2018/10/05

“Sufrimenduaren Kartografia Integralak Egia ezagutzeko eta biktima guztiak aitortuak sentitzeko oinarrizko mekanismoa izan nahi du

V. Foro Sozialaren markoan gaur “Sufrimenduaren Kartografia Integrala” egitasmoa aurkeztu dugu (ikusi PDF-n post honen bukaeran). Agus Hernán eta Nekane Altzelaik honen inguruko irakurketa egin dute.

“Sufrimenduaren kartografia integrala” PDF

Lehenik eta behin, gaur hemen Bilbon eta atzo Iruñean 5. Foro Sozial honetan parte hartzen ari zaretenoi eskerrik asko adierazi nahi dizuegu.

Foro Sozial Iraunkorra 2016an jaio zen gatazkaren konponbidea oztopatzen ari ziren blokeo anitzak askatzen laguntzeko eta adostasunerako espazioak eta mekanismoak proposatzeko eta errazteko. Gure iparra, orduan eta orain, berdina da: bake prozesua aurrera egitea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzea.

Foro Sozial Iraunkorraren lanaren funtsezko oinarrietako bat biktimak dira. Haiek guztiek gertatukoaren Egia ezagutzeko duten eskubidea, aitortuak izateko eta erreparaziorako duten eskubidea eta Justiziarako duten eskubidea dira gure oinarriak. Gertatutakoa berriro ez gertatzeko bermeak dira printzipio hauek. Horrela jasota dago 2013ko lehen Foro Sozialaren 9. gomendioan, gure pausuak zuzentzen jarraitzen dituena. Eta horrela jasota dago nazioarteko estandarretan, Foroak bereak egiten dituena.

Eta horrela V. Foro Sozial honetara iritsi gara, 12 hilabetez indarkeria mota guztietako biktimekin egon ondoren eta beraien lekukotzak arreta handiz entzun ondoren. Bilera publiko baina, batez ere, pribatu asko egin ditugu. Gure iritziz, honaino iritsi ahal izateko ezinbestekoa aurrelanketa zen hori: indarkeria mota guztietako biktimei entzun beharra zegoen.

Lan honen emaitza oraintxe bertan Aitzpea Leizaolak aurkeztu digun “Sufrimenduaren kartografia integrala” egitasmoa izan da. Biktima guztiak aitortuak sentitzeko tresna da hau. Eta berriro diogu: biktima guztiak.

Horregatik hain justu, “Egia” izan da V. Foro Sozialaren ardatza. Egia ezagutzeko biktimek duten eskubidea baita beste eskubide guztiak gauzatzeko bidea: pairatutako sufrimenduaren aitortza, erreparazioa (era anitzean ulertua) eta Justizia.

Egia ezagutzean, biktimak dagozkien eskubideen jabe bilakatzen dira. Eta, aldi berean, bake prozesuak aurrera egiten ahalbidetzen du. Jakin badakigulako iraganean auzi hau oztopo handia izan dela elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan eta bake prozesuan aurrera egiteko unean. Eta gainera, Egia zauriak sendatzeko tresna bat da.

V. Foro Sozial honetan, orain arte onarpen ofizialik ez zuten Egiak ofizializatzeko formulan, era batean edo bestean, asmatu duten mekanismo desberdinak ezagutzen ari gara. Ikerketa akademikoak, udalerri batean gertatu diren sufrimendu guztiak barne biltzen dituzten mapak, herritarren iniziatibaz sortu diren ekimenak eta onarpen instituzionalak lortu dutenak...

Egia hauek guztiek biktimek pairatu dituzten sufrimenduak aitortu dituzte; milaka lagunek aurre egin behar izan dituzten aldeaniztuneko minak azaleratu dituzte; pertsona hauekiko euskal jendarteak zuen zor kolektiboa asetzean asmatu dute. Biktimak aitortu dituzte. Beraien sufrimendua benetakoa dela aitortu dute, ez dutela gezurrik esan, alegia. Azken finean, jendarteak sinesten diela adieraztean asmatu dute mekanismo hauek.

Horrela, pausuz pausu, euskal gatazka delakoan izan diren Egia guztien puzzlea osatzen ari gara, piezaz pieza.

Eta gainera, bake prozesua dagoen une honetan oso garrantzitsua den zerbait ikusi dugu: aipatutako mekanismo hauekin biktima asko aitortuak eta erreparatuak sentitu dira.

Egia ezagutzeko bide anitz eta eskuzabal honek atea ireki dio biktima guztien aitortze prozesuan gizarte zibilak zer paper jokatu behar duen zehazteari. Biktimak erreparatzeko balio duten Egiak azalarazten laguntzen duten esperientziak sustatu behar dira. Bosgarren Foro Sozial honetan ezagutu ditugun esperientziak adibide egokiak dira.

Egia ezagutzeko bide honek atea ireki dio Egia judizialaren, Egia instituzionalaren eta Egia sozialaren artean askotan egon den desoreka gainditzeari.

Foro Sozial Iraunkorrak konpromisoa hartzen du Egiaren puzzle hau osatzeko prozesuan ekarpena egiten laguntzeko. Biktimentzat baliagarria bada, Foro Sozialarentzat baliagarria da. Eta ondorioz, etorkizuneko elkarbizitzaren norabidean aurrera urratsak egiten laguntzen du.