2021/01/27

Nafarroako Parlamentuko Presidenteak Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza bat hartu du

Teresa Fagoaga, Fernando Armendáriz eta Tasio Arrizabalaga Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin bildu dira gaur. Foro Sozialaren ordezkaritzak “Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan. Aukerak eta zailtasunak” hitzaldi zikloaren ondorioak azaldu dizkio Uhalde jaunari. Ondoren, adierazpenak egin dituzte prentsaren aurrean.

Tasio Arrizabalagaren hitzartzea

Pasa den 2020ean, “Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan” dinamikaren baitan, 2 topaketa antolatu genituen. Bien helburua honakoa zen: hausnartzea nola jarraitu dezakegun gizarte zibiletik bizikidetzaren eraikuntzan ekarpenak egiten.

1. topaketa:

  • Mahai ingurua, beren ibilbideagatik eta esperientziagatik bizikidetzaren eraikuntzan ekarpena egin zezaketen eta erronka handi horri aurre egiteko moduari buruz iritzia eman zezaketen pertsonen artean.

  • Baluarte, 2020ko irailaren 29an.

  • Hizlariak: Daniel Innerarity, Jorge Urdanoz, Helena Taberna.

2. topaketa:

  • ETAren eta Estatuaren biktimen arteko topaketa.

  • Nafarroako Parlamentua, urriaren 8an.

  • Parte hartu zuten: Maria Jauregi, Olatz Etxabe, Belen Zabala, Naiara Zamarreño.

Bildutako material guztiarekin, gaur aurkezten dugun dokumentu hau eta gaurtik aurrera zabalduko ditugun bideoak egin ditugu.

Ondorio nagusiak

Adituen mahai ingurua:

  • Politikan akordioek duten garrantzia azpimarratu zuten, desberdinen arteko bizikidetzaren eraikuntzan aurrera egin ahal izateko funtsezko elementu gisa. Negoziazioa eta akordioa, botere partekatuaren bidez, errealitatea eraldatzeko tresna direla defendatu zuten.

  • Gai honi dagokionez, aipatu beharrean gaude pasa den astean Nafarroako Parlamentuan adostasun oso zabalez onartutako mozioa, Gobernu Espainiarrari eskatuaz Nafarroako preso guztiek beren kondena Iruñeako kartzelan betetzea. Horrelako adostasun eta akordio politiko zabalak dira bidea Foro Sozial Iraunkorraren ustetan.

  • Biktima guztien aitortza zein beharrezkoa den ere aipatu zuten adituen mahai inguruan.

  • Eta memoriaren garrantzia ere bai, gure historiaz sentsibilizatzeko eta hausnartzeko tresna gisa.

Biktimen mahai ingurua: bizikidetzaren eraikuntzak dakartzan erronkei buruz hitz egin zuten, bi ideia bereziki azpimarratuz:

  • Batetik, gizarte gisa desberdinen arteko zubiak eraikitzeko dugun beharra, gizarte justuago, hobeago eta enpatikoago baten oinarriak ezartzeko;

  • Eta, bestetik, arduradun politikoek konpromiso hori bere egin eta legezko neurri eraginkorretan gauzatzearen garrantzia azpimarratu zuten, biktima guztiak ofizialki aitortzeko eta, horrela, elkarbizi den gizartea sortzen laguntzeko.

  • Mahai inguru hau, funtsean, giza eskubideak aldarrikatzeko jardunaldi bat izan zen; testigantzak partekatzeko, batzeko eta "ereiteko" balio izan zuena.

 

Teresa Fagoagaren hitzartzea

Jardunaldien aurkezpenean gogorarazi genuen bezala, Nafarroan lantzen ari garen ideia nagusia da legegintzaldi honetan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak bilduta daudela. Eta ideia hori eragile sozial, instituzional, akademiko, politiko eta sindikalek partekatzen dute.

Horretarako, uste dugu badagoela margen politiko, instituzional eta soziala adostasun politiko berriak eta gehiengo berriak artikulatzen jarraitzeko, askatu gabeko hiru korapiloei aurre egiteko:

  • Biktimen arteko diskriminazioarekin amaitzea eta biktima guztiei dagozkien eskubideak bermatzea.

  • Presoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe-politika desaktibatzea

  • Memoria kritiko inklusiboa eraikitzea, aktore guztiak bilduko dituena, iritzi eta kontakizun guztiak bilduko dituena.

Hiru korapilo horiek askatuz gero, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari aurre egiteko oinarriak garatu ahal izango dira. Bizikidetzaren eraikuntza funtsezko bi zutabetan oinarritu beharko litzateke:

  • Pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuko dituen kultura demokratikoan oinarritu behar da

  • Belaunaldi berriei adierazi behar zaie elkarrizketa eta indarkeriarik eza direla XXI. mendeko gatazkak konpontzeko tresna bakarrak.

Azken hilabeteetan, Nafarroan sortu diren aukera horiek sendotu egin dira. Alde horretatik, garrantzia hartzen du, adibidez, Bizikidetzarako Plan Estrategikoa abian jartzeko prozesuak. Gure ustez, plan honek aipatzen ari garen erronka horiei erantzun behar die. Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra planaren elaborazioan parte hartzen ari da, ekarpen propioak eginez. Eta, hain zuzen, aipatutako hiru ardatz horietan oinarritu ditugu gure ekarpenak: biktimak, presoak eta memoria inklusiboa.

Gure ustez, hain beharrezkoak diren adostasun politiko horiei erantzutean datza plan horren arrakasta.

Gaur egun, leku enblematiko horretatik, eztabaida politikoan dagoen giro krispatuari buruz dugun kezka adierazi nahi dugu. Aieteko Konferentziatik 9 urte igaro direnean, gaur egun tentsioa igotzen ari da orduan imajina ezin ziren mailetara.

Alde horretatik, bizikidetza demokratikoan urratsak egiteko, uste dugu funtsezkoa dela hitza desarmatzea. Gaur, formalki, parlamentuko talde guztiei eskatu nahi diegu aukera honetaz baliatu daitezela elkarrizketarako eszenatoki berria Nafarroako gizarte zibilarekin batera eraikitzeko. Izan ere, gizarte zibil horren gehiengoarentzat elkarrizketa da arazoak konpontzeko tresna bakarra.

Bistan da osasun krisiak sortu dituen ondorioek zaildu egiten dutela ekimenak abian jartzea eta urratsak ematea. Baina, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak uste du ezin garela etsipenean erori. Irudimentsuak izateko eta orain arte planteatu ez genituen formulak eraikitzeko garaiak dira, modu partekatuan eta bateratuan erakunde, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte zibilaren artean. Guztiak norabide berean arraun eginez.