2019/10/04

Nafarroan elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzari ateak irekitzeko baldintzak daude

Foro Sozialaren ordezkaritza batek bilera egin du gaur Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko Presidentearekin. 2019-2020 ikasturterako Foro Sozialak finkatu dituen erronkak konpartitzea izan da bileraren helburua. Agus Hernan, Fernando Armendariz eta Expe Iriartek osatu dute ordezkaritza.

Expe Iriarte eta Fernando Armendárizen hitzartzea

 

Lehenik eta behin, Nafarroako Parlamentuko Presidenteari, Uhalde jaunari, gure esker ona adierazi nahi diogu egin digun harreragatik eta gure hausnarketa eta proposamenen aurrean erakutsi duen arretagatik.

Bileratik ondorio garbi batekin atera gara: Elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan lan zaila izango da, baina posible da, eta horretarako denon arteko elkarlana areagotu beharra dago: erakundeak, ETAren biktimak, Estatuaren biktimak eta gizarte zibila.

Zoritxarrez, gai honetan Nafarroan bi eredu daude. Batetik, gehiengoaren eredua dago, etorkizunari begira dagoena, elkarbizitza demokratikoa eraiki nahi duena. Eta bestetik, atzera begira dagoena, konponbidea irabazle-galtzaile logikan ulertzen duena.

Hala eta guztiz ere, gu baikor gara. Hasi berri den legealdian elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzari ateak irekitzeko legealdia izan dadin baldintzak egon badaude.

Eta baikor egoteko arrazoiak bi dira:

Lehenik, azken hauteskundeetan nafar jendarteak hala adierazi duelako. Eta ez bakarrik hauteskundeetan, beste bide batzuetatik ere karril zentrala zabaltzearen aldeko jarrera erakutsi du.

Bigarrenik, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak hitzarmena lortu dute gai honen inguruan. Izan ere, elkarbizitzaren eraikuntza eta pairatu dugun gatazka-ziklo luzearen ondorioen konponbidea jasota daude gobernu programan. Horrela, pasa den Legealdian hasitako bideari jarraipena emango zaio. Pausu garrantzitsua da eta, bere garaian, termino horietan baloratu genuen.

Ikuspegi luzearekin egindako hausnarketa betek baldintzak egon badaudela adieraztera garamatza. Egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu denok, eta dauden baldintza probestu. Nork esango zukeen orain dela hiru urte, Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan osatu zenean, gaur egun ditugun baldintzak izango genituela?

Orain, gaur egun dagoen gehiengoa zabaltzeari ekin behar diogu, Nafarroako jendarte zibilaren karril zentrala zabaltzeari, alegia. Orain da garaia norabide horretan doazen politikak azkartzeko, bai erakundetatik baita jendarte zibiletik ere.

Pasa den legealdian PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta sindikatu guztien artean, armagabetze zibilaren, gaixo dauden presoen eta hurbilpenaren inguruan lortu ziren akordio puntualak oinarri sendoa dira elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko eta askatu behar diren hiru korapiloak lantzeko:

  1. Egia, Justizia eta Erreparazioa biktima guztientzat, bazterketarik gabe

  2. Nafarroako 34 presoen eta iheslarien auziarentzat konponbidea

  3. Partekatutako memoria kritikoa, gertatutakoa ahaztu gabe, etorkizunari begira egongo dena

Zentzu honetan, Foro Sozial Iraunkorrak ikasturteko lehen ekimen publikoak Nafarroan azaroaren bigarren hamabostaldirako aurreikusten ditu. Emango dizuegu hauek berri data hurbildu ahala.