2021/06/09

Sexu-orientazioagatiko indarkeriaren biktimentzat ere errekonozimendua eskatu du Foro Sozialak

Vicente VADILLO "Francis”en hilketaren XLII. Urteurrena

1979ko ekainaren 10eko goizaldean, Antonio Caba Laguna polizia nazionalak, zerbitzuz kanpo zegoelarik, Vicente Vadillo Santamaría 'Francis' hil zuen aurpegian tiro bat emanda. Francis Alacantekoa zen jatorriz (País Valencià), eta Errenteriako Apolo klubean egiten zuen lan trabesti gisa.

Bertsio ofizialak aditzera eman zuenaren arabera poliziak bere arma ustekabean tirokatu zuen. Baina Donostiako Probintzia Auzitegian 1983an egindako epaiketan lekukoek adierazi zuten ez zela horrela izan. Azaldu zutenez, agenteak klubeko arduraduna mehatxatu zuen. Orduan 'Francis' hurbildu eta "zergatik ez didazu niri tiro egiten?" esan zion poliziari. Azken honek une horretan aurpegira tiro egin zion eta berehala hil zen. Hiltzailea bederatzi hilabetera zigortu zuten, eta ez zen inoiz kartzelan sartu.

Garai hartan, motibazio politikoko biolentziak, hainbat agentek praktikara eraman zituztenak, eguneroko kontua ziren Euskal Herrian (Errenterian, kasu honetan). Gurean bizi izandako indarkerien zikloaren baitan ankerkeria berezia jasan behar izan zuten inposatutako sexualitatearen eredu tradizionala eta genero-arau hegemonikoa haustea erabaki zuten pertsonek (hilketak, bakartze soziala, bortxaketak, jazarpena, sexu-torturak, etab.), tamalez, oraindik ere giza eskubideen urraketa larriak eta irainak pairatzen dituztenek.

"Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarako konpromiso soziala" izeneko partaidetza-prozesuan jasotako ekarpen anitzekin egiaztatzen ari garen bezala, euskal jendartea desberdintasun-ardatz ugarik (generoa, sexualitatea, maila sozioekonomikoa, hizkuntza...) zeharkatu dute, eta oraindik ere zeharkatzen dute. Ezin konta ahala indarkeria jasan dituzte hainbat pertsonak indarkeria-zikloaren testuinguruan sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik. Zaintzapeko askatasuna, "sexilioa", pintadak, mehatxuak, poliziaren erasoak, indarkeria fisikoa, kartzela eta erbestea, tortura, sexu-indarkeria, transfobia... esaterako. Baita bizitzeko eskubidearen urraketa ere, Francisen kasuan.

Foro Sozial Iraunkorrean uste dugu ezinbestekoa dela esperientzia, bizipen eta eskubide-urraketa horiek guztiak publikoki aitortzea eta erreparatzea. Biktimen eskubideen defentsan, gure lana gidatzen duen premisa argia da: biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea; eta giza eskubideen urraketa berek aitorpen politiko eta legezko maila bera izan behar dute, edozein delarik ere urraketak praktikara eraman dituen eragilea.

Ildo horretan, XLII. urteurren honetan, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa iruditzen zaigula, Francis bezalako giza eskubideen urraketa larrien biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateaz gain, ikusgarritasuna ere ematea sexu-orientazioak, genero-identitateak edo genero-adierazpenak baldintzatutako errealitate horiei, gure gizartean bizirik dirauen diskriminazioarekin amaitzeko eta etorkizunean horrelako jarrerek tokirik izango ez dutela bermatzeko.

Horregatik, eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, tokiko erakundeei eta gure herrian lan egiten duten gizarte-erakundeei beren gain har dezatela eskubide-urraketa horiek ikusarazteko konpromisoa, egoki deritzoten mekanismoen bidez.

Amaitzeko, gogora ekarri nahi dugu Francisen heriotza tragikoak bultzada handia eman ziola LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen alde orduaz geroztik Euskal Herrian lanean diharduen mugimenduari, une hartara arte klandestinitatean eta marjinalitatean egon behar izan zena: orduan antolatu ziren lehen manifestazioak, bai Errenterian, bai Donostian, eta forma hartu zuten kolektiboaren eskubideen defentsarako antolatu ziren lehen eragile sozialek, EHGAMek kasu.

Foro Sozial Iraunkorrak, 2016an sortu zenetik egindako lanaren ondorioz, honakoa baieztatu du: gizarte zibilak ekarpena egin dezake eta egin behar du sufrimenduaren eta desberdintasunen amaieran eta, beraz, bizikidetzaren eraikuntzan.

Hori dela eta, ekainaren 28aren bezperatan gauden honetan, Sexu Askapenaren eta LGBTIQ+ harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere, kolektiboaren eskubideen alde lanean diharduten eta urteetan zehar jardun diren eragileei gure miresmenik sakonena adierazi nahi diegu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu gure gizarteari egindako ekarpenagatik.

Ziur gaude gizarte zibilak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan protagonismo osoa izatea dela berriro ez gertatzeko bermerik onena.

Amaitzeko, aditzera eman nahi dugu datorren uztailaren 7an topaketa pribatu bat ere antolatuko dugula, LGTBIQ+ kolektiboen ordezkari diren hainbat pertsonak bizikidetzaren eraikuntzak planteatzen dituen erronkei buruz hausnartzeko, Foro Sozial Iraunkorra joan den urritik bultzatzen ari den "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" prozesuaren baitan. Bileraren ondorioak beranduago aurkeztuko den txostenean jasoko eta publiko egingo dira.