internacional per la Pau eragileak (ICIP) elkarlanean antolatu dugu.