Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan “Hitzorduak” saioaren bigarren edizioa datorren apirilaren 5ean, asteazkena, Nafarroako Parlamentuko hemizikloan egingo da.
Saioaren leloa hauxe izango da: “Torturatuak izan diren emakume nafarrak: Justizia, aitortza eta errekonozimendua”. Arratsaldeko 16:30ean hasiko da, eta Ainhoa Aznarez Parlamentuko Presidenteak irekiko du.
Gogoratu behar da pasa den azaroaren 4ean, lehendabiziko aldiz Nafarroan, Foro Sozial Iraunkorrak indarkeria espresio desberdinetako biktimak bildu zituela, Parlamentuan bertan. Ekitaldi hark mugarri bat jarri zuen Nafarroan elkarbizitza integratzailea eraikitzeko bidean.
Orduan egin zen bezala, “Hitzorduak” saio berri honek ere jendarte osoari gune bat eskaini nahi dio, gune seguru bat, konfiantzan hitz egitea eta iritzi desberdinak entzutea ahalbideratuko duena.
Nafarroan, Euskal Memoria Fundazioaren datuen arabera, 693 tortura testigantza jaso dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko datuen arabera, 4009 lagun izan dira torturatuak. Datu hauek ikaragarriak dira, bai kopuruagatik, baita datuen atzean dagoen sufrimendu ezkutuagatik ere.
Nafarroako Gobernuak gure lurraldean torturatuak izan diren gizon eta emakumeen kasuak aurten ikertzen hasteko borondatea azaldu du. Foro Sozial Iraunkorretik iniziatiba hau txalotzen dugu.
Jardunaldi honen helburua, hain justu, iniziatiba instituzionala laguntzea da. Zentzu horretan, torturaren alde ilunenari arreta berezia eskaini nahi diogu, inpunitate gehien jaso duena: emakume torturatuak. Ezkutuan eman den praktika bat izan da, ezjakintasunez betea, bere inguruan inpunitate-harresi berezi bat eraiki baita.
Emakumeek tortura sufritu dute era berezitu batean: tortura espezifikoak eta sexistak ezkutatuz. Torturatuak izan diren emakumeen isiltasunak eragin duen biktimizazioarekin amaitzeko gure ekarpena egin nahi dugu jardunaldi honen bidez.
Amnesty International-aren arabera, gatazka delakoaren testuinguruan, Estatuko Segurtasun Indarren aldetik torturaren erabilpena “oso ohikoa” edo “ohikoa” izan da.
Era berean, Nazioarteko eragile desberdinek salatu dute torturaren erabilpena. Are gehiago, behin baino gehiagoetan Gobernu espainola zigortua izan da tortura ez ikertzeagatik.
Izan ere, tortura eta tratu txarren praktikaz gain, tortura ahalbideratzeko indarrean mantendu den legedi berezia ere bada arazoaren partea. Erakunde publikoen aldetik tortura salaketak ikertzeko borondate falta nabarmena egon da. Hau da, isiltasuna nagusitu da, eta horrek inpunitate-eremu horiek urtetan irautea ahalbideratu du.
Zentzu honetan, Foro Sozial Iraunkorrak zera eskatzen du:
Justizia tortura jasan dutenentzat: Estatuaren Segurtasun Indar guztien baitan, hainbeste urtetan zehar, nagusitu den inpunitate giroarekin amaitu behar da.
Erreparazioa. Tortura eta tratu txarren biktima guztiek behar bezala erreparatuak izateko duten eskubidea bermatu behar da. Berandu izan arren, garai eta lurralde guztietako torturaren biktima guztiek (kondena judiziala egon ala ez) erreparazioa jaso behar dute.
Torturaren biktimek aitortuak izan behar dute. Erreparazioa ez da osoa izango torturaren biktimentzat aitortza publiko eta soziala egiten ez bada.
Torturaren biktimei ezartzen zaien bigarren biktimizazioarekin amaitu behar da. Hots, isiltasunarekin, aitortza ezarekin, gertaeren gutxiestearekin, erakundeen ukazioaren eta, okerrago dena, gertaerak salatzen dituztenek jaso behar dituzten difamazioekin amaitu behar da.
Jardunaldian bi mahai-inguru antolatuko ditugu:
Alde batetik, “Ni emakume bezala torturatua izan nintzen” lelopean, azkeneko hamarkadetan torturatuak izan diren zenbait emakumek sufritu behar izan zuten oinazearen testigantza eskainiko dute.
Eta beste aldetik, “Emakume torturatuak eta elkarbizitzaren eraikuntza” lemapean, “Istanbul Protokoloa” aztertuko da. Besteak beste, esparru honetan dauden politika publikoak eta errealitate lazgarri honetako genero ikuspegiaren beharra izango dira hizpide.
Egiak min ematen du, baina egia ezagutzeak askoz libreagoak egiten gaitu. Herri honetan izan den torturaren errealitatea azalarazteko garaia iritsi da.
Biktima guztientzat Justizia, Aitortza eta Erreparazioa eskaintzea, gatazkaren ondorioen konpontzearekin batera (armagabetzea, preso eta iheslarien itzulera…), elkarbizitza eraikitzeko behar diren bi zutabeak baitira.