2022/02/02

Torturengatik kondenatutako guardia zibil bati emandako maila igoeraren aurrean instituzioen eta politikarien isiltasuna egiaztatu du Foro Sozialak

Pasa den astean, urtarrilaren 25ean, Arturo Prieto Bozec jeneralak hartu zuen bere kargu berria: Valentziako Guardia Zibilaren burua. Haren izendapena BOEn argitaratu zen azaroaren 5ean, Barne Ministroaren erabakiz.

Izendapen horren aurrean egon diren erreakzioak aztertzeko denbora nahikoa igaro ondoren, gai honetan eredugarriak izan beharko luketen erakundeen eta alderdi politikoen artean izan den isiltasun ikaragarria egiaztatu nahi dugu.

ETAren biktimen diskriminazio kasuetarako irizpide oso desberdin bat aplikatzen dela egiaztatu behar dugu beste behin ere.

1999an, Bizkaiko Entzutegiak Juan Ramón Rojo, Francisco Palacios eta Xabier Arriagak pairatutako tratu txarrengatik errudun deklaratu zuen Arturo Prieto, Daniel Simón Santamariarekin batera. Biek 18 hilabeteko kartzela-zigorra jaso zuten, baina ez zuten bete behar izan. Auzi berean, beste sei agente epaitu zituzten, eta aske geratu ziren.

Beste aldetik, Kepa Urrak pairatutako torturengatik, Arturo Prieto, Diego Pérez de los Cobos eta Manuel Sánchez Corbí ikertu zituzten 1992an. Torturengatik zigortutako pertsonak izan dituen azken epaiketa da hau: hiru guardia zibili lau urteko kartzela-zigorra ezarri zieten.

Estatuaren biktimak birbiktimizatzen dituzten isilune horiek etengabeak dira. Gogoratu behar da, baita ere, José Antonio Cardosa postariaren kontrako bonbaren gaineko grabazioak publiko egin zirenean erakundeek eta politikariek ez zutela erantzun edo babesik erakutsi; eta gauza bera Rafael Veraren, Ramón Jaureguiren eta Villarejoren adierazpenen aurrean; edo Barne Ministerioak giza eskubideak urratzeagatik 1994an kondenatutako polizia bati domina bat eman zionean....

Sinetsita gaude horrelako ekintzak ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimen kasuan, haiek kolpatu zituen indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balira. Eta horrela izan behar du.

Gaur egun, subkontziente kolektiboan ideia bat dago iltzatuta: biktimei buruz hitz egiten denean, ETAren biktimengan pentsatzen da, eta ez GALen, torturaren edo polizien biktimengan. Diskriminazio-adierazpen horrek sirimiri gisa busti ditu eragile instituzional eta politikoen jarrerak.

Alde horretatik, Foro Sozialaren epe motzeko helburua da mota guztietako biktimenganako diskriminazioa gainditzea, izan hitzezkoak edo ekintzakoak. Eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egitea baztertu behar da.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da erakundeek Estatuen biktimekiko konfiantza berreraikitzea, eta, zentzu horretan, urtarrilaren 14an egin genuen proposamena berretsi nahi dugu gaurkoan: premiazkoa eta beharrezkoa da “reset” kolektibo bat egitea, biktima guztiak berdin babesteko, ekidistantziarik eta diskriminaziorik gabe. Alde horretatik, erakundeek eta alderdi politikoek eredugarriak izan beharko lukete.