2021/03/03

Tortura: oraindik egiteke dagoen ezinbesteko eztabaida bat

Azken asteetan torturaren biktimek behar duten aitortzaren inguruan irekitako eztabaidari buruzko azterketa egin nahi du Foro Sozial Iraunkorrak.

Torturaren gaiari sakontasunez eta konponbide klabean heltzen ez diogun bitartean, behin eta berriz gizarte gisa astinduko gaituen auzia izango da. Beraz, garaia da behar diren mekanismoak ezartzeko gai honi behin betiko konponbidea emateko.

Auzi honen konponbidearen beharra agerian utzi dute azken egunotako hainbat gertakarik: CIAren txostena eta Pili Zabalaren salaketa; Europako Auzitegiaren epaia; torturatutako pertsonen eta elkarteen salaketak; gizarte zibileko ekimenak; torturari buruzko elkarrizketaren audioak; “Non dago Mikel” dokumentalak izan duen inpaktua eta honen harira egin diren keinu politikoak, adibidez, Espainiako Gobernuko lehendakariordearen presentzia Madrilgo estreinaldian eta beste adierazpen politiko batzuk.

Inteligentzia-zerbitzuetako kide baten eta Guardia Zibileko goi-kargu baten arteko audio beldurgarriek lasaitu egin dituzte, paradoxikoki, torturaren biktimak. Izan ere, agerian geratu da gizarte osoaren aurrean tortura praktika sistematiko bat izan zela, eta behin betiko itxi du jasandako sufrimendua bera ere ukatzen zen garaia.

Horrek guztiak lagundu du gai hau agenda politiko eta mediatikoaren erdian kokatzen.

Alde horretatik, gogorarazi behar da 2020ko ekainaren 23an Foro Sozial Iraunkorrak “Gomendioen dekalogoa” aurkeztu zuela, oraindik konponbiderik ez duen auzi honi aurre egiteko. Gure ustez, ekarpen horrek gaurkotasun osoa hartu du egoera honetan.

Erakundeen adostasuna

Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu nahi du eztabaida honek agerian jarri duen ondoriorik garrantzitsuena dela biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan adostasun instituzional eta politikoa dagoela Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Aitzitik, alderdien arteko “kontakizunaren bataila”, oraingoz, dauden adostasunak eta egindako aurrera urrats argiak estaltzen ari da.

Adostasun instituzionalaren bidean, Eusko Jaurlaritzaren 12/2016 Legea eta 107/2012 Dekretua eta Nafarroako Gobernuaren 16/2019 Foru Legea (Konstituzio Auzitegian errekurritua dagoena) torturaren biktimei erreparazioa emateko tresna egokiak dira.

Hala ere, tresna horiek ezin dute torturaren biktimen oinarrizko eskaria ordezkatu: egia jakitea. Izan ere, gaur egun, biktima hauek ez dute justiziarekiko konfiantzarik. Horregatik uste dugu arazo horri irtenbidea emateko modu bakarra eragile guztiak biltzen dituen “egia soziala” aitortzetik azterketak eta konponbide-proposamenak egitera pasatzea dela.

Era berean, torturaren biktimen babesgabetasuna areagotzen duten jarrerak eta adierazpenak daude oraindik.

Datu hotzek erakusten digutenez, gaur egun, IVACen eta Eusko Jaurlaritzaren txostenean jasotako 4.113 kasuetatik (Nafarroan antzeko txostenik ez dago) 31 tortura kasu baino ez dira aitortuak izan epai judizialak izateagatik. Horiei Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuak onartutako 72 kasuak gehitu behar zaizkie (1960 - 1978 aldiari dagozkionak). Hau da, oraindik 4.010 kasu ebatzi gabe daude.

Nola jarri auzi hau konpontzeko bidean?

Foro Sozial Iraunkorrak ulertzen du biktima guztientzako, baita torturaren biktimentzako ere, egia eta justizia lortzeko, konponbidea ezin dela mendekuan oinarritu. Gai honetarako, eta indarkeria-zikloaren ondorioen konponbidearekin zerikusia duen beste edozein gaitarako, konponbidea justizia bilatzean datza, baina inoiz ez justizia punitiboa, mendekua edo errepresalia.

Premisa bikoitz horretatik abiatuz gero —biktimen eskubidea eta zigorrik gabeko konponbideak bilatzea—, mekanismoak aztertu behar ditugu konponbide klabean. Justizia punitiboa ezartzeak, baita torturatzaileentzat eta beren arduradun politikoentzat ere, sufrimendua luzatzea besterik ez luke ekarriko, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzea zailduko luke.

Horrelako arazoetarako erabiltzen diren eta nazioarteko ordenamendu juridikoan aurreikusita dauden mekanismoak existitzen dira, hala nola Justizia Transizionala. Gure ustez, formula hau egokiena izango litzateke.

Baina ezin dugu itxaron mekanismoaren inguruko adostasuna eraiki arte (Justizia Trantsizionala edo beste bat). Dagoeneko urratsak egin ditzakegu eta egin behar ditugu. Bide horretan, gure ustez, biktimarioek eta tortura babestu zuten arduradun politikoek eragindako kaltea aitortu behar dute. Eta egungo gobernuek beharrezko iruditzen zaizkien erreparazio-ekimenak egin behar dituzte.

Azkenik, Foro Sozial Iraunkorrak berretsi egiten du bere konpromisoa indarkeria-zikloaren ondorio guztiei irtenbide integratzailea emateko proposamenak eta bideratze-lanak egiten jarraitzeko, baita torturaren auziari ere.