2022/04/30

Torturaren biktimentzako babesa eskatu dio Foro Sozialak Kongresuko presidenteari

Vox-eko diputatu batek torturaren biktimak birbiktimizatu egin zituen oso modu bortitzean Diputatuen Kongresuan pasa den ostegunean. Honen aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak zera adierazi nahi du:

Vox-eko diputatu batek torturaren biktimak birbiktimizatu egin zituen oso modu bortitzean Diputatuen Kongresuan pasa den ostegunean. Honen aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak zera adierazi nahi du: 

  • Foro Sozialak bere errekonozimendua adierazi nahi die torturaren 4113 biktima ofizialei, Eusko Jaurlaritzak onartuak IVAC-ek egindako txostenaren bidez, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan aitorpen ofizial hori noiz iritsiko zain dauden pertsonei ere.
  • Vox-eko diputatuaren adierazpen horiek are larriagoak dira diputatu hau Estatuko Abokatua dela kontuan hartuta. Izan ere, torturen kontakizun beldurgarriak entzun ditu diputatu honek epaitegietan, besteak beste, Sandra Barrenetxearen tortura kasuan Guardia Zibilen abokatua izan baitzen.
  • Gogoratu behar da Kongresuan bertan orain dela bi hilabete torturatutako pertsonen ordezkaritza batek bere testigantzen berri eman zuela. Egiari Zor Fundazioaren eskutik otsailaren 23an egin zen agerraldia, hainbat alderdi politikotako diputatuen aurrean. 
  • Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan adostasun zabala dago biktima guztiek, torturatuek ere, egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan . Eta orain erronka da edozein motatako biktimarenganako ekintzez edo hitzez egindako desberdinkeriaren adierazpen oro gainditzea, giza eskubideak urratu dituzten eragilearen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egin gabe.
  • Alde horretatik, kezkagarria da Vox-eko diputatuaren hitzek EAEn eta Nafarroak eragin duten erantzun instituzional eskasa. Izan ere, ostegunean bertan Agus Hernan gure bozeramaileak sare sozialetan esan zuen bezala: “Sinetsita gaude horrelako ekintzak ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimei erreferentzia egin izan balitzaie edo indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balira. Eta horrela izan behar du”.

Hauek horrela, Foro Sozial Iraunkorrak idatzi bat bidaliko dio Kongresuko Presidenteari, Meritxell Batet andreari, gertakari larri horien aurrean torturaren biktimei babesa adierazteko eskatuz, eta egindakoa zuzentzeko eska dezala. Horrez gain, Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuentzat torturari buruz egindako txostenak bidaliko dizkizugu.

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere gauza bera eskatzen diegu: biktimei babesa adierazteko. 

Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar baditugu. Aurrera egin behar dugu oraindik existitzen diren bereizkeria-dinamika gurutzatuak gainditzen, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak izan dezakeen sentimenduarekin enpatizatzea, errespetatzea eta gure egitea.