2021/11/30

Foro Sozial Iraunkorra EPPK-k presoen harrerei buruz egindako agiriaren aurrean

Foro Sozial Iraunkorrak adierazpen garrantzitsutzat eta bizikidetza demokratikoaren aldeko ekarpentzat jo du EPPK osatzen duten presoek atzo argitaratutako agiria, presoen harrerei buruzko erabakia plazaratuz.

EPPK-k bat egiten du Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoarekin eta denok dugun helburu komunarekin: indarkeriaren zikloaren ondorio guztiak konpontzea eta edozein biktimari kalte gehiago egin diezaioketen ekintza- edo hitz-jarrerak behin betiko baztertzea.

2019az geroztik, Foro Sozial Iraunkorra isilpean ari da arazo honi konponbide bat emateko lanean. 2019ko uztailaren 31n, krispazio politiko handiko testuinguru batean, irtenbide inklusibo baterako gomendioak argitaratu genituen.

Gai hori askotan landu dugu hainbat eragilerekin dugun harreman iraunkorretan, bai Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako gobernuekin, bai alderdi politikoekin, bai sindikatuekin, baita EPPK-rekin egiten ditugun bileretan ere, lehen Granadako kartzelan eta orain Logroñokoan.

2021eko uztailaz geroztik, presoen harreren gaia konponbidean zegoela adierazi izan dugu, adostasun zabala antzeman baitugu bi esparrutan: enpatia eta eskubideak. Enpatia, gure gizarteak ez duelako onartzen sufrimendua jasan duten edo pairatzen jarraitzen duten pertsonekiko sufrimendu gehiago eragitea; eta eskubidea, familiek eta hurbilekoek kondenak osorik bete dituzten pertsonei, kasu askotan oso baldintza gogorretan (urruntzea, isolamendua, etab.), harrera egiteko eta besarkatzeko duten eskubidea.

Gainera, eragile horiei jakinarazi diegu, gai mingarria dela onartu arren, judizializazioaren bidea ez dela egokia arazo honi behin betiko konponbide integratzailea emateko.

EPPKren adierazpena ekarpen kualitatiboa da, halaber, egun dauden adostasunak finkatzeko, hau da, espetxe politika arruntaren aplikazioaren bidez presoen auziari konponbide integrala emateko dauden adostasunak finkatzeko.

Amaitzeko, eragile instituzional, politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egiten diegu EPPKren adierazpen hau ikuspegi zabaletik aztertzeko eta dagokion balioa emateko, Aieteko adierazpenaren hamargarren urteurrenaren inguruan sortutako agertokiaren sendotzearen testuinguruan gaudela kontuan hartuz.