Teresa Fagoaga eta Fernando Armendáriz-ek prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuak sustatutako "Bizikidetzaren Liburu Irekia" ri Foro Sozialaren ekarpenak aurkezteko. Gainera, Nafarroako egoerari buruzko azterketa egin dute, eta zentzu honetan, dei egin die eragileei "iparra ez galtzeko" eta iraganean ainguratutako sektoreek markatu nahi duten bidea baztertzeko
Teresa Fagoaga (euskeraz) eta Fernando Armendáriz-en (gazteleraz) hitzartzeak
Joan den otsailean eta martxoan, Nafarroako Gobernuak "Bizikidetzaren Liburu Irekia" delakoari ekarpenak egiteko prozesu bat ireki zuen, Nafarroako I. Bizikidetza Plan Estrategikoaren atari gisa.
Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak, Bizikidetza Plan Estrategiko hau martxan jarri izana begi onez ikusten du eta Planaren helburua gure egiten dugu: "Berdintasunean eta askatasunean bizitzea Nafarroa demokratiko, plural eta askotariko batean".
Nafarroako Gobernuak ekimen hau aurrera eramateko erakutsi duen borondatea, bat dator, joan den azaroan areto honetan bertan egin genuen diagnostikoarekin: "Eragile instituzional, akademiko, politiko, sindikal eta sozial ezberdinen borondateak kontuan hartuta, euren nahiak eta xedapenak baloratuta, gure ondorioa argia da: legealdi honek Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko behar diren baldintzak biltzeko ahalbidetu beharko luke".
Gaur, Bizikidetzaren Liburu Irekiari egin dizkiogun ekarpenak aurkeztu nahi ditugu, bai eta Nafarroako egoeraren inguruko gure ikuspegia plazaratu ere.
Planari egindako ekarpenean, Nafarroan 2016ko ekainean Foro Sozial Iraunkorra sortu zenetik izandako aurrerapenak eta oztopoak aztertu ditugu.
Orduz geroztik, aurrerapauso sendoak eman dira bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarako oinarriak ezartzeko bidean.
ETAren armagabetze zibila eta desegitea gertatu dira; Estatuaren eta ETAren biktimen arteko topaketak egin dira Parlamentuko hemizikloan, eta horiek, eskuzabaltasun handiz jokatuz, elkarren arteko errekonozimendurako bide bat markatu digute; adostasun zabala lortu da biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioarako duten eskubidearen inguruan, baita ere Estatuaren biktimekiko oraindik dagoen diskriminazioa gainditzeko eskubidearen inguruan; imajinatu ezin den adostasuna lortu da preso dauden nafarren gaiaren inguruan eta oraindik dagoen salbuespen-politika gainditzeko eta espetxe-politika normalizatua aplikatzeko beharraren inguruan; torturaren biktimak aitortzeko lehen urratsa eman da Nafarroan torturatutako pertsonei buruzko lehen txostenarekin, 1960- 1978 epeari dagokiona, eta, azkenik, garrantzitsuena, Nafarroako gizarteak, oro har, urrats sendoak eman ditu bizikidetzaren eraikuntzaren norabidean.
Egia da blokeo handiak daudela.
Lehenengoa, biktimen ingurukoa. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen aurka errekurtsoa jarri da. Lege hau indarrean ez egoteak segurtasunik eza eragiten du biktimengan, eta aitortza-instituzionalean urrats erabakigarriak egitea eragozten du.
Bigarrena, memoria kritiko inklusiboari dagokionez, alderdien arteko “kontakizunaren batailak” baldintzatu du. Kontakizunaren gaia noria bat bezala da: eztabaida legitimoa bada ere, argudio berberak errepikatzen dira behin eta berriz, eta kontakizunaren alorrean ezin da aurrera egin, gainerako gaietan urratsak ematea baldintzatzen duen bitartean.
Hirugarrena, iraganeko logiketan ainguratuta dauden zenbait sektorek orain arte emandako aurrerapausoak baldintzatzen jarraitzen dute. Batzuek presio-lobby garrantzitsuak erabiltzen dituzte horretarako. Geroago helduko diogu horri.
Eman dizuegun dokumentuan ikusiko duzuen bezala, gure ekarpenak Liburu Irekiak identifikatzen dituen atal gehienei eragiten die, eta, gainera, Nafarroako gizarteko hiru1 pertsonalitateen eta ETAren eta Estatuaren hainbat biktimaren2 ekarpenak jasotzen ditu.
Liburu Irekian jasotzen ez den eta Foro Sozial Iraunkorrak beharrezkotzat jotzen duen gai bat ere azpimarratu nahi izan dugu gure ekarpenean: Preso dauden 34 nafarrei eta iheslari eta deportatuei espetxe-politika normalizatu bat aplikatzeko premiazko urrats irmoak eman behar dira.
Gure ekarpenean baieztatzen dugun bezala, gure ustez, indarkerien zikloaren ondorio hau konpontzea, bizikidetza demokratikoari ekarpen garrantzitsua egitea litzateke. Presoaren auziaren konponbidea egungo errealitatera egokitutako espetxe-araudiaren aplikazio esklusibotik abiatzea planteatzen dugu, eragindako kaltearen aitortza kontuan hartzen duen ibilbide bat ezarriz.
Alde horretatik, pandemian eta konfinamenduan oso dinamika interesgarriak sortu dira Nafarroan, aurretik zeuden adostasunak zabaltzeko balio izan dutenak. Salhaketak, Sarek, Etxeratek eta Altsasuko Gurasoek bultzatutako "SOS Presoak Covid-19" dinamikak alderdi politiko eta eragile sozial askoren eta sindikatu guztien babes garrantzitsua lortu du gure lurraldean.
Hala ere, uste dugu beharrezkoa, premiazkoa eta zentzuzkoa dela une honetan aurrerapauso bat ematea. Eusko Jaurlaritzak osasun-txosten batean oinarrituta proposatu duen bezala, komeniko litzateke Nafarroako Gobernuak, Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluarekin bat etorriz, eta Covid-19aren pandemiaren ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, preso guztientzat hurbiltzeko plan orokor bat aurkeztea.
Helburua, preso bakoitza familia ingurunetik hurbilen dagoen kartzelara hurbiltzea da. Eta Nafarroaren kasuan, horrek esan nahi du ohiko bizilekua, familia-ingurunea edo jatorria Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatu beharko liratekeela.
Bukatzeko, gure kezka adierazi nahi dizuegu: Azken hilabeteetan eztabaida katramilatu egin da Nafarroan eta, bereziki, Iruñean. Elkarren kontrako bi eremutatik tentsionatu da egoera, eta, gure ustez, arriskuan jarri ditu Nafarroan bizikidetza demokratikoaren alde eta konponbidearen erdiko erreia zabaltzearen alde emandako aurrerapausoak.
Bi sektore hauen pisua parekatu nahi izan gabe, egia da kontrako poloak direla, iraganeko logiketan ainguratuta daudelako atzeraelikatzen direnak.
Ongi definitutako bi espazio politikoz ari gara. Alde batetik, nahiz eta oso sektore minoritarioa izan, bake-prozesuaren ukatzaileak daude, krispazioa sortzen duena. Bestetik, garaileen eta garaituen logiketan ainguratuta dagoen lobbya dago, pisu garrantzitsua duena eta aurrerapenak baldintzatzen dituena.
Foro Sozial Iraunkorrean uste dugu biktimek birbiktimizazio-egoerarik jasan behar ez izateko eskubidea bateragarria izan beharko litzatekeela presoen eskubideen defentsarekin.
Indarkeria-adierazpen guztien biktimek egia, justizia, erreparaziorako duten eskubidea eta presoek oraindik ere indarrean dagoen salbuespeneko espetxe politikari amaiera emateko duten eskubidea, eskutik helduta ibili behar duten, eta ibil daitezkeen, bi gai dira. Ez da “biktimak edo presoak”, baizik eta “biktimak eta presoak”.
Ildo honetan, eta balantzean azaldu dugun bezala, Foro Sozialak hainbat eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialekin lan egin du, adostasun garrantzitsuak lortuta.
Eragile horiei dei egiten diegu iparra ez galtzeko: Konpondu gabe dauden gaiak konpondu behar dira eta bizikidetza demokratikoaren oinarriak ezarri, hori baita “berriz ez gertatzeko” baldintzak sendotzeko bidea.
Ez galdu iparra, eta ez utzi arrastaka eramaten aurrez aurre dauden eta iraganean ainguratuta dauden sektore horiengatik, orain arte aurreratutako bidea desegitea baino ez baitute helburu.
Zailtasunak handiak dira Nafarroan, baina argi izan behar dugu Nafarroako gizartearen gehiengoa konponbidearen eta bizikidetzaren logiketan dagoela.
1 2019ko azaroaren 20an hemen bertan egindakoak: Guillermo Múgica, Vicente Madoz eta Camino Oslé.
2 2019ko azaroaren 26an, Nafarroako Parlamentuko hemizikloan egindakoak: Roberto Manrique eta Idoia Zabalza.