2019/11/19

Mahai ingurua Iruñean: “Bizikidetza demokratikoa Nafarroan. Legealdi honetako aukerak eta erronkak”

Bihar, hilak 20, 'Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan' lantaldeak azarorako Iruñean antolatu duen lehenengo ekimena egingo da. Bigarrena datorren astean izango da, hilak 26, ETA eta Estatuen biktimekin.

Biharko mahai ingurua 18:30ean izango da, Condestableren Jauregian, “Bizikidetza demokratikoa Nafarroan. Legealdi honetako aukerak eta erronkak” lemapean.

Bertan, Iruñeko hiru pertsona erreferentek parte hartuko dute:

  • Guillermo Múgica. Teologoa. Vatikano II garaiak igarota, Perura joan zen oinarrizko lan-eklesiastikoa egitera. Askapenaren Teologiaren sustatzailea. “Foro Gogoa”-ren sortzailea.

  • Vicente Madoz. Psikiatra iruindarra. Argibide Fundazioaren sortzailea, bere Zuzendari medikoa izan da sortu zenetik, eta Zuzendari nagusia 1982tik 2007 arte. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea izan da, baita Nafarroako unibertsitate publikoan ere. Elkarte askoren partaidea izan da: Medicus Mundi Nafarroa, Fundación Bartolomé de Carranza edo Ateneo Navarro.

  • Camino Oslé. Pedagogian Doktorea Nafarroako Unibertsitatetik. 2014 arte Nafarroako Unibertsitate publikoaren irakaslea. Iruñeako Casa de la Misericordiaren Gobernu batzordeko kidea da, Nafarroako geriatria eta gerontologia elkartearen partaidea eta Duintasunez hiltzeko eskubidearen elkarteko kidea da. Trantsizio garaian Iruñeako zinegotzia eta Nafarroako Parlamentaria izan zen.

  • Joseba Santamaria, "Noticias de Navarra" egunkariaren zuzendaria izango da moderatzailea.

Mahai inguruaren izenburuaren harira, gogoratu nahi dugu hasi berri den 2019-2023 legealdia bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari ateak irekitzeko legealdia izatea dela Foro Sozialaren erronka nagusia Nafarroan.

Izan ere, Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldea osatzen dugun elkarte eta pertsona guztion helburua elkarrizketa, elkarlana eta bizikidetzaren alde gure erkidegoan dagoen errail zentrala elikatzea izango da.

Irabazleen eta galtzaileen konponbidea bilatzen ari den eta atzera begira dagoen eredua defendatzen dutenen aurrean, jendartearen gehiengoa defendatzen ari den ereduaren alde egingo du Foro Sozialak. Etorkizuneko eredua delako, inklusiboa, elkarbizitza demokratikoaren aldekoa.

Eta jakitun gara bizikidetza inklusiboa ukatzen duen sektoreak pisu handia duela Nafarroan. Baina hori horrela izanda ere, errealitatea da Nafarroako jendartearen gehiengoak, gehiengo politikoa eta sindikatu guztiak, bizikidetzan oinarritutako etorkizuna nahi duela, atzera begira egongo dena, baina giza eskubideetan eta bakean oinarrituta egongo dena. Hau da etorkizuna duen alternatiba bakarra; bestea iraganean ainguratua geratzea litzateke.