> “Araudi arruntaren aplikazioak preso guztiak Zaballara gerturatzea eta bigarren gradura igarotzea ahalbidetzea eskatzen du”
> Foro Sozialak espetxe politikari buruz alderdien artean dauden adostasun eta desadostasunei buruzko dokumentua aurkeztu du gaur:
>Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza egongo da Bilbon larunbatean
2018an espetxe politikari buruz alderdien arteko bi mahai inguru antolatu ziren Bizkaiko Abokatuen Elkartean. Lehenbizikoan, joan den urtarrilean egindakoa, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk parte hartu zuten. Bigarrena, urriaren 20an egindakoa, ohiz kanpoko eta garrantzi bereziko mahai ingurua izan zen, espetxe politikaz mintzatzeko Eusko Legebiltzarrean ordezkatua dauden bost alderdiek parte hartu zutelako. Gaur, elkarrizketa interesgarri hartatik Foro Sozial Iraunkorrak atera dituen ondorioak aurkeztuko ditugu.
Hasteko, Foro Sozial Iraunkorrak bereziki eskertu nahi ditu alderdiak zein beraiei ordezkatzen zituzten pertsonen parte-hartzea: EAJ-PNVko Amaia Arregi, EH Bilduko Julen Arzuaga, Elkarrekin Podemos-eko Tinixara Guanche, PSE-EEko Rafaela Romero eta PPko Amaya Fernandez. Bide batez, bertan azaldu ziren iritzi guztien aurrean gure errespetua azaldu nahi dugu; guztiek euskal gizarteko sektore ezberdinak ordezkatzen dituzte, zalantzarik gabe.
Eragile politikoen zein sozialen arteko elkarrizketak ahalbidetzea eta sustatzea Foro Sozialaren muinean dago. Eta une honetan, ETAren armagabetze eta desagertzearen ondoren konponbidea behar duten gaien inguruan akordio eta kontsentsuak bilatzea da gure xedetariko bat. Zehazki, hiru dira gai nagusi hauek: batetik, indarkeria mota guztietako biktima guztiei zor zaien aitortza, bigarrenik elkarbizitza demokratikoa sostengatuko duen memoria inklusiboa, eta hirugarrenik, gaur biltzen gaituen gaia: beharrezkoa eta premiazkoa den espetxe politikaren aldaketa.
Aipaturiko elkarrizketek fruituak eman dituzte eta hainbat ebazpen instituzionaletan gauzatu dira: Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan, Batzar Nagusietan eta udaletxeetan. Gainera, ebazpen hauek euskal sindikatu guztien babes esplizitua izan dute, baita gizarte zibilaren gehiengoarena ere.
ETAren desagerpenaren ondoren espetxe politikaren aldaketaren beharraren inguruan akordio zabala dago, eta ez bakarrik egungo araudiak ahalbidetzen duelako, baizik eta -eta are garrantzizkoagoa dena- gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko behar-beharrezko osagai bat delako. Gainera, gaur egun egokiak diren baldintza politiko eta sozialak emanda daude preso eta senideei eragiten dien egoera luze honi konponbide integrala emateko.
Azpimarratzekoa da espetxe politikaren aldaketaren inguruan dagoen adostasuna EAEn eta Nafarroan azken 40 urteotan lortutako kontsentsurik zabalena eta zeharkakoagoa dela, eta beste materia politikoetan hain nabarmen diren desadostasunarekin kontraste egiten duela. Kontuan hartzeko datua dirudigu, elkarbizitza berri bati ekiteko dagoen nahia adierazten baitu.
Urriaren 20ko ezohiko debatea: adostasunak eta desadostasunak: PDF
Banatu dugun dokumentuak urriaren 20ko debate hartako laburpena jasotzen du, baita hortik ateratzen dugun ondorio nagusia sostengatzeko elementuak. Eta ondorio hori EAEn oraindik konpondu gabe dagoen espetxe politikaren arazoari konponbide integrala emateko gehiengoaren kontsentsua egon badagoela da.
Bertan egin ziren lehenengo eta bigarren mahaien artean gai honetan eragin zuzena duen gertaera bat eman zen: Madrilgo Gobernuaren aldaketa, eta Pedro Sanchez presidentearen espetxe politikan aldaketak egiteko iragarpena. Iragarpen honi buruzko balorazio positiboa da, hain zuzen, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren arteko erabateko akordio puntua. PPren jarrera ezberdina da, dokumentuan jasotzen denez.
Lana lau ataletan egituratuta dago:
EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk hiru oinarrizko gaien inguruan duten adostasuna azaltzen da: batetik, larriki gaixo dauden presoei dagokienean Legea oso argia dela; bigarrenik, birgizarteratzerako gradu progresioa beharrezkoa dela eta prozesu hori definitu behar dela; eta azkenik, espetxe eskumenen transferentziei buruzko akordioa dago. PPren posizioa laugarren atalean jasotzen da.
Kontsentsu atalean, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk adostasun orokorra duten puntuak azaltzen dira. Adibidez, gaur egun indarrean dagoen espetxe araudiarekin beste espetxe politika posiblea dela, salbuespen egoeretatik legedi arrunterako bidea egin ahal izateko.
Kointzidentziak atalean, espetxe politikaren alde ezberdinetan alderdiek dituzten ikuspuntu ezberdinduak edo xehatuak biltzen dira, nahiz eta orokorrean, esan bezala, ikuspegi berbera izan. Adibidez, Sanchez Gobernuaren adierazpenaren ostean benetan eman diren pausu eta erritmoen inguruko iritziak.
Laugarren atalak PPren posizioa jasotzen du, besteekiko argiki berezituta.
Foro Sozial Iraunkorraren enplazamendua
Bukatzeko, Foro Sozial Iraunkorrak bere posizioa finkatu nahi du.
Nahiz eta Sanchez Gobernuak ekainean hain ondo hartu den iragarpena egin, espetxetako egoerak, orokorrean, duela ia hiru hamarkadan zegoen leku berdinean jarraitzen duela egiaztatzen dugu. Hau da, Estatu espainolaren espetxe politikak salbuespenekoa izaten jarraitzen du. Salbuespen egoeratik espetxeko araudi arruntaren aplikazio malguago zein humanoagora egin behar duen bidea ez du egin oraindik. Nahiz eta euskal instituzioek, eragile politiko, sindikal eta sozialek zein euskal eta nafar gizarteen gehiengoek eskatu.
Eman diren pausuak positiboak dira, bai, baina aldi berean, motzak eta motelak. Foro Sozial Iraunkorrak ulertzen du, gauzak gradualki egiten badira ere, araudi arruntaren aplikazioak eta bizikidetza demokratikorako lagunduko duten birgizarteratze prozesuen garapenak eskatzen dutela preso guztiak Zaballara gerturatzea eta bigarren gradura igarotzea, birgizarteratze prozesua eta hirugarren gradura pasatzea ahalbidetuz.
Abokatuen Elkarteko debatetan parte hartu zutenen hitzen arabera, baita juristek eta espetxe politikan adituen iritziz ere, argi dago hori guztia posiblea dela gaur egungo legediaren aplikazio malgu hutsarekin.
Hauteskunde urtean sartu garenez, eta espetxetako egoeraren garrantzia eta premia kontuan hartuz, Foro Sozial Iraunkorrak zera proposatzen die alderdi politikoei: dagoen eskaera sozial zabalari erantzunez haien hauteskunde programetan gai honi tokia ematea. Izan ere, arazo honen konponbidean inplikatua dauden eragileak dira eta, gainera, dagoeneko honen inguruan jarrera argiak mantendu dituzte publikoki.
Bilboko manifestazioa
Bukatzeko, aipatu nahi genuke bide honetan gizarte zibilak duen rol garrantzitsua eta, horren adierazle “Orain Presoak” bezalako ekimena eta datorren larunbatean, hilak 12, Bilbon egingo den manifestazio masiboa. Foro Sozialaren ordezkaritza bat bertan egongo da.