2019/11/06

Foro Sozial Iraunkorrak Genevako Bakearen Astean parte hartu du, eta bertan aditzera eman du zein izan den euskal bake prozesuaren testuinguruan gizarte zibilak jokatu duen papera

Astelehen honetan, azaroak 4, Tasio Arrizabalagak, Foro Sozial Iraunkorraren izenean, Genevako (Suitza) Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian hitz egin du, “Bakearen Astea” konferentziaren baitan, Garapenerako Nazio Batuen Programak urtero antolatzen duena.

Bertan egindako aurkezpenean aipagai izan du zein den Foroak azken urteotan bildutako esperientzia eta gizarte zibilak zer nolako papera jokatu duen euskal ziklo biolentoaren ondorioen konponbidea errazteko azken urteotan egindako lanean.

Konferentziako hizketagai nagusia izan da euskal erresoluzio prozesua zenbateraino den berezia eta bakarra, bertan parte hartu duten nazioarteko hainbat adituren interesa piztu duelarik, zeinak bake prozesuen sustapen lanetan lanean jarduten duten, DDR deritzoten (armagabetzearen, desmobilizazioaren eta berrintegrazioaren ingelesezko siglak) estandar integratuen aplikazioa oinarri hartuta.

Horrez gain, hitzartzean jorratu dira, azken urteotan euskal jendarte zibilaren babes eta sustapenari esker, zeintzuk izan diren bake prozesuan izandako aurrerapen garrantzitsuak (armagabetze zibila, desmobilizazioa, biktimen aitortzan aurrerapausoak...) eta zeintzuk diren etorkizuneko erronkak: preso eta iheslarien berrintegrazio efektiboa; orotariko biolentziak jasandako biktimen aitortza osoa; eta memoria kritiko, bateratzaile eta poliedrikoaren eraikuntza, posible egingo duena berradiskidetzea.

Genevako Bakearen Astea nazioartean entzute handia duen jardunaldia da, urtero antolatzen dena eta tailer, topaketa eta konferentzien bidez helburu duena azpimarra egitea honako ideiari: pertsona, aktore eta instituzio orok du bakearen eraikuntzan eta gatazken gainditzean ardura eta egitekoa.

Aurtengoan, bertan aurkeztu diren ponentzia ezberdinen bidez, antolatzaileek aditzera eman nahi izan dute bakearen eraikuntza testuinguru ugaritan dela egingarri, eta etorkizuneko gizarte berrien elkarbizitza posible izan dadin, biolentziari, bazterkeriari eta segurtasun ezari erantzun berritzaileak ematea beharrezkoa dela.

Hori dela eta, oraingo honetan, NBEak Foro Sozial Iraunkorra gonbidatu du, Euskal Herrian bakearen eraikuntzan gizarte zibiletik egindako lanaz hitz egiteko eta pilatutako esperientzia partekatzeko.

Zehazki, Foroaren ordezkaritzak parte hartu duen mahai inguruan preso eta iheslarien berrintegrazioa izan da eztabaidagai modu espezifikoan, euskal kasuan, senitarteko eta preso ohien komunitatearen laguntzarekin, azken hamarkadetan modu efektiboan aurrera eman izan den lana.

Hori guztia Genevan, gobernantzaren eta nazioarteko kooperazioren mundu mailako zentroan. Gainera, hiria nazioarteko 37 erakunde ezberdinen egoitza ere bada, eta baita bestelako gobernuz kanpoko hainbat erakunderena, ehundaka instituzio akademikorena eta ikerketarako zentrorena ere. Horrez gain, Suitzako hiria zentro diplomatiko garrantzitsua ere bada, eta bertan ordezkaritza dute ia mundu mailako Estatu guztiek.

Foro Sozial Iraunkorraren delegazioak parte hartu duen mahai inguruaren izenburua honakoa izan da: “Bidaiak bakerantz: borrokalari ohien berrintegrazioa Europan eta beste hainbat lurraldetan”, eta bertan parte hartu dute honako hizlariek: Simon Yazgi-k, Armagabetzearen Nazio Batuen Erakundeko Institutoko kidea (UNIDIR); Hanif Qadir-ek, Active Change Fundazioko kidea; Robert Örell-ek, kontsultore independientea eta CE RAN Exit lan taldeko lehendakariordea; Maryna Chystenko-k, Folke Bernadotte Akademiakoa; eta Marianne Milligan-ek, Nazio Batuen Erakundeko Garapenerako Programako kidea (UNDP).

Hala ere, esan behar da, ez dela lehen aldia mota honetako nazioarteko topaketetan Foro Sozial Iraunkorrak sustatzen duen “herri mailako DDR eredua” aztergai dena.

Esate baterako, Nazio Batuen Erakundeak (zehazki, Nazio Batuen Erakundeko Garapenerako Programak), DDR estandare integratuen berrikuspena publiko egin berri du, horien baitan hartzeko asmotan estandar horiek inspiratu dituzten nazioarteko zenbait esperientzia, Euskal Herrikoa kasu.

Jardunaldian aurkeztu da Nazio Batuen erakundearen DDR estandare integratuen (IDDRS) aplikaziorako gida berri hori.