Expe Iriarte, Jose Luis Uriz eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariak goiz honetan bildu dira Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin, zio politikoengatik kartzelan eta ihesean dauden pertsonen bergizarteratzeari buruz IV. Foro Sozialak egindako gogoeta eta eztabaida prozesuaren ondorioak aurkezteko. Foro Sozial Iraunkorrak erakunde nagusietako ordezkariekin egin asmo duen bilera-errondako lehen saioa izan da gaurkoa.
2017ko martxotik 2018ko urtarrilera bitartean, Foro Sozial Iraunkorrak gogoeta eta eztabaida prozesu bat burutu du "zio politikoengatik preso edo ihesi dauden pertsonen bergizarteratzea" aztertzeko.
Horretarako, IV. Foro Sozialaren bi saio egin ditugu (Donostian 2017ko martxoaren 10ean eta Irunen 2018ko urtarrilaren 26an eta 27an) eta ondorioak bi zatitan aurkeztu ditugu (lehenengoa 2017ko maiatzaren 18an Iruñean eta bigarrena 2018ko martxoaren 27an Donostian)
Ondorio horiek guztiak dira presoei, ihesi daudenei eta haien bergizarteratzeari buruzkoak.
Hori guztia metaturik, eta maiatzaren 3az geroztik ETAren desagerpenarekin irekitako agertoki berriaren testuinguruan, hemengo erakunde nagusietan aurkezpen erronda bati ekin diogu orain.
Bilera bana eskatu diegu Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariei, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteari, Ana Oregi Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Batzorde Txostengileko presidenteari, bi eremuetako arartekoei eta EPPK presoen kolektiboari.
Lehen bilera gaur goizean izan da, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin. Bilera horretan, Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariak Expe Iriarte, Jose Luis Uriz eta Teresa Toda izan dira.
Teresa Todaren adierazpenak euskaraz eta gaztelaniaz
Bileran azaldu diogu Parlamentuko presidenteari, ETAren desagerpenarekin batera ireki den garai berrira egokitu beharko litzatekeela espetxe-politika. Egiaztatzen dugu gogoeta horrekin bat datorrela Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gehiengo politiko, sindikal eta soziala eta baita bi erkidegoetako ordezkaritza-erakundeak. Gehiengo horrek bere iritzia behin eta berriz adierazi du hainbat modutan, bai hainbat inkestetan, bai hainbat foro sozial eta instituzionaletan.
Modu baikorrean baloratzen ditugu Nafarroako Parlamentuan, Eusko Legebiltzarrean eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan lortutako akordioak gaixo diren presoei buruz, hurbiltzeari buruz eta espetxe- eskumenaren transferentziari buruz; lehen biak bi eremuetako sindikatu guztien babesarekin.
Modu baikorrean baloratzen dugu maiatzaren 4an Bertizen Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek aurkeztutako proposamena. Proposatutako batzorde mistoa lan-tresna egokia izan daiteke.
Zentzu horretan, presoekin zerikusia duen edozein erabaki horien arabera hartzea komenigarria dela adierazten dugu.
Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, EPPKren beraren eta gizarte zibilaren arteko akordioen triangulazioan oinarritutako konponbide eskema positiboa dela uste dugu gai honetan sakontzeko.
Ez dugu inolako kontraprestazio- eta pribilegio-estrategiarik defenditzen. Egokitzapen bati buruz ari garenean, egungo espetxe-legedia aplikatzeaz ari gara, argi eta garbi.
Datorren asteartean, hilaren 29an, Foro Sozial Iraunkorrak prentsaurrekoa eskainiko du Bilbon Sarerekin eta Etxeratekin batera –Foro Sozialeko kideak dira biak–. Bertan, datozen hilabeteetan landuko dugun presoen gaia konpontzeko urgentziazko agendako puntuetan zentratuko gara.