Aitziber Zapirainek aurkezpenean gogoratzen zigun zein den Foro Sozial Iraunkorreko 17 erakunde eta maila pertsonalean ari diren 14 pertsona biltzen dituen motorra.
Oinarri sendoen gaineko elkarbizitza bi oinarriren baitan eraiki behar da:
Lehena, indarkeria adierazpen ezberdinak pairatu dituzten biktima guztien onarpena, justizia eta erreparazioa.
Bigarrena, gatazkaren ondorioen konponbidea: ETAren armagabetzea eta preso edo ihesi dauden pertsonen auzia.
Preseski, azken gai honen inguruan – “Motibazio politikoengatik preso edo ihesi dauden pertsonen itzulera erraztea” – arituko gara IV. Bakerako Foro Sozial honetan.
Eta ez da kasualitatea gure agendan gaia tratatzea, urtebetez ETAren armagabetzearen eta armak desegitearen inguruan lan egin ondoren.
Gaur askoz ere hurbilago gaude, modu ordenatu batean arituz eta nazioarteko egiaztatzeari jarraikiz, armagabetze prozesu hau arrazoizko epe batean amaitzetik. Eta halaxe da guztien artean gai izan garelako (hiru euskal instituzioak, nazioarteko komunitatea eta gizarte zibila bera) prozesu hau oinarri sendoen gainean eraikia izan dadin akordio markoak eta adostasunak osatzeko.
Triangulazio honen gainean hain zuzen, gaurtik aurrera ondorio batzuk eraikitzea da gure asmoa, etorkizun hurbil batean zeharkako ibilbide orri adostu baterantz urratsak egiteko asmoz. Kasu honetan, hiru instituzioekin eta gizarte zibilarekin batera, hirugarren oina pertsona preso eta erbesteratuen kolektiboek beraiek osatzea nahi genuke.
Foro Sozial Iraunkorrarentzat, guztiz baliagarriak izaten jarraitzen dute gai honen inguruan 2013ko martxoan onartu genituen lau gomendioak:
4.- Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea gomendatzen dugu. Elkarbizitza egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko funtsezko elementua da. Horretarako, legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea beharrezkoa dela deritzogu, jendarteari elkarbizitza errotzen lagunduz. Aldi berean, hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatu behar dira, nazioarteko estandarren kontra doazen salbuespen neurriak bertan behera utziz. Hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa, familiak zigortzen dituena.
5.- Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea gomendatzen dugu; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuko denbora-tarte batean gauzatu behar dela onartuz. Presoek bake eszenatoki berriarekiko konpromisoa agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortu behar dute.
6.- Bake eta normalizazio prozesuaren garapenean presoak eragile aktiboak izatea gomendatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua da presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak eta iritzien partekatzea erraztea, etorkizunean inongo indarkeriak tokirik izango ez duen elkarbizitza bultzatzeko helburuarekin.
Eta 7.- Ihes egindako pertsonen egoera aztertzea gomendatzen dugu, gizartean beraien integraziorako bideak arakatuz eta soluzio bat emanez.
Foro honen prestaketarako, azken hilabeteotan metodologia parte hartzailea landu dugu. Bilerak mantendu izan ditugu EAEko sindikatu guztiekin; hainbat jurista eta unibertsitate ezberdinetako eskubide irakasleekin; Sare, Etxerat, Bagoaz elkarteekin; eta Kalera Kalera eta Ireki iniziatibekin. Hauezaz gain, ekarpenak eskatu dizkiegu iheslari eta presoen kolektiboei.
Hausnarketa hauek guztiak jasotzeaz gain, eremu honetan 2014ko ekainean Bilbo eta Iruñean egin zen II. Foro Sozialetik gaurdaino egindako ekarpenak kontuan hartu eta horietan sakonduko dugu.
Zehazki,
Bagoaz eszenatoki berri baterantz, zeinean betirako konpondua geratuko den oraindik konpontzeke dagoen gai bat (ETAren armagabetzea). Egoera honek aukera berriak ekarri behar ditu gaur landuko dugun gaia arrazoizko oinarrien baitan bideratu dadin.
Eszenatoki berri honek bi norabidetan aritzeko balio behar du:
Bukatzeko, gaurkoan, hona, orri txuri batekin etorri garela azpimarratu nahi dugu. Guztion artean idatzi nahi dugun orri batekin, emaitza ere jendartearen gehiengoaren borondatearen ispilu izan dadin.”