2020/10/01

Sindikatu guztiek bere egin dute Elgoibarko akordioa

Euskal sindikatu guztien prentsa-oharra, "Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak errekonozitzeko, haien erreparazioa eta aitortza izapidetzeko" atzo Elgoibarren lortutako akordio politikoa bere eginez.

Adierazpen hau izapidetzen dugun sindikatuok aditzera eman nahi diogu euskal jendarteari txalotzen dugula, Foro Sozial Iraunkorrak proposatuta, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemos alderdi politikoek babestu duten akordio garrantzitsua, honako mozioan jasotzen dena: "Mozioa, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei babesa eskaintzeko eta biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko, uztailaren 28ko 12/2016 Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 5/2019 Legean oinarrituta”. Hori, atzo, irailaren 30ean, Elgoibarko Udalbatzan onartu zen aho batez.

Gaurkoan, elkartu gaituena honako gaia izan da: funtzionario publikoek beren eginkizunak betetzean edo beren eginkizunak betetzetik kanpo; ala partikularrek, taldean edo modu isolatu, indibidual eta kontrolatugabean eragindako heriotzak, torturak eta zauri larriak, zeinak ondorio izan duten pertsonen bizitza edo osotasun fisiko, psikiko, moral edo sexuala kaltetzea.

Biktima horiei babesa eta aitortza eskaintzeko ekimena gure egiten dugu, gure azaletan jasan ditugulako giza eskubideen urraketa horiek.
Langile mugimendua izan zen, urte askoan, praktika horien jopuntu. Sindikatuok eta gure afiliatu askok jasan genituen manifestazioen kontrako errepresio gogorra, atxiloketak, torturak, “inkontrolatuen” basakeria... zenbaitek bizia galtzeraino.

Hori dela eta, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CNT, HIRU eta Etxalde sindikatuok honako adierazpena egiten dugu:

1.- Sindikatuok gure aitortza adierazten diegu Euskal Autonomia Erkidegoan motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei, eta positiboki baloratzen dugu 5/2019 Legeak eman beharko lieken erreparazioa, egiarako, justiziarako eta memoriarako eskubideak lortzeko urrats garrantzitsu gisa.

2.- Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak, bereziki gure afiliatuak direnak, animatzen ditugu errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko eskaerak izapidetzera, eta lan horretarako aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa hartzen dugu.

3.- Sindikatuok konpromisoa hartzen dugu Lege honen berri gure ohiko komunikazio bideetatik emateko, prozedura horiek hasteko interesa izan dezaketen pertsonek jakin dezaten zein aukera eta eskubide dituzten.