2018ko maiatzak 13an Bake Usoaren ondoan Foro Sozial Iraunkorrak egindako agerraldiaren testuak
Aurkezpena
Nekane Altzelai
Gaurkoan, ETA desagertu eta astebetera, Foro Sozial Iraunkorrak euskal jendartearekin partekatu nahi du etorkizunari begirako hausnarketa bat, horren esanguratsua den “Bakearen Uso” honen aurretik eta Maroñoko elkarrizketen 25. urteurrenaren harira. Horren irakurketa jarraian egingo dute Aitzpea Leizaolak eta Fernando Armendarizek.
Goizean bertan Akordio Plazaren ezohiko bilera izan dugu eta bertan elkartu gara Foro Soziala osatzen dugun kideok eta eragileetako ordezkariak.
Ez da kasualitatea izan toki hau hautatu izana gizarte osoarekin gure hausnarketa partekatzeko, “Bakearen Usoa” hain zuzen. Nestor Basterretxearen eskultura ezagun hau ez da beti hemen kokatuta egon. Eta ziurrenik, gazteenek ez dute jakingo euskal jendarteak bizi izandako tentsio une gogorrenetariko batzuen atze oihal izan zela uso hau.
Modu berean, ez da kasualitatea hori guztia esatea Maroñoko elkarrizketen 25. urteurrenean. Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da gogoratzea eta balorean jartzea jatorri eta zeinu oso ezberdinetako hainbat eragilek, oso egoera konplexuan, elkarrizketan eta bateratze-lanetan oinarritutako bidea egiten jakin zutela. Pertsona horiek izan ziren erronka konplexu hari ekin ziotenak eta ondoren etorri diren beste askori norabidea markatu zietenak. Pertsona horiei guztiei, ondoren etorri zirenei eta egun oraindik bidea egiten dihardutenei, adierazi nahi diegu Foro Sozial Iraunkorraren izenean, gaur eta hemen, gure aitortza eta eskertza osoa.
Zorionez egungo egoera soziala beste bat da, begi bistakoa da hori. Foro Soziala azken fase honetan gizarteak bizi izandako zenbait aurrerapausoen lekuko da, eta baita asko eta askoren sustatzaile ere.
Orain dela egun batzuk, ETAren disoluzio prozesua gauzatu zen. Jakina denez, Foro Sozial Iraunkorra lanean jardun da, beste eragile batzuekin batera, hilabete luzetan zehar era diskretuan ekarpen positibo bat egiteko eta ahalbidetzeko bukaera prozesu hori modu ordenatuan garatzen zela eta zalantza izpirik uzten ez zuela nazioarteko komunitateak ziurtatu duen emaitzak. Geneva eta Kanboko adierazpenetatik 10 egun pasa ostean argi esan dezakegu aurrez ezarritako helburua bete dela.
Aitortza hori, ordea, ezin ulertu daiteke herri honetako biktima guztiak ere gogoan hartzen ez baditugu. Urte luzez horren bakarrik utzi izan ditugun biktima horiek guztiak, hain zuzen. Oraindik eraikitzear dugun berradiskidetze sozialerako prozesu horretan elementu nuklear izan beharko dira, ezinbestean.
Adierazpena
Aitzpea Leizaola
Datorren maiatzaren 15ean “Maroñoko elkarrizketen” 25. urteurrena izango da, gizarte zibileko hainbat eragile mahai berean eseri zituen dinamika, helburu zehatz batekin: balorean jartzea elkarrizketa aldeanitza bake agertokiaren eraikuntzan ekarpen a egiteko.
Agerraldi honen bidez Foro Sozial Iraunkorraren asmoa da dinamika hura ahanzturan ez jaustea bai eta memoria inklusiboaren eraikuntzaren norabidean zer suposatu zuen balorean jartzea.
Hori dela eta gerturatu gara gaurkoan Nestor Basterretxearen “Bakearen Uso” honetaraino: bere aurreko kokalekuan, Anoetako zelaiaren parean egon zen garaian, euskal gizarteak bizi izandako enfrentamenduaren lekuko zuzen izan zen eskultura. Zein urrun zegoen artistaren desira Bakearen Usoa irudikatu zuenean hilabete luzeetan zehar bere oinetan jazo izan ziren gertakari horietatik.
Foro Sozial Iraunkorrak bere baitan hartzen ditu gaur egun euskal jendarte zibileko eragile anitz ugari. Badakigu ez dugula gizarte osoa ordezkatzen, baina gure pluraltasuna gure nortasunaren marka nagusia da.
Maroñoko elkarrizketak
1993. urteko maiatzaren 15ean Arantzazun elkartu ziren euskal jendarte zibileko hainbat antolakunde, ikuspuntu oso desberdinak zituztenak gatazkaren izaeraren inguruan, baina argi zutenak bake iraunkor baten eraikuntza ezinbestekoa zela eta, bide horretan, gizarte zibilak paper erabakigarria jokatu beharra zuela. Honakoak ziren antolakunde horiek:
Elkarri
Gesto por la Paz
Gestoras Pro Amnistía
Senideak
Gernika Batzordea
Gernika Gogoratuz
Herria 2000 Eliza
Denon Artean
Bakea Orain
Errenteria-Oreretako Pake Taldea
Helburuak argiak ziren: aztertzea zein zen gure Herria kolpatzen zuen gatazkaren eta biolentziaren izakera; adosten saiatzea diagnostiko bat orduko egoeraren gainean; eta proposamena osatzea irtenbide posible bat ahalbidetzeko.
Une horretan hasi zen 1994. urteko urtarrilaren 16ra arte luzatu zen prozesua. Bertan, modu argian frogatu zen gerora gatazka ez errepikatzeko bermeekin konpontzeko ezinbestekoa dela egiaztatu den horixe bera: ezinbestekoa dela gizarte zibil antolatuaren parte hartzea eman beharreko pausoak sustatzeko eta bermatzeko.
Elkarrizketek guztiz erantzun ez bazieten ere aurreikusitako helburu guztiei, parte hartu zuten talde guztiek sinatu zuten ondorioen dokumentua: bertan jasotzen zen bakea lortzeko bide onena ezinbestean zela “elkarrizketa mekanismoek biolentzia adierazpide guztiak ordezkatzea”. Eztabaidaezina da hitz horiek gordetzen duten gaurkotasuna.
Foro Sozial Iraunkorraren izenean, ondorengo gogoeta hauek egin nahi ditugu:
1. Maroñoko elkarrizketetan parte hartu zuten erakundeei eta hauen baitan zeuden pertsonei gure aitortza erakutsi nahi diegu, ezberdintasunak gainditzeari begira elkarrizketaren aldeko apustua egin zutelako. Gaur egun, elkarrizketarako garai zailak dira berriz ere, eta horregatik, beste behin aldarrikatu nahi dugu elkarrizketa dela tresna eraginkorrena etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
2. Urte luzetan, ikuspegi oso desberdinekin, muturreko indarkeria testuinguru batean, pertsona guztien giza eskubideen aldeko, biktima guztien aitorpenaren aldeko eta bake-kultura eraikitzearen aldeko apustua egin zuten, eta egiten ari diren, pertsona eta eragile guztiei gure aitortza erakutsi nahi diegu.
3. Bakearen Usotik aitortza berrezia erakutsi nahi diegu indarkeria mota guztietako biktimei. Jendartea zorretan dago biktimekin. Urte luzetan, bakardadea eta aitortza eza pairatu behar izan dute herri honetako biktimek. Bihotz-bihotzez diogu. Hala eta guztiz ere, beraien mezua ez dago mendekuan edo errebantxan oinarrituta, baizik eta errespetuan, elkarbizitzan eta adiskidetzean.
4. Foro Soziala osatzen dugun pertsonok eta erakundeok ez dugu etsiko eta ez dugu utziko denboraren joana izan dadin arazoak konpontzeko bitarteko bakarra. Apaltasun osoz diogu hori, Foro Sozialak, errepikatzen dugu, ez baitu gizarte osoaren ordezkari izaterik espero, baina argi eta garbi adierazi nahi dugu honakoa: garaia da herritar guztiok, gizarte zibil osoak, beste aurrerapauso bat eman dezan herri honek behar duen bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean. Egun ditugun kondizio objektiboak orain pare bat astekoak baina askoz hobeak dira; eta are hobeagoak, konparatzen baditugu 2011n sortu zirenekin. Zer esanik ez erreparatzen badiegu orain 25 urte elkarrizketaren bideari ekitea erabaki zutenek zituztenei.
Finean, Maroñokoa bezalako ekimenak, eta aurretik eta ondoren egon diren esperientziak, urte hauetan guztietan zehar euskal jendartea bakearen eraikuntzan ez etsitzera eraman dutenak izan dira, eta eragin dutenak bake prozesuan aurrera egiteko berrasmatu behar izatera eta bakea eta elkarbizitza sustatzeko tresna berriak sortu behar izatera.
Lan eskerga dugu aurretik: biktimak, biktima guztiak, eta horiei dagozkien eskubide guztiak erdiestea egia jakiteko, justiziarako eta erreparaziorako. Sekula berriro ezin da sentitu biktima bat bazterturik. Preso eta ihesean daudenak, espetxe politika arrunta aplika dakien eskubidea. Sekula berriro inongo preso edo senidek ez du pairatu behar zigor erantsirik. Memoria inklusibo baten eraikuntza non errelato oro sentituko den ordezkatuta. Sekula berriro inork ez du sentitu behar bere ideiak garaituak izan direla
Gaurkoan amaitu nahi genuke azpimarratuz gizarte zibilak izandako papera, izan dituen formulazio guztien bidez, determinantea izan dela eta egundo oraindik badela. Ezinbestekoa da bide honi jarraipena ematea eta ezberdinen arteko elkarrizketa gure bandera bilakatzea gatazkaren ondorio guztiak konponbidean jartzeko.