2020/01/02

“GUZTION ETA GUZTIONTZAKO EUSKAL BIDEA”

"Foro Sozial Iraunkorretik ulertzen dugu elkarbizitzarako ekarpen erabakigarria egiteko unea iritsi dela. Ibilbide honen edukiei buruzko eztabaidari heldu egin behar zaio, lehenbailehen. Horrek aukera emango du presoen egoerari behin betiko konponbidea emateko".

Teresa Todaren hitzartzea euskaraz eta Nazario de Oleagarena gaztelaniaz

2018ko maiatzean ETA deseginda, gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko faseari aurre egiteko moduko baldintzak sortu dira. Horixe errepikatu du Foro Sozial iraunkorrak azken 18 hilabeteetan.

Hala ere, fase honetan behin betiko sakondu ahal izateko, oraindik konpontzeke dauden hiru korapiloak askatu behar dira:

  • Biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea, biktima desberdinekiko tratuan oraindik dirauen diskriminazioarekin amaituz.

  • Gizarte-espazioetatik memoria kritiko eta inklusibo baten eraikuntza sustatzea, errelato guztiak errespetatuko dituena eta alderdi politikoen artean oraindik dagoen errelatoaren borroka gainditzea ahalbidetuko duena.

  • Espetxeetako salbuespen-politika behin betiko desaktibatzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea, presoak birgizarteratzeko ibilbide eta guzti.

Hirugarren gai horri eskainiko diogu, hain zuzen ere, gaurko prentsaurrekoa.

Jakin badakigu presoei salbuespen-neurriak aplikatzen jarraitzen zaien testuinguruan gaudela, eta, bihar bertan, ehunka senide behartuta daude errepidean dabiltzala, ehunka kilometro egitera behartuta baitaude gertukoak bisitatzeko.

Baina, era berean, prentsaurreko hau testuinguru jakin batean eskaintzen dugu: pixkanaka-pixkanaka baldintzak eraikitzen ari dira arrazoizko epe batean espetxe-politika garai berrira egokitu ahal izateko, betiere sendotasunez eta modu konstante batean egiten bada.

Foro Sozial Iraunkorraren aburuz, iritsi da gai honetan urrats sendoak emateko unea. Luzamendu gehiagorik gabe, ibilbide horren edukiei buruzko eztabaidari ekiteko unea da. Behin betiko konponbidea bideratzea ahalbidetuko duen bide horri heldu behar zaio.

Gure ekarpena egiteko ez gara hutsetik abiatzen. 2018ko martxoaren 27an, Donostiako Aquariumean aurkeztu genituen Donostian eta Irunen egindako IV. Foro Sozialaren ondorioak. Jarraian aurkeztuko dizuegun eztabaidarako ekarpen ireki honen gida gisa balio dute.

Foro Sozialean ulertzen dugu birgizarteratze prozesu batek arrakastatsua izateko, prozesu gisa ulertu behar dela, ziegatik hasita, kaleraino. Eta, horretarako, ondo definitutako bi fase izan beharko ditu:

  • Lehenengoa eta premiazkoena presoak espetxe barruan jarraitu behar duen ibilbidea zehaztea izango litzateke, lehen gradutik bigarrenera egiteko bermeak ahalbidetuz, eta, nagusiki, bigarren gradutik hirugarrenera egiteko bermeak ahalbidetuz.

  • Bigarrena, laguntza instituzionala eta soziala espetxe-baimenen fasean (bai bigarren graduan, bai, nagusiki, hirugarren graduan) eta erabateko birgizarteratze fasean.

Prozesu horrek arrakasta izateko bermeak izan ditzan, hiru osagai argi izan beharko lituzke:

  • Lehenengoa: Espainiako Gobernuaren borondate irmoa, egungo salbuespeneko espetxe-fasea behin betiko gainditutzat emateko eta birgizarteratze-ibilbidearen proposamen argia egiteko. Ibilbide horrek aurrera egiteko bermeak eskaini behar ditu.

  • Bigarrena: normalizazio eta berradiskidetzearen baitan, motibazio politikoen ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonek parte hartu behar dute prozesuan eta, horretarako, sakondu egin behar da bortizkeria-bide ororen gaitzespenean, bide baketsu eta demokratikoen aldeko konpromisoan eta eragindako minaren berariazko aitortzan, berau erreparatzeko borondate modura.

  • Eta hirugarrena: Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren borondate irmoa, bai eta gizarte zibileko erakundeena ere, pertsona horien birgizarteratzean ekarpena egin dezaten. Birgizarteratze-prozesu horrek lehen fase bat izan behar du, premiazkoa eta laburra, oinarrizko premia ekonomiko eta sanitarioak asetzen dituena, eta epe laburrean egonkortzea lortzen duena. Gainera, bigarren etapan, bizitzeko baliabide iraunkorrak eskaini nahi dira, bai eta osasun-, gizarte-, ekonomia-, hezkuntza- eta okupazio-laguntza egokituak1.

Alderdi horiek guztiak sakon garatuta ageri dira VI. Foro Sozialaren ondorioetan, Nazio Batuen Erakundearen DDR estandar integratuen ikuspegia kontuan hartuta (Armagabetzea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea). Ondorioen kopia bana eman dizuegu. Foro Sozial Iraunkorrak estandar horiek bere egiten ditu eta saiatzen ari gara “herri DDR prozesu” delako bat aplikatzen. Orain hirugarren hanka tokatzen den: birgizarteratzea.


 

Nekane Altzelai (euskaraz) eta Agus Hernan (gaztelaniaz)

Ondorio horietan jasotako DDR estandar integratuen arabera, “birgizarteratzea funtsezko prozesua da, egia, justizia eta erreparazio-prozesuarekin batera, indarkeria-zikloa berriz ez errepikatzeko biktimentzako bermeekin, indarkeriatik bakera aurrera egiten duen herrialde baten adiskidetzea bermatzeko”.

Foro Sozial Iraunkorrak garatzen duen errazte-lanaren ikuspegitik, gaur esan dezakegu prozesu hori arrakastaz eman ahal izateko baldintzak biltzen ari direla apurka-apurka.

Madrilen Gobernu berria eratu eta Espainiako Kongresuko gehiengoa gai hau konpontzearen aldeko gehiengoaren testuinguruari buruz ari gara; Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialak sendotzeari buruz ari gara; EPPK kolektiboan bildutako presoen borondateari buruz ari gara, espetxe-legeriaren barruan beharrezko urratsak emateko, eragindako kaltearen aitorpena barne; eta eskuzabaltasun handia erakusten ari diren biktima askori buruz ere ari gara.

Datozen hilabeteetan ibilbide horren edukiak zehaztea egokituko da, Foro Sozial Iraunkorrean “guztion eta guztiontzako euskal bidea” deitu dioguna.

Guztion euskal bidea da, gai honetan lan egiten duten eragile guztien artean adostu behar delako. Eta hori lortzeko, badago arrakasta-metodo bat, armagabetze zibilaren eta ETAren desegitearen kasuan behar bezala frogatu zena: triangulazio batean oinarritutako akordioak.

Birgizarteratzearen kasuan, akordio triangeluar bat ere beharko litzateke, gobernuen, preso dauden pertsonen beraien eta gizarte zibilaren artean.

Gobernuez ari garenean, Espainiako Gobernuari buruz ari gara, jakina, baina baita Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari buruz ere. Bakoitzak bere eginkizunak bete beharko ditu, bere egungo edo eskuratu beharreko eskumenen arabera.

Eta denontzako euskal bidea ere bada, ibilbide horrek pentsatuta egon behar duelako preso dauden guztiek balia dezaten.

Horrelako akordio batek bakarrik bermatuko du bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean gainditu gabeko korapiloa behin betiko askatzea.

Zeregin hori izango da datozen hilabeteetan Foro Sozial Iraunkorrak egingo dituen ahaleginen zati handi bat, eta eztabaidarako eta aliantzetarako gune berriak irekiko ditu.

Hori dela eta, akordio horiek gauzatu ahal izateko baldintzak sortzen ahaleginduko gara; horretarako, nazioarteko esperientziak ekarriko ditugu, presoak birgizarteratzeko zereginean inplikatutako euskal eragileen esperientziak aztertuko ditugu, eta hitza emango diegu, halaber, preso eta iheslari ohiei, beren birgizarteratze-prozesuan izan dituzten zailtasunei buruzko testigantzak jasoz.

Datozen hilabeteetan hainbat topaketa aurreikusita ditugu, eta horiek hurbildu ahala aurkeztuko ditugu.

1 Donostia eta Irunen egindako IV. Foro Sozialaren ondorioak (PDF)