2021/02/11

Torturaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea eskatu die Foro Sozialak Nafarroako erakunde guztiei

Joan den astean “Aztungal” kasuaren ordezkariekin bildu ondoren, Foro Sozialak torturari buruzko txostena egin du, eta gaur José Luis Urizek eta Expe Iriartek Nafarroako erakunde nagusiei eman diete, besteak beste, María Chivite presidenteari.

Informe de conclusiones Encuentro entre una delegación del Foro Social Permanente en Navarra y personas afectadas por las sentencias del caso AZTNUGAL

 

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra joan den urtarrilaren 29an bildu zen Iruñean Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi Martinez eta Iñigo González Etayorekin. Beren helegiteen ondorioz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 3 aldiz kondenatu du Espainiako Estatua, 2011. urtean jakinarazi ziren tortura-salaketak “sakon eta eraginkortasunez” ez ikertzeagatik.

Bilera horretan, “Aztnugal” dinamikako ordezkariek, hainbat dokumentazio emateaz gain (epaiak eta Tortura Prebentziorako Europako Batzordearen txostena), bi eskaera egin zizkioten Nafarroako Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritzari:

  • Aipatutako epai eta txostenak Nafarroako gizarteko ordezkari instituzional gorenei ematea.

  • Harreman horietan, ikerketa ofizial bat egiteak duen garrantzia azpimarratzea, Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarrek zenbat pertsona torturatu dituzten argitzeko, eta, era berean, giza eskubideen urraketa larri horrek Nafarroan izan dituen ondorioen argazki osoa eskaintzea.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak eskaera horiek bere egitea erabaki du. Horretarako, gaur banatu dugun txostena egin du.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak askotan egiaztatu ahal izan du torturaren biktimek bizi duten diskriminazio-egoera bereziki lazgarria dela, aitorpen-maila oso txikia dutelako, biktima kopurua handia izan arren.

Diskriminazio egoera horren aurrean, publikoki adierazten dugu:

  • Tortura ez da noizbehinkakoa izan, azken epai hauek berresten duten bezala. Beharrezkoa da garai hartako arduradun politikoek, praktika hau denboran irautea ahalbidetu zutenek, egindako kaltea publikoki onartzea.

  • Antzeko ezaugarriak dituen Euskal Legeari buruz Konstituzio Auzitegiak emandako epaien ondoren, 16/2019 Foru Legeari errekurtsoak aurkeztu zizkioten hiru alderdi politikoei errekurtsoa kentzeko eskatzen diegu.

  • Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzari eskatzen diogu jarrai dezala torturak Nafarroako Foru Komunitatean izan duen eraginaren argazki osoa eskaini nahi duen azterlanarekin.

Hauek horrela, gaur, aipatutako txostena Nafarroako erakunde guztiei ematen ari gara, eta, aldi berean, torturaren biktima horiei babesa adieraztea eskatzen dugu.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrean uste irmoa dugu giza eskubideen urraketa guztiek errekonozimendu politiko eta legala merezi dutela, baita erreparazioa ere. Hori da bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitzeko berme nagusia.