Asteburuan egingo den V. Foro Sozialaren aurkezpena egin dute gaur Iruñean Expe Iriartek eta Fernando Aramendarizek
Prentsaurreko honen helburua bikotza da: alde batetik, Foro Sozial Iraunkorra-Nafarroak ikasturte honetarako dituen helburuak aurkeztuko ditugu eta, batez ere ostiral honetan Iruñean eta larunbatean Bilbon egingo den V. Foro Soziala aurkeztuko dugu. V. Foro Sozial honen izenak ongi laburbiltzen du zein diren ekimenaren helburuak: “Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak”. Esan bezala, Urriaren 5ean Iruñeko Planetarioko Ibn Ezra hitzaldi aretoan izango gara eta urriaren 6an, berriz, Bilboko Bizkaia Aretoan, Baroja aretoan zehazki.
Asko dira Nafarroan azken bi urteotan eman diren aurrera-pausuak gatazka delakoaren konponbideari dagokionean. ETAren armagabetze zibila eta bere desegitea mugarri garrantzitsuak izan dira, baina ez dira bakarrak izan. Zentzu honetan gogoratu behar dira indarkeria mota guztietako biktima guztien aitortzarako Nafarroatik emandako pausak, presoen gizarteratzeko Parlamentuan lortutako akordio zabalak eta Nafarroako erakundeetan eta erakundetatik kanpo alderdien artean izan diren elkarrizketa politikoak.
Gure iritziz, Nafarroak ikasturte honetarako duen erronkarik nagusia bakean eta giza eskubideen kultura baten gainean eraikitako elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea da.
Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko orduan hiru zutabe daude: indarkeria mota guztietako biktima guztien aitortzarako behin betiko urratsak egitea; preso dauden pertsonei irtenbide integrala ematea eta kontakizun guztiak onartuko dituen memoria inklusiboaren erronkari heltzea.
Hiru zutabe hauek EAEk eta Nafarroak konpartitzen dituzte, baina badago beste helburu bat Nafarroari soilik dagokiona. Nafarroak nortasun propioa du eta gatazkaren ondorioak era desberdin batean bizi izan ditu. Hori dela eta, Foro Sozial Iraunkorra-Nafarroa lantaldeak ikasturte honi jarri dion helburua da ahots propioa izatea aipatutako hiru zutabetan. Hau da, bere konponbide integral propioa eraiki behar du Nafarroak.
Elkarbizitza demokratikoa eta bizikidetza soziala eraiki nahi baditugu, gure egoera propiotik abiatu behar dugu, gure erritmoetara egokituta. Baina honek ez du esan nahi geldirik geratuko garenik, guztiz kontrakoa, ahalik eta adostasun zabalenak lortuko dituzten dinamika inklusiboak martxan jarri behar ditugu. Presoen arloan -gaixoak eta hurbilketa- adostasuna erdiestea posible izan bada, zergatik ez lortu adostasun berdinak indarkeria mota guztietako biktimen arloan?
Aipatutako galdera honi erantzuten hasteko edo, hobeto esanda, jarraitzeko, V. Foro Sozialeko saio bat Iruñean egingo da. Izan ere gogoratu behar da Iruñean izan zela lehen bi Foro Sozialen egoitza 2013an eta 2014an.
Orduan landutako espiritua berreskuratuz, nafarrei dei egingo diegu memoriaren eta elkarbizitzaren eraikitze prozesuan parte aktiboa izan daitezen. Jendarte osoaren ardura da prozesua aurrera eramatea, jendarte zibilarena, instituzioena eta alderdi politikoena.
Esan bezala, Foro Sozial Iraunkorrarentzat biktimekin egin beharreko lana lehentasunezkoa da, biktima guztien aitortza integralaren aldarrikapenetik abiatuta. Gure etorkizuna eraikitzeko oinarria indarkeria mota guztietako biktima guztiak aitortzea da.
V. Foro Sozialaren helburu nagusia izango da hausnarketarako espazio bat sortzea, bertan ideiak, proposamenak eta lan ildo berriak identifikatzeko eta, horien bidez, logika eraikitzaile, inklusibo eta berritzaile bat oinarri hartuta, bake prozesuak memoria eta bizikidetzaren eraikuntzari lotuta planteatzen dizkigun erronka berriei erantzun bat emateko. Eta horretarako, ondoren aipatuko ditugun nazioarteko zein bertako adituekin kontatuko dugu.
Zehazki,lau eztabaida gune egongo dira, egun bakoitzeko bi:
Urriak 5, ostirala, IRUÑEA, Planetarioa (Ibn Ezra konferentzia gela ) 16:00etatik aurrera
Egia: erreparaziorako, justiziarako eta ez errepikapenerako mekanismoak. Hizlaria, BRANDOM HAMBER (Ulster University, Belfast). Erreparatzeko orduan Egiak duen gaitasuna aztertuko du.
Egia eta erreparaziorako mekanismoak. Hizlariak: PACO ETXEBERRIA, BERTHA GAZTELUMENDI eta AMAIA KOWASCH.
Etxeberriak EAEko torturaren txostena azalduko du. Erabilitako metodologia zorrotza dela-eta, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako tresna egokia dela demostratu du.
Gaztelumendik Argituz giza eskubideen aldeko elkarteko kidea da eta Errenterian, Lasarten eta Elgoibarren memoria partekatua lantzeko prozesuetan hartu du parte. Euskal Gatazka delakoaren konponbide integralerako eta egon diren sufrimendu guztiak aitortzeko Udalerrietan egin beharreko lanak bere biziko garrantzia duela azalduko du.
Amaia Kowasch, bere aldetik, 1978ko Sanferminetan gertatutakoa ikertzeko Iruñeako udalak sortutako batzordeko partaidea da.
Urriak 6, larunbata · BILBAO · Bizkaia aretoa Baroja aretoa · (9:00etatik aurrera)
Foro Sozialak sustatutako “Sufrimenduaren kartografia integral baterantz” ekimenaren aurkezpena. Hizlaria: AITZPEA LEIZAOLA.
Egia eta justizia: Nazioarteko erreferentziazko esperientziak, euskal kasuaren erronkak eta proposamenak. Mahai ingurua · Moderazioa: HUMBERTO UNZAGA. AMAIA ÁLVAREZ eta JON-MIRENA LANDA izango dira hizlariak, eta Euskal Herrian justizia trantsizionala ezartzeak suposatzen dituen erronkak aztertuko dituzte, orain arte nazioartean izandako prozesuetan oinarrituta.
V. Foro Soziala bukatu eta gero, ondorioak lantzen hasiko gara eta azaroan aurkeztuko ditugu, Gasteizen. Ondorio hauek Memoria eta Elkarbizitza arloan Foro Sozial Iraunkorrak egingo duen lanaren oinarriak finkatuko dituzte.
Bukatzeko argitu behar dugu Foro Sozialaren parte hartzea guztiz irekia dela, denok zaudete gonbidatuak.