2022/06/08

Foro Sozialak, arrazoi humanitarioak eta sen onekoak direla medio, iraganeko logiketan oinarritutako jarreretatik aldentzea eskatu du

Bihar jakinaraziko da Ion Kepa Paroten egoerari buruzko Parisen erabakia

Ekainaren 9an eta 15ean ezagutuko dira, hurrenez hurren, Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal presoak baldintzapean aske uzteko eskaeren inguruan hartutako erabakiak.

Foro Sozial Iraunkorraren ustez, zentzuz eta gizatasunez, bada garaia Auzitegia Terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren jarreretatik aldentzeko, iraganeko logiketan ainguratuta baitago.

Alde batetik, sen ona aplikatzeko eskatzen dugu, ETAk duela hamaika urte amaitu baitzuen bere jarduera armatua eta euskal gizartearen egungo testuingurura egokitutako erabakia hartu beharko litzatekeelako.

Eta bestetik, eskaera hori egiten dugu arrazoi humanitarioengatik; izan ere, Ion Kepa Parotek (71 urte) 32 urte baino gehiago daramatza preso, eta Jakes Esnalek 72 urte beteko ditu datorren abenduan, eta 32 urte baino gehiago eman ditu kartzelan.

Ez da onargarria Terrorismoaren aurkako Fiskaltza tematuta egotea Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiaren baldintzapeko askatasunaren aldeko erabakiak sistematikoki errekurritzen. Ion Kepa Paroten kasuan, beto horrek 2013ko martxotik irauten du, eta Jakes Esnalen kasuan, 2020tik.

Euskal gizartea bakea eraikitzeko prozesuan murgilduta dago, ezaugarri komunak dituena baina hiru jarduera-lerro desberdinetan gauzatzen dena (Ipar Euskal Herria, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea), hiru ibilbide-orri osagarrirekin, agenda bakoitzak besteari ekarpena eginez eta elkarrekiko aukera berriak irekiz.

Ildo horretan, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren inplikazioa nabarmendu nahi dugu gaur, Bake Bideak - Foro Sozial Iraunkorraren parte den erakundeak - bultzatuta, bai eta Bakearen Artisauen esparruan indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeari dagokionez eraikitako adostasun politiko zabalak ere, bai eta lortutako beste aurrerapen batzuk ere.