2020/08/27

Prentsaurrekoa Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta

2020/08/27 – San Sebastian hotela (Donostia)
Hizlariak: Nekane Altzelai, Tasio Arrizabalaga

Euskal Herrian bizi izandako indarkeria anitzen zikloaren testuinguruan, gutxienez 482 kasuk "argitu gabe" jarraitzen dute, Donostiako Miramar Jauregian 2018ko martxoaren 17an aurkeztu genuen txostenean jasotako datuen arabera.

Horien guztien artean, 7 kasu behartutako desagertze modura daude dokumentatuta, indarkeriaz baliatu diren hainbat agentek gauzatu zituztenak. Zerrenda eranskin moduan gehitu dizuegu prentsaurrekoko hitzartzean.

"Dokumentatuta" diogu, jakin badakigulako beste batzuk egon litezkeela, oraindik frogatu ez badira ere, eta hainbat eragilek horiek argitzeko lan egiten jarraitzen dutela. 2011. urtetik, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen sustapenez. Foro Sozial Iraunkorrak bere egin du data hori, eta duela hiru urtetik lan agendan gehitu du.

Behartutako desagertzeak giza eskubideen urraketa larriak dira. Horrela jasotzen du Nazio Batuen Gutunak. Gainera, herritarren artean terrorea eragiteko estrategia ere badira. Praktika horrek sorrarazten duen segurtasun eza ez da desagertutako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari ere eragiten dio.

Foro Sozial Iraunkorretik, gaurkoan, 7 pertsona horiek gogoan izan nahi ditugu, eta aditzera eman nahi dugu, giza eskubideen urraketa oso larrien biktima diren aldetik, egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta bizitakoa berriz ez errepikatzeko bermeak merezi dituztela. Horrela bakarrik izango da posible aurrera egitea bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan.

Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei dagozkien eskubideak bermatzeari dagokionez (esaterako, behartutako desagertzeen biktimei), Foro Sozial Iraunkorraren lana gidatzen duten bi premisak argiak dira:

  1. Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea.
  2. Urraketa berak, berdin aitortu behar dira, maila berean.

Behartutako desagertzeen biktimen kasuan, lehenengo printzipioak, egia jakiteko eskubidearenak, erabateko garrantzia hartzen du.

Senitartekoa non dagoen ez jakiteak eta desagertzearen inguruabarrak ez ezagutzeak sortzen duten mina eta sufrimendua izugarriak eta sendatzen oso zailak dira. Hala jakinarazi digute, sarritan, Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako hainbat ekimen publiko eta pribatutan parte hartu duten desagertzera behartu dituzten pertsonen senitarteko askok. Beren esanetan, egia ezagutzeko eskubidea da elementu nuklearra, abiapuntua, justiziatzat ulertzen dutena, benetan behar dutena.

Hortaz, ezinbestekoa da biktima horiei eta haien senideei dagokien egia jakiteko eskubidea bermatzea. Hori guztia euskal jendarte osoaren ardura da: herritarrena, eragile instituzional eta politikoena eta gizarte eragileena.

Aitortu gabeko biktima horietako asko, gainera, bigarren mailako biktima sentitzen dira, diskriminatuta sentitzen dira. Hori dela eta, Foro Sozial Iraunkorrean uste dugu bereziki garrantzitsua dela egungo eraikuntza une honetan hain konplexua den arazo horri aurre egitea. Hori dela eta, bi ekimen abiarazi ditugu Nazioarteko Egun honen testuinguruan:

  1. Alde batetik, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari eskatu diogu ikasturte berri honetan tramitatu dezala 2021eko abuztuaren 30a ofizialki ospatzeko eskaera, Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Egunarena, hain zuzen ere.

    Gure ustez, ETAren bikitma izandako legebiltzarkideekin eta Estatuaren indarkeria pairatu dutenekin egiten den moduan, edo pasa den ekainaren 26an torturaren biktimak gogoratzeko egin zen bezala, su ontzia egun horretan Eusko Legebiltzarraren sarreran jartzeak balio dezake dokumentatutako 7 biktimak oroitzeko eta nolabait aitortzeko.

    Foro Sozial Iraunkorraren ustez, horrelako nazioarteko egunak ospatzea aukera da herritarrak sentsibilizatzeko gatazkaren konponbideari dagozkion gaien inguruan, eta problematika horiek agenda komunikatiboan sartzeak lagundu egiten du iritzi publikoaren artean oraindik argitzeke dirauten kasuak daudela presente izaten.
     
  2. Beste aldetik, "Hitzorduak" online topaketa bat ere antolatu dugu irailaren 3an, arratsaldeko 19:00etan, Zoom-en eta Facebook Live-ren bidez. Bertan, euskal kasuan behartutako desagertzeen egungo egoera zein den plazaratzeaz gain, nazioarteko adituek jardungo dute beren esperientziei buruz eta kasu horiek argitzeko baliagarriak izan diren mekanismoei buruz.

    Zehazki, honako hauek izango dira parte hartuko duten adituak:
    - Nila Heredia. Medikua, aktibista eta politikari boliviarra, osasun ministro ohia eta Boliviako Egiaren Batzordeko presidentea.
    - Maria Adela Antokoletz, Madres de Plaza de Mayo ekimenaren sortzaileetako baten alaba (Argentina).
    - Judith Galarza Campos, Atxilotutako eta Desagerrarazitako Senideen Elkarteen Latinoamerikako Federazioko idazkari nagusia (Mexiko).
    - Luz Marina Monzón, Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitateko zuzendaria (Kolonbia).

Amaitzeko, Foro Sozial Iraunkorrak honakoa adierazi nahi du:

  •  Beste behin ere, aitortu eta txalotu nahi dugu erakundeek, abokatuek, familiek eta gizarte eragileek egiten jarraitzen duten lana senideei laguntzen, ikerketak egiten eta biktimei dagozkien eskubideak erdiesten.
  • Berretsi nahi dugu garrantzitsua deritzogula etorkizunean ikuspegi integral batetik desagerrarazitako pertsonen berariazko aitorpena gauzatzea: kasu guztiak osotasunean hartuta.
  • Eta, azkenik, adierazi nahi dugu etorkizunean Egiaren Batzordea abiatu ahal izateko beharrezkoak diren adostasunak eraikitzen hasteko gure konpromisoa, honako hauek posible izan daitezen:
    • Zailtasun bereziak dituzten kasuak aitortzea eta konpontzea (preskripzioa, informaziorik eza, ikertzeko baliabiderik eza, etab.).
    • Eta kasuak argitzea erraztu dezakeen informazio garrantzitsua biltzeko orduan bermeak ematea.

ERANSKINA:
Gaur arte dokumentatu diren desagertze behartuen kasuak, euskal gatazka deritzonaren testuinguruan:

  1. José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga Coruñako hiru gazteak, Irunen bizi zirenak, Biarritz eta Donibane Lohitzune artean desagertu ziren 1973an.
  2. Eduardo Moreno Bergaretxe edo Pertur, Behobian desagertua 1976ko uztailaren 23an.
  3. Tomás Hernández, Hendaian desagertua 1979ko maiatzaren 15ean.
  4. José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra", 1980ko ekainaren 11n desagertua.
  5. Jean Louis Larre, 1983ko abuztuaren 7an desagertua Léonen (Landes).