Agus Hernanek, Terexa Fagoagak eta Fernanado Armendarizek prentsaurrekoa eman dute Iruñean, Foru Komunitatean Estatuaren biktimen aitortza eta errekonozimendurako ematen ari diren aurrera-urrats garrantzitsuei buruzko Nafarroako Foro Sozial Iraunkorraren balorazioa aurkezteko.
Terexa Fagoagaren hitzartzea
Gaurko prentsaurrekoan, Estatuaren biktimen aitortza eta erreparaziorako Nafarroan ematen ari diren urrats garrantzitsuei buruz Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak egiten duen balorazioa aurkeztuko dugu.
Foro Sozial Iraunkorraren helburua biktima guztiei egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatzea da. Eta, alde horretatik, beharrezkoa da gainditzea edozein motatako biktimarenganako diskriminazio adierazpenak, hitzen bidez edo ekintzez egindakoak, eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egin gabe.
Ekainean, hiru urrats instituzional garrantzitsu egin dira:
lehena: joan den ekainaren 6an. Legebiltzarrak, aho batez, Torturaren Biktimei Babesteko Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpena onartu zuen.
bigarrena: ekainaren 13an. Nafarroako Gobernuak torturari buruzko azterlan ofizial baten lizitazioaren berri eman du.
joan den ostegunean. Legebiltzarrak gehiengoz onartu zuen “Polizia indarkeriaren eta eskuin-muturreko indarkeriaren biktimak aitortu eta erreparaziorako Foru Legea” aldatzea, kalte-ordainak beste biktima batzuekin berdintzeko. Urrats horrek, Azterketa eta Konponketa Batzordearen osaerari buruz aurretik lortutako akordioarekin batera, aukera emango du uda ondoren legeak lanari ekiteko.
Aurrerapen instituzional horiekin batera, biktimek berek bultzatutako torturaren inguruko ekimen soziala azpimarratu behar dugu. Horren adierazle dira joan den larunbateko manifestazioa eta jaso dituen atxikimendu garrantzitsuak, horien artean ia sindikatu guztiena.
Gizarte osoari dagokio biktima guztiei merezi duten aitortza ematea. Erakundeei dagokie biktima guztiei erreparaziorako tresnak ematea. Eta, alde horretatik, Foru Legearen tresna da biktima bat erreparatzeko tresna nagusia.
Gure ustez, ekimen horiek guztiek agertoki berri bat finkatu dute: orain arte bigarren mailako biktimak direla etengabe adierazi duten Estatuaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko bidean urratsak ematen hasi gara.
Baina bide luzea dago egiteko. Hiru erronka:
Lehena, justiziarako sarbidea. Izan ere, Estatuaren biktimek justiziarekiko inolako konfiantzarik ez dutela adierazten dute.
Bigarrena, biktima horiek Nafarroako erakundeekiko duten konfiantza berreraikitzea. Haustura bat dago esparru horretan, eta berreraikitzean Nafarroako erakundeek dute erantzukizun handiena.
Hirugarrena, imajinario kolektiboa bera aldatzea: biktimei buruz hitz egiten denean ETAren biktimez bakarrik pentsatu ohi da, inoiz ez “beste biktimez”.
Ekainean urrats garrantzitsuak egin dira, eta aktore guztiek eta biktimek berek baloratu beharko lituzkete dagokien neurrian.
Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar baditugu, aurrera egin behar dugu oraindik existitzen diren bereizkeria-dinamika gurutzatuak gainditzen, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak izan dezakeenaren sentimenduarekin enpatizatzea, errespetatzea eta gure egitea.
Agus Hernan-en hitzartzea
Estatuaren biktimen arloan ekainean eman diren urratsak legealdi honetan egindako lanaren azken emaitza dira. Izan ere, Foro Sozial Iraunkorrak legealdiaren hasieratik bertatik adierazi zuen «bizikidetza demokratikorako urratsak egiteko baldintza onenak» dituen legegintzaldi baten aurrean geundela.
2019az geroztik, akordio, adierazpen instituzional eta alderdi politikoen adierazpen ugari egin dira oraindik askatu gabe dauden hiru korapiloetan: biktimak - biktima guztiak -, presoak eta memoria kritiko inklusiboa.
Foru Parlamentuan ordezkatutako taldeen artean —kasu batzuetan, aho batez—, sindikatu guztien artean eta Nafarroako gizarteko hainbat eragileren artean adostasunak, pazientzia handiz, lortzen eta finkatzen ari direla jakin badakigu.
Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak parte hartzeko prozesu bat jarri zuen abian lehen Bizikidetza Plana prestatzeko. Foro Sozial Iraunkorrak, beste eragile askok bezala, proposamenak aurkeztu zituen eta horietako asko jaso egin ziren planean.
Plan horretatik abiatzen da, adibidez, IVAC egiten ari den torturari buruzko azterlana.
Horrek guztiak ekosistema egokia sortu du, aipatutako hiru alderdietan urratsak egin daitezen. Horien artean daude ekainean eman diren urrats garrantzitsuak.
Baina bidean oztopo eta krisiak egon dira. Adibidez, martxoaren 22ko osoko bilkuran gertatu zena, Nafarroako Gobernuaren Bizikidetza Planari buruzko alderdi politikoen ebazpen proposamenak zirela eta. Oso une zaila sortu zen, adostasun zabala hautsi zuena.
Hala ere, talde politiko gehienak zoriondu behar ditugu adostasun hori berreraikitzeko lan egitegatik. Izan ere, Planak gehiengo parlamentarioaren babesa du gaur egun.
Urte hauetan guztietan, Foro Sozial Iraunkorra saiatu da bizikidetza demokratikoaren aldeko «erdiguneko karril» hori elikatzen, Parlamentutik kanpo eta barruan.
Ekimenak ugariak dira: Nafarroako gizarteko pertsona ospetsuak bilduz Kondestableko Jauregian urtero egiten diren jardunaldiak, Parlamentuko Hemizikloan hainbat indarkeria jasan dituzten biktimen arteko topaketak, amaitu berri den prozesua elizako komunitateekin, mahai-inguruak, joan den asteartean “Ustekabean Topo” zikloaren barruan egin genuen topaketa, edota hainbat gaiei buruzko txostena. Ekimen horiek guztiek akordioak erraztu eta adostasun-gune horiek gauzatzen lagundu dute.
Betiere, helburu bakarrarekin: indarkeria-zikloaren ondorioen konponbide integrala lortzea eta giza eskubideetan oinarritutako bake-kultura eraikitzea, gertatutako berriro ez gertatzeko oinarriak ezarriko dituena.