Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate iheslarien Euskal Herrirako itzulerak eta Josu Lariz Iriondo deportatuaren bizitzari buruz Iruñean estreinatu berri den "Kaxa Hutsak" dokumentalak mahai gainean jarri dute 41 pertsonek (horietako 8 deportatuak) oraindik bizi duten errealitate zaila, Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin eta hamar urtera.
Arazo ezezaguna da, agenda mediatikotik kanpo dagoena, eta aitortu behar dugu oso zaila dela konponbide kolektibo baten norabidean aurrera urratsak egitea.
Bi arrazoi daude zailtasun hauen atzean:
Auzitegi Nazionalaren jarrera, pertsona horien abokatuei beren espediente judizialetarako sarbidea ukatzen dielako eta, ondorioz, haien erregularizazio juridikorantz aurrera egiteko aukerak aztertzea eragozten duelako;
Preskripzioaren erabilera bihurria, etengabe luzatzen dena, pertsona asko itzulerarik gabeko egoeretara kondenatuz.
Egoera horren aurrean, Sarrionandia eta Azkaraten borondatea izan da jatorrizko lekuetara itzultzea ahalbidetu diena. Gauza bera esan daiteke 1998tik itzuli diren beste 201 iheslariez, kolektibo horretako kideek itzulerako bideari ekitea erabaki zutenean.
Foro Sozial Iraunkorrak iheslarien gaiari heldu zion IV. Foro Sozialaren bigarren zatian (Irun, 2018ko urtarrila). Ondoren, lan-bilera egin genuen kolektibo honen ordezkaritza batekin, 2019ko azaroaren 9an, Donostian.
Presoen auzian normalizazio politikoa lortzeko bidean aurrera egiten ari den testuinguru honetan, beharrezkotzat jotzen dugu konponbidearen agendan sartzea motibazio politikoko delituengatik ihes egindako 41 pertsona horien arazoa.
Alde horretatik, IV. Foro Sozialaren ondorioak, gure ustez, oraindik ere egokiak dira iheslarien auzia konpontzeko. Proposamen inklusibo hauen ezarpenak arazo honi arrazoizko epe batean irtenbide integrala emateko beharrezko baldintzak sortzen lagunduko luke.
Hona hemen gure gomendioak:
Prozedura judizialik ez daukaten edo dagoeneko preskribatu diren prozedurak dauzkaten iheslarien itzulera erraztea dagokien instituzioen aldetik.
Torturaren bidez lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak soilik dituzten pertsonen itzulera bermatzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz.
Justizia trantsizionala baliatuz, irtenbide juridiko bat artikulatzea oraindik ere “deportazio zigorra” pairatzen ari diren guztientzat. Deportazioa esaten diogu hirugarren herrialde batean halabeharrez egiten den egonaldi luze eta murriztuari, eta nabarmendu beharra dago zigor hori pairatzen dutenak inolako prozedura judizialik gabe eta, beraz, egoera hori ezarri dien inolako ebazpenik gabe izan direla deportatuak.
Preskibatzear dauden prozedura judizialak errepresio helburuekin ez erabiltzea (preskribatu baino zenbait egun lehenago berraktibatuz –hainbatetan gertatu den bezala–, itzulera eragotziz edo espetxe zigorrak luzatuz).
Auzitegi Nazionalak iheslarien abokatuei haien egoera juridikoaren inguruko informazioa ukatzeari uztea, ukatze horrek eragotzi egiten baitu iheslarien erregularizazio juridikoa lortzeko egon litezkeen aukerak aztertzea.
Halaber, presoak, preso ohiak, iheslariak eta deportatuak bake eta normalizazio prozesuan partaide aktiboak izatea gomendatzen dugu.